Abuztuaren 19an behin betiko itxiko dute Nafarroako Unibertsitateko campuseko errepidea, Ezkirotz kaleko biribilguneen eta Fuente del Hierro kaleko luzapenaren artean

Abuztuaren 19an behin betiko itxiko dute Nafarroako Unibertsitateko campuseko errepidea, Ezkirotz kaleko biribilguneen eta Fuente del Hierro kaleko luzapenaren artean
Arrazoi hauengatik itxiko dute errepidea: istripuek gora egin dutelako, gertatutako istripuak oso larriak izan direlako eta izaten duen trafiko-bolumena jasateko prestatuta ez dagoelako



Abuztuaren 19an behin betiko itxiko dute Nafarroako Unibertsitateko campusa zeharkatzen duen errepidea, Ezkirotz kaleko biribilguneen eta Fuente del Hierro kaleko luzapenaren artean. Inguru horretan istripuek gora egin dutenez eta istripu horiek oso larriak izan direnez, errepidea ixtea erabaki da; horrekin batera, errepide horretatik Nafarroako Unibertsitateko aparkalekuetara sartzeko bideak itxiko dituzte.

New jersey erako elementuak erabili eta beharrezko seinaleak jarriko dituzte errepidea ixteko. Berariaz baimendutako ibilgailuek, larrialdietakoek eta zerbitzuetakoek kasurako, baino ezin izanen dute zirkulatu, betiere norabide jakin batzuetan. Inguru horretako trafikoak gora egin du, eta arrazoi horrengatik hartu dute neurri hori; izan ere, azken hamar urteotan egun bakoitzeko 1.814 ibilgailu gehiagok zirkulatu dute errepidean, batez beste 9 ibilgailu minutu bakoitzeko eta 5.000 ibilgailu egun bakoitzeko. 2020 eta 2025 bitartean 135 istripu erregistratu dira, eta horietatik 54 bidea oso estua izateagatik gertatu direla esan daiteke.

Ixtearen ondorioz, ezin izanen da unibertsitateko errepidean barna zirkulatu, hau da, Azpilagañatik Aróstegi etorbideraino doan errepide-tartea ez da erabilgarri egonen. Hori dela eta, Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorrak beste bide hauek erabiltzea proposatzen du: hiriarteko zirkulazioari dagokionez, A-15 autobia eta Mendebaldeko ingurabidea, eta hiriko zirkulazioari dagokionez, Nafarroa etorbidea. Bide horiek ibilgailuen trafikoa jasateko beharrezko baldintzak betetzen dituzte.

Zirkulazio mugatua
Campusa zeharkatzen duen errepidea, Fuente del Hierro kaleko biribilgunearen eta Ezkirotz kaleko biribilgunearen artean, Sadar ibaiarekiko paraleloa, Sarbide Kontrolatuko Eremu (SKE) izanen da hemendik aurrera, eta Udalaren jabetzako errepide horretan baimendutako ibilgailu eta erabiltzaileek baino ezin izanen dute zirkulatu, hau da, larrialdietako eta zerbitzuetako ibilgailuek, hornitzaileek eta mugikortasun urriko pertsonek. Sarbideak Iruñeko Udalak zaintzen ditu, berriki instalatutako segurtasun-kameren bidez. 

Campuseko errepideko tartea itxi arren, zirkulaziorako irekita jarraituko du Azpilagañako ingurabideko biribilgunetik kiroldegiko biribilgunera doan tarteak, baina noranzko bakarra izanen du norabide horretan. Iruñeko Alde Zaharrera joateko, Ezkirotz kalea erabili beharko da. Beste muturrean, Aróstegi kaletik campusera sartzeko aukera dago, baina ezkerrerantz biratu behar da kale horrek Fuente del Hierro kaleko luzapenarekin bat egiten duen tokian.

Irisgarritasuna errazteko xedez, campusean bizikleta elektrikoak alokatzeko udal zerbitzuko lau gune daude, baita campusean barna banatuta dauden bizikleten 13 aparkaleku eta Iruñerriko hiri-garraioko lau geraleku ere.

 

ISTRIPUEN DATUAK

URTEAK

ISTRIPUAK

Bidea estua izateagatik gertatutako istripuak

2020

19

7

2021

17

6

2022

27

8

2023

28

8

2024

38

19

2025

6

6

 

135

54

¿Te ha sido útil esta página?