Iruñeko Adinekoen Udal Kontseiluak gaur goizean egin du lehen bilera, COVID-19aren pandemiak martxan jarritako murrizketa gehienak ezabatu ondoren. Horrek panorama sozial berri bat ekarri du, non hobetu ahal izan diren Udalak herritar horiei zuzendutako itunak eta programak. Partaidetza-organo horren bileran zerbitzu horien egoera berria aztertu da, eta hitza eman zaie hiriko adinekoen ordezkariei proposamenak eta iradokizunak plantea ditzaten.
Udal-organo honen bilera Kondestablearen Jauregian egin da, eta bertan Udalak adinekoei zuzenduta azken hilabeteotan egindako ekimenak aurkeztu zaizkie inplikatutako eragile guztiei. Adinekoen Itunen garapenaren berri eman da, Donibaneko Itunaren adibidearen bidez; Itun horrek hainbat urtetako ibilbidea du, eta orain, pandemiaren ondoren, jarduera eta zerbitzu guztiak berreskuratzen eta auzotarrei proposamen berriak aurkezten ari da. Halaber, jakitera eman da sareen aktibazioaren egoera; izan ere, sare horiek Iruñeko Udalak bultzatzen ditu Iturrama, Txantrea eta Etxabakoitz auzoetan, adibidez, adinekoekin adeitsuagoak diren inguruneak eskaini eta aukeratu ez den bakardade-egoerak eta zaurgarritasunekoak atzemateko.
Bileran, Udalaren Komunitate Ekintzako programen berri eman da, eta horien artean daude ‘Martxan’ (Sedenak garatua eta Idoia Urmenetak azaldua), ‘Aisia-ostegunak eta -ostiralak’ (Gurutze Gorriak garatua eta Virginia Markinak azaldua), ‘Beti norbaitekin’, ‘Zaintzen dutenak zainduz’ (Paumak garatua eta Mirentxu Araizek azaldua), Itxaropenaren Telefonoarekin elkarlanean egiten ari diren 65 urtetik gorakoendako lantegiak (Alfonso Echávarrik azaldu ditu) eta eten digitalari aurre egiteko eginen diren lantegiak. Ekimen horietako bakoitzari buruzko xehetasunak Iruñeko Udaleko webgunean adinekoei zuzendutako atalean aurkitu daitezke: www.pamplona.es/mayores
Gaur goizean egindako Adinekoen Udal Kontseiluaren bileran bere erregelamenduaren aldaketa hizpide izan dute; prozedura horretan, inplikatutako edozein entitatek parte har dezake. Kontseiluko lehendakariaz gain, saio horretara etorri dira Iruñeko adinekoen eta erretiratuen elkarteetako kideak, udal-teknikariak eta Udaleko Osoko Bilkuran ordezkaritza duten taldeen ordezkariak, baita jarduketa-esparrutzat adinekoak dituzten entitateak ere.
Adinekoen Udal Kontseilua adinekoen beharrei erantzuteko irtenbideen trukea, bateratzea eta gauzatzea sustatzea xede duen organoa da. Herritar hauen parte-hartze aktiboa ahalbidetu nahi da, hiriko gizarte-, politika- eta kultura-esparruetan, baita esparru horretan gizarte-boluntariotza piztu eta bultzatuko duten jarduketak eta neurriak sustatu ere.
Donibaneko Ituna, hiriko beste eremu eta auzo batzuetara zabaltzeko ekimena
‘Donibaneko Adinekoen Ituna’ 2018an sortu zen auzotarren eta elkarteen ekimena da, eta Iruñeko Udala ere horren parte da, Auzo Unitatearen, Udaltzaingoaren eta Komunitate Ekintzako Alorrarekin elkarlanean. Haren helburu nagusia da adinekoengan eraginen duten osasunari, partaidetzari eta segurtasunari buruzko proposamen bateratuak diseinatzea; izan ere, gaur egun, hirian zahartze-indizerik altuena duen auzoa da. Ekimen hori proiektu pilotua da, eta epe ertainean hiriko auzo eta eremu guztietara zabaldu nahi da.
Itunak adinekoen arreta bermatu nahi du osasun-, gizarte- eta komunitate-zerbitzuetan, baita adinekoen gaitasun funtzionala eta bizi-kalitatea hobetu ere. Jardueren eta programen bidez arriskuan dauden adinekoak atzemateko sistema eraginkorrak bultzatzen dira, haien bizi-kalitatea hobetu eta zaintzen inpaktua murrizten da. Ekimen hori abian jartzeari esker, honako helburu hauek lortu nahi dira: herritar horiei ekonomia- eta finantza-arloko aholkuak ematea; adinekoei tratu ona ematea bultzatzea eta abusuen inguruko gizarte-kontzientzia handitzea; ingurune garbiak eta osasungarriak, inklusiboak eta seguruak sortzea; zahartzea etxean bertan sustatzea; aisia-jardueretan eta ekitaldi orokorretan adinekoen parte-hartzea sustatzea eta adinekoen beharrei eta zahartzea eragiten duten faktoreei buruzko ikerketa piztea.