Abuztuaren 30era arte San Bartolome gotorlekua haurrendako euskarazko bost jardueren ardatza izanen da

Abuztuaren 30era arte San Bartolome gotorlekua haurrendako euskarazko bost jardueren ardatza izanen da
Bi pista-jolas, bi lantegi eta Iruñeko Gotorlekuen Interpretazio Zentrora bisita bat dira
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
visita camino santiago

 

San Bartolome gotorlekuan / Iruñeko Gotorlekuen Interpretazio Zentroan hasiko dira, datozen bi asteetan, haurrendako euskarazko bost jarduera, Udalaren udako programazioaren barruan. Abuztuaren 23an eta 30ean bi lantegi proposatzen dira, biak 18:00etan. Lehenengo kasuan pintura-lantegi bat eginen da, non 5 eta 9 urte bitarteko haurrek ‘Iruña eta bere historia’ kontzeptua modu grafikoan irudikatu beharko baitute, kartoi meheak, irudi-orriak eta koloretako margoak erabiliz (35 leku). Bigarren kasuan, buztina, zura, puxtarriak eta sokak erabilita, mihiseak, atariak edo bastioiak modelatzea proposatzen da, "Eraiki zure harresia" izeneko jarduera batean. Aldez aurretik, haurrek saio txiki bat jasoko dute, gotorlekuetako txokoen argazki eta bideoekin, eta azalduko diete garai modernoan harresiak nola eraikitzen ziren. Bi jarduerak doan dira, eta lantegi bakoitzak 35 leku ditu.

Horrez gain, bi pista-jolas proposatzen dira. Lehenengoa, ostegunean izanen da, hilak 25, 12:00etan, eta Donejakue bideari buruzko ‘Ez baitago biderik, ibiltari hori...’ bisita izanen da. 7 eta 14 urte bitarteko haurrei zuzendua dago; gotorlekuaren kanpoaldean eginen da, eta haurrek hiritik igarotzen den Donejakue bideari buruz zerbait gehiago ikasiko dute. Bigarren jolasean –’Dorrea aurkitu’’– parte hartzen dutenek gotorlekuaren barruan defentsagune horren maketa aurkitu beharko dute, garaiko soldadu batek haurrei emanen dizkien pistei esker.

Abuztuaren 27rako proposamena Iruñeko Gotorlekuen Interpretazio Zentrora bisita da, txikienen ikuspegitik. Langile espezializatuen eskutik, 4 kasernetan barna ibiliko dira. Bertan biltzen da hiriko harresiei, inguru horretan lan egiten zuten pertsonaiei, armamentuari eta gotorleku moderno baten setio moduei buruzko informazioa, baita Iruñean txertatutako poliortzetikaren aurrerapenen papera ere, gero mundu osoko beste gotorleku batzuetan islatu zirenak. Bisitek ordubete iraunen dute, gutxi gorabehera. Oroigarri gisa, parte-hartzaileek zentroaren barruan dagoen photocallean egindako argazki bat eramaten ahalko dute.

Dagoeneko bete dira Donejakue bideari buruzko tamaina handiko Antzara-jokoan aldez aurretik eratutako taldeetan parte hartzeko leku guztiak; jokoa ferra-itxurako patioan dago, Interpretazio Zentroaren sarreran. Hala ere, taulak, irudiak eta dadoak libreki erabil daitezke, eta, beraz, nahi duen edozein adingabek edo familiak goiza eman dezake jolasten gaur egun ezagutzen dugun Donejakue bidearen konfigurazioan Tenplarioek izan zuten eginkizunari buruzko joko lehiakor honetan.

Kasu guztietan, izena eman behar da https://ayuntamientopamplona.sacatuentrada.es/ webgunearen bidez, edo lekua erreserbatu Turismo Bulegoko makina automatikoan. Lantegiak doakoak dira, eta pista-jolasek eta bisita gidatuak 3 euroko kostua dute, leku bakoitzeko (2,5 euro PIC/Pamplona Iruña Card txartelarekin). Parte hartzen duten haurrek heldu batek lagunduta egon beharko dute; heldu horrek ez du jarduera ordainduko. Bisita doan izanen da 12 urtetik beherakoendako.

Urriaren 12ra arte gotorlekua libreki bisitatzen ahalko da, Iruñeko harresiak eta bertako elementuak ezagutu eta testuinguruan kokatzeko eta hiriak mendeetan zehar izan duen garrantzi estrategikoa balioesteko beharrezko informazioa eskainiz. Ordutegia, abuztuaren 31 arte: astelehenetik igandera, 11:00etatik 14:00etara.


JARDUERAK
Abuztuak 23, asteartea
•    Pintura-lantegia: ‘Iruña eta bere historia’
•    18.00
Abuztuak 25, osteguna
•    Bisita Donejakue bidera, haurrendako: ‘Ez baitago biderik, ibiltari hori...’
•    12.00
Abuztuak 26, ostirala
•    Pisten jolasa, haurrendako: ‘Dorrea aurkitu’
•    18.30
Abuztuak 27, larunbata
•    Harresia eta haurrak: ‘Bisita gidatua San Bartolome gotorlekura’
•    12.00. 
Abuztuak 30, asteartea
•    Buztin-lantegia: ‘Zure harresia eraiki’
•    18.00

*Antzara-jokoarendako sarrerak agortuta daude. Hala ere, libreki jolas daiteke San Bartolome gotorlekuko patioan.