Abstraktu erakusketa arte abstraktuaren bilakaeran barnako ibilbidea da, Udalaren Arte Garaikidearen Bilduman hautatutako 84 artelanen bidez

Abstraktu erakusketa arte abstraktuaren bilakaeran barnako ibilbidea da, Udalaren Arte Garaikidearen Bilduman hautatutako 84 artelanen bidez
Erakusketa Arma Aretoan izango da ikusgai asteartetik, apirilak 16, ekainaren 30a arte, igandearekin

Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bildumaren laurogeita lau obrak osatzen dute Abstraktu erakusketa, bihar, asteartean, Ziudadelako Arma Aretoan irekiko dena. Artean, 70eko hamarkadaren erdialdetik gaurdaino abstrakzioan izan den bilakaeran barnako ibilbidea da erakusketa, arte-diziplina ezberdinen bidez eta tokiko, nazioko eta nazioarteko egileekin. Abstraktu ekainaren 30a arte bisitatu ahalko da, eta parte hartzeko jarduera-programa irekiaz osatuko da.

Maider Beloki Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak eta Javier Manzanos Iruñeko Udaleko Arte Plastikoetako teknikari eta erakusketaren komisarioak aurkeztu dute erakusketa, hainbat egileren artelan –arte-hizkuntza abstraktuak ardatz Udalaren Arte Garaikidearen Bilduman hautatuak– ikusgai jarriko dituena. Erakusketak abstrakzioaren aldeko aldarrikapena dakar, artearen beste hizkuntza bat izaki; batez ere ikusleen aldetik artistikoki pairatu duen ulertezintasun edo onespenik ezaren oztopoak hautsi nahian. Ikusgai dauden lanen arte-hizkuntzak abstraktuaren garrantzia azaltzen du, esanezinarena, adierazezinarena, ulertezinarena... Azken batean, artelan bakoitzaren kolore, irudi eta ehunduretan barna ikusleak bere burua sentimendu eta sentsazioekin batera eroaten uztea da erakusketaren proposamena. 

Artelan bakoitza egile ezberdin batek sortu du; hortaz, erakusketak 84 ikuskera jasotzen ditu abstrakzio eta abstraktuaren eta horiek azken mendean izandako bilakaeraren inguruan. Zerbaitegatik erakusketan artelan bat duen egile zaharrena 1922an jaioa da eta gazteena 1986an. Artearen sei hamarkada, Arma Aretoko 1. eta 2. solairuetan, tokiko, nazioko zein nazioarteko egileak bilduta. Tokiko 22 egileen artean izen hauek daude: Javier Balda, Gonzalo Nicuesa, Alberto José Orella, Koldo Sebastián eta Mariano Royo. Nazioarteko egileen artean, aldiz, hauek: Antoni Tàpies, José Manuel Broto, Txomin Badiola eta José Luis Zumeta. Halaber, erakusketan nazioarteko artista hauek ere badaude: Roland Fisher, Mark Francis, Eduardo Stupía eta Peter Zimmermann.

Joera abstraktuetan barnako ibilbideak
Erakusketa multzokatu da aretoan ikusleendako ibilbideak sortuz, non artearen historian zehar izan diren joera abstraktu ezberdinak ikus baitaitezke. Abstraktu erakusketako, eta hortaz Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bildumako, artelanak hainbat korronteren erakusle dira, hala nola: abstrakzio ez-formalista, espresionismo abstraktua, abstrakzio lirikoa, abstrakzio geometrikoa eta horien loturak neoplastizismo, konstruktibismo edo arte zehatzarekin, baita ere arte zinetikoranz, op art-eranz (arte optikorantz) egindako eratorpenak edo abstrakzioaren egungo eratorpenak. 

Ikusgai dauden artelan gehienak teknika ezberdinak erabiltzen dituzten lan piktorikoak dira. Halaber, hamabi eskultura-lan, lau argazki eta pieza bideografiko bat. Artelan bakoitzean dauden argibideetan Udalaren Arte Garaikidearen Bildumara nola iritsi zen ere jasotzen da, hots, egilearengandik eskuratu zen, azoka batean, lagapena edo dohaintza den, Artista Gazteen lehiaketari edo Arteko Bienalari dagozkion... 

Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bildumak 400 artistak baino gehiagok egindako 500dik gora lan  dauzka egun, arte-diziplina anitzekoak, marrazki eta margoetatik, bideo-sorkuntza edo instalazioraino, baita ere argazkiak eta eskulturak. Arte-funts hori XX. mendeko azken herenetik gaur egun arteko eta nazioko zein nazioarteko egileen proposamen plastikoak jasoz joan den ekimena da. Aldian-aldian, Udalak ondare artistikoaren balioa erakusteko, gordetzeko eta zabaltzeko ekintzak garatzen ditu, erakusketak, trukeak, berriztapenak eta argitalpenak eginez, artelanak jasotzen eta ezagutzera ematen dituztela.

Jende orori zuzendutako jarduera-programa
Erakusketak jende orori zuzendutako jarduera-programa osagarria ere badauka, Arma Aretoan antolatzen diren Hiriarteako erakusketa etengabeetan ohikoa denez. Programa hitzaldiez, lantegiez, ikasle-bisitez, artistekiko topaketez eta abarrez osatuta dago, abstrakzioa eta abstraktua aurkitu eta bertan murgiltzea helburu. Jarduerak doan dira eta, Kulturako Alorraren bidez adostu behar diren ikasle-bisitetarako izan ezik, ez da beharrezkoa izena ematea.

Erakusketara bi bisita esperimental aurreikusi dira, eta bertan artista, pentsalari eta komisarioei arte-praktika garaikideen inguruan hausnartzeko gonbita egingo zaie. Maiatzaren 23an, 19:00etan, bisita esperimental bat egingo da Ghislaine Veranorekin, dantzaren bidez; ekainaren 6an, 19:00etan ere, Zuzuzu Kolektiboak proposatuko du bisita bat zuzeneko musikaz eta margoketaz. Hiriartea jende orori irekita dago, eta horregatik bizipen-lantegiak antolatu dira, Inora ez doan bidaia izenburupean, familiei eta 0 eta 3 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Parte-hartzaileek kulturan dauden arte-praktiken inguruan hausnarketa txikitatik egin dezaten nahi da, eta artea praktikan aurki dezaten. 

Bitartekaritza-jarduerak direlakoei dagokienez, ikasle-bisitak programatu dira, La Chincheta Bruna kolektiboak bideratuko dituenak, behin cultura@pamplona.es helbide elektronikoan hitzordua adostuta. Halaber, familiarteko lantegiak izango dira arte eta abstrakzioaren inguruan, maiatzaren eta ekainaren igandeetan, 11:30etik 13:30era. Azkenik, artistekiko topaketak antolatu dira, igandeetan ere, ikusgai dauden artelanak zein haien sormen-bizipenak eta arte abstraktuarekiko elkarbizitza hizpide.  

Irudia