Abuztuaren eta azaroaren artean, Iruñeko Udalak Ziudadelako 6.000 m2 hormataletan esku hartu du eta Armada etorbideko sarrera-atea zaharberritu du

Abuztuaren eta azaroaren artean, Iruñeko Udalak Ziudadelako 6.000 m2 hormataletan esku hartu du eta Armada etorbideko sarrera-atea zaharberritu du
Harresiak eta zubiak mantentzeko kontratuaren barruan, orain Errege Bastioiaren aurrean horma-gaina ari dira jartzen murruko 170 metrotan

 

Iruindarrak ohituta daude urtean zehar aldamio eta plataforma jasotzaile handiak ikustera Ziudadelan eta harresietan; izan ere, 5 kilometroko luzera duten hiriko gotorlekuek etengabeko mantentze-lanak eskatzen dituzte, eta 2014tik enpresa espezializatuek egiten dituzte, Iruñeko Udalaren zuzendaritzapean. Hiriko perimetro gotortua, Monumentu Nazional izendatua, ondare- eta erakarpen-elementua izan dadin, etengabe garbitu behar da, landaretza kendu behar da harrien arteko junturak hondatzen dituelako eta ura harlanduetan sartzea ahalbidetzen duelako, eta ura, izozten denean, horiek hausten dituelako, eta, batzuetan, materialak berritu behar dira. Hilabete honetan, adibidez, Errege bastioiko kontraeskarpakoak (Autobus-geltoki inguruko lubanarroak).

Une honetan, esaterako, espazio horretan hormaren gailurreko harrien azalen 170 metro berritzen ari dira, 50 metroko luzera eta sei metroko altuera duen aldamio baten laguntzarekin. Landaretzak kaltetutako elementuak jartzen dira, askotan aldez aurretik hargintzako lantegi batean landutakoak. Aurreko hilabeteetan Ziudadela izan da ahalegin horien xede: hormatalak, bastioiak, ilargi-erdiak, kasamatak, poternak, kaperaren aurrealdea, tunelak eta harresi-barrutira sartzeko Armada etorbideko sarreraren zaharberritzea.

Abuztuaren eta azaroaren artean, ingurune horretako ia 6.000 m2 garbitu dira, eta harlanduen 120 m2-ren junturak konpondu dira, horiek finko eta egoera onean mantentze aldera. San Bartolome gotorlekuan ere esku hartu da, XVIII. mendean gehitutako gotorleku aurreratuan, Iruñeko Gotorlekuen Interpretazio Zentroa berriz irekitzeari begira.

Mantentze-lanetarako kontratu berezi honek harresiez gain, Erdi Aroko zubiak ere barne hartzen ditu. Urrian, esku-hartze espezializatuak Arrotxapea izan du ardatz: Santa Engraziako zubi gotikoa, hain zuzen (XIII. mendea baino lehenagokoa). Bertan paramentu bertikalak eta galtzada garbitu dira, eta horrez gain, oinarri dituen zubi-branketan esku hartu da eta zubi-bularrak zaharberritu dira, zeinek ur-goraldietan uraren bultzada minimizatzen duten egitura gisa funtzionatzen baitute.

Urtero Udalak 150.000 euro bideratzen ditu lan horietara. 2019an, ohiko garbiketa eta konponketez gain, beste esku-hartze batzuen artean, Eraikin Singularreko lubanarroetan jardun zen, Barbazan pasealekuko petrila altxatu zen, Santa Maria La Real plazako eskaileren inguruan, eta tamaina handiko bi habe ere ordeztu ziren Ziudadelako Arma Aretoan.

¿Te ha sido útil esta página?