‘Adartxo berde hura’ erakusketa Ziudadelako Labea bisitatzeko gonbidapena da udako asteetan

‘Adartxo berde hura’ erakusketa Ziudadelako Labea bisitatzeko gonbidapena da udako asteetan
Erakusketa irailaren 7ra arte egonen da ikusgai: Vakero kolektiboak sortu du, eta zurarekin hartu-emanean egoteko modu desberdinak proposatzen ditu
Irudia
Irudia
Irudia

Adartxo berde hura erakusketa uztailaren 31tik irailaren 7ra bitarte egonen da ikusgai Ziudadelako Labean: hiriko zuhaitzekin lotutako erakusketa parte-hartzaile eta autonomoa da. Vakero kolektiboak sortu du erakusketa, eta honako hauek osatzen dute: Alba de la Portilla Castillo, Carlos Martínez Echeverría eta Oihane Mcguinness Armendáriz. Sortzaileek hainbat esperientziaz gozatzeko aukera ematen diete ikusleei, erakusketak proposatzen dituen ekintzetan murgildu ahala.

Erakusketa gaur goizeko (osteguna) prentsaurrekoan aurkeztu du Íñigo Gómez Eguíluz Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendariak, eta Vakero kolektiboko hiru artistak ere bertan izan dira. Adartxo berde hura erakusketak aktiboki parte hartzera gonbidatzen ditu bisitariak, aretoan bertan deskubritzen ahal diren proposamen batzuen bidez; hala, Labea beraien kabuz bisitatzeko aukera ematen du erakusketak, gidarien, artisten eta kultur bitartekarien laguntzarik gabe.

Erakusketak premisa hau du abiapuntu: Labea udako hilabeteetako beroa arintzeko gune bihurtzea. Horretarako, erakusketak aintzat hartzen ditu hirian eta Iruñerrian dauden babesleku klimatiko nagusiak, gehienak zuhaitzen eta landareen inguruan sortuak; hauek dira babeslekuetako batzuk: Ziudadela, Yamaguchi parkea, Taconera, Media Luna parkea, Arantzadiko parkea, Argaren pasealekua, Ezkaba mendia, etab. Hain zuzen ere, Ezkaba mendiak harreman berezia du Labearekin, aretoko zorua Ezkabako galtzada-harriekin eraiki baitzen. 

Zuhaitzak dira proiektuaren ardatz nagusiak, eta zura, erakusketaren funtsezko elementua. Zura naturala, epela eta sentikorra da, baita erresistentzia handikoa ere, eta Labearen barruan bi eraikuntza moten arabera egituratzen da. Lehenengoa aretoaren erdian dago, eta Ziudadelako lorategietako zuhaitz-enbor baten silueta hautematen ahal da bertan. Egitura atsedengune bat izan daiteke, baina baita jolasteko edo jarduerak egiteko gune bat ere. 

Bankuaz gain, zurezko beste egitura-babesleku bereizi eta exentu batzuk ere bizikide dira aretoan, eta zur kontratxapatua oinarri hartuta sortu dituzte. Egitura bakoitzak parte-hartze aktiboko esperientzia bat iradokitzen du, eta bisitariak engaiatzen ditu, horretarako beharrezkoak diren argibide eta material guztiak bisitarien eskura jarrita.

Hala, askotariko proposamenak daude: frottage teknika erabilita inprimaketak sortzea; inausketako eta lorezaintzako hondakinekin eraikuntza iragankorrak sortzea, Miluzeko udal-mintegiko egur zati txikiak eta adarrak erabilita, eta Nafarroako monumentu naturalak diren zuhaitzen idatzizko eta ikusizko erreferentziak kontsultatzea.

Proposamenaren osagarri gisa, beste elementu hauek daude: kupularantz orientatutako proiekzio bat eta jardueretarako jarraibideak dituzten kartelak. Horrek guztiak aukera ematen du bisitariek esperientzia desberdinak eraiki ditzaten, jolasak, esperimentazioa, elkarreragina eta sorkuntza sustatuta. 

Vakero kolektiboa
Alba de la Portilla Castillo (Iruña, 1999) Artean graduatua da EHUn, eta Uharte Zentroko Praktika artistikoen eta kultura-ikasketen masterra du. Banakako erakusketetan eta erakusketa kolektiboetan parte hartu du, besteak beste, Uharte Zentroan, Baluarten eta Bilboko eta Valentziako beste gune batzuetan.

Carlos Martínez Echeverría (Murchante, 1997) Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean (NUP), eta EHUko Ekonomia sozial eta solidarioaren masterra du.

Oihane McGuinness Armendáriz (Iruña, 1994) Artean graduatua da EHUn, EHUko Ikerketa eta Sorkuntza masterra, eta Uharte Zentroko Praktika artistikoen eta kultura-ikasketen masterra du. Banakako erakusketetan eta erakusketa kolektiboetan parte hartu du, besteak beste, Uharte Zentroan, Uholdeak programan eta Ziudadelan.
 

ADARTXO BERDE HURA ERAKUSKETA. ZIUDADELAKO LABEAN

  • Zentzumenendako erakusketa parte-hartzailea eta autonomoa

    • Uztailak 31 – Irailak 7

    • Vakero kolektiboa: Alba de la Portilla Castillo, Carlos Martínez Echeverría eta Oihane Mcguinness Armendáriz.

    • Erakusketa bisitatzeko ordutegia honako hau da: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era; igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.

¿Te ha sido útil esta página?