Abuztuaren 28an amaituko da epea Iruñeko Zapia sarirako hautagaitzak aurkezteko. Horiek alkateak, Udalbatzako kideen heren batek, 10 erakundek zein 500 eskatzaile partikularrek aurkez ditzakete, ezin izanen da horien berri eman jendaurrean, eta abuztuaren 31rako aurreikusitako Bozeramaileen Batzordean ezagutaraziko dira. Bertan erabakiko da zein hautagaitza eramanen den Batasunaren Pribilegioaren aurreko Osoko Bilkurara, onetsia izan dadin.
Eskabideak udal-erregistroen bidez aurkeztu behar dira. Eskabidearekin batera motibazio-idatzi bat aurkeztu beharko da, zeinean adieraziko baitira hautagaitza hori aurkezteko zioak. Sariak bi osagai izanen ditu: zapi gorria, zeinak mutur batean hiriaren armarria izanen baitu, brodaturik, eta eskultura bat, Burguen Batasunaren alegoriarena, Mikel Okiñena artista nafarrak diseinatua. Urtero ematen da, Batasunaren Pribilegioaren ospakizun-egunean, irailaren 8an.
Iruñeko Udalaren Protokolo, Zeremonial, Ohore eta Sariei buruzko Erregelamenduan jasotzen denaren arabera, “Iruñeko Zapia ohorezko sariak xedetzat dauka pertsonak –fisikoak zein juridikoak– eta erakundeak saritzea, baldin eta haien eguneroko zereginetan edo jardunbide profesionalean modu aktibo eta agerikoan aritu badira Iruñearen ezaugarriak –haren historia eta kultura– zabaltzen eta finkatzen, edo gailendu badira aparteko ekarpen bat egin dutelako arteen edo zientzien esparruan”.