Iruñeko Udaleko Adinekoen Sareek jarduerak antolatu dituzte udan ere hiriko auzoetako adinekoen ongizatea sustatzeko. Adinekoen autonomia sustatu eta bakartze sozialari aurrea hartzeko xedez, 65 urtetik gorakoek doan parte hartzen ahalko dute eskaintzen diren ibilaldi osasungarri, topaketa sozial, jolas-jarduera, bisita eta lantegietan.
Programa abian da, eta ibilaldi osasungarriak egin dituzte dagoeneko: aurrez izena ematea nahitaezkoa da parte hartu ahal izateko. Iturraman mugikortasun urriko pertsonendako ibilaldiak egiten dituzte astelehenero, 10:00etatik aitzina, San Joan Bosco lokaletik abiatuta. Alde Zaharrean, berriz, ibilbide tematikoak egiten dituzte, Kondestable Civivoxetik abiatuta: astelehenero antolatzen dituzte, 10:00etan, Alde Zaharreko Adinekoen elkartearen, Gazteluen Lagunak elkartearen eta Plaza On udal-boluntarioen sarearen eskutik. Txantrean ere astelehenetan izaten dira ibilaldiak, 10:00etan, Salestarren Zentro Komunitariotik abiatuta.
Sareak beste ibilaldi bat antolatu du: maila ertainekoa izanen da, eta San Domingoko aldapako San FermIN! Espazioa bisitatuko dute. Abuztuaren 6an izanen da, asteazkenarekin, Medikuen Elkargoko ate nagusitik abiatuta: 10:00etan hasiko da, eta Alde Zaharreko, Zabalguneko eta Milagrosa-Arrosadiko Convive zentroek antolatu dute. Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da. Abuztuaren 14an, ostegunarekin, Nafarroako Artxibo Garaikidea bisitatzea proposatzen da, eta bi aukera daude: 11:15ean Gurutzeko plazan elkartu eta Artxibora joatea edo zuzenean Artxiboko atean bertan elkartzea, 11:55ean.
Lantegiak ere udako proposamenen parte dira. Handiak mugimenduan mugikortasun jasangarriari buruzko lantegiak esperientzia dibertigarria eskaini eta parte-hartzea sustatzen du: abuztuaren 27an izanen da, 11:00etan, Convive Leyre zentroan. Zentro horretan bertan Gogamen aktiboa udan lantegia eginen da abuztuko astearteetan (hilak 5, 12, 19 eta 26), 11:30etik 12.30era; plazak mugatuak dira, eta ondorioz, nahitaezkoa da izena ematea. Txantrean, berriz, Haizearen plazan, lerrokatze-dantzen lantegi kolaboratiboak eginen dira uztailaren 22tik abuztuaren 26ra bitarte, 10:30etik 11:30era; sarrera librea izanen da.
Sozializazioa sustatzeko xedez, Iturramako sareak auzoko adinekoak elkartzeko gune bat eskainiko du asteartero, uztailaren 22tik aitzina: 10:30etik 12:00etara izanen da, San Joan Bosco zentroan. Adinekoen topagune izatea da helburu nagusia, baina baita partekatzea, elkarreraginean aritzea eta jarduerak egitea ere, hala nola, oroimena suspertzeko jarduerak, erlaxazioa eta mahai-jokoak. Halaber, mugikortasun urriko pertsonendako gimnastika-saioak eginen dira zentro horretan bertan: abuztuko ostegunetan izanen dira, 10:30etik 11:30era, eta aurrez izena eman behar da. Txantreako Salestarren zentroa ere elkartzeko gune aproposa da: dantzaren bidez harremanetan jartzeko aukera eskainiko du iraileko asteazkenetan,10:30etik 11:30era, eta aurrez izena eman beharra dago.
ADINEKOEN SAREETAN IZENA EMATEKO BIDEAK
Iturrama
Helbide elektronikoa: redesdemayoresiturrama@pamplona.es
Telefonoa: 606 946 735, 09:00etatik 14:00etara, astearte, ostegun eta ostiraletan, eta 17:00etatik 19:00etara, ostegunetan.
Aurrez aurreko arreta astearteetan, goizez.
Milagrosa-Arrosadia / Alde Zaharra / Zabalgunea / Plaza ON
Milagrosa-Arrosadiko Convive zentroa: 606 946 735
Alde Zaharreko Convive zentroa: 610 124 987
Convive Leyre zentroa: Aurrez aurreko arreta Leire kaleko 17.enean
Plaza ON: plazaon@pamplona.es helbide elektronikoan eta 948 420 493 telefonoan
Txantrea
Helbide elektronikoa: redesdemayorestxantrea@pamplona.es
Telefonoa: 610 124 844, 09:00etatik 13:30etara, astearte, ostegun eta ostiraletan, eta 17:00etatik 19:00etara, asteazkenetan.