Abiatu da ikasturtea Udalaren Lantegi Eskoletan: 16tik 30 urtera bitarteko 102 gaztek ordaindutako prestakuntza-esperientziari ekin diote hainbat lanbidetan

Abiatu da ikasturtea Udalaren Lantegi Eskoletan: 16tik 30 urtera bitarteko 102 gaztek ordaindutako prestakuntza-esperientziari ekin diote hainbat lanbidetan
Gaur goizean, Joseba Asirón Iruñeko alkatea eta Miriam Martón Nafar Lansareko zuzendari-kudeatzailea izan dira buru ongietorri-ekitaldian
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalaren sei lantegi-eskolek ikasturteari hasiera eman diote. 16 eta 29 urte bitarteko 102 gaztek (% 23,5 emakumeak) 20 hilabete emanen dituzte honako hauek ikasten: harria lantzen, igeltserotza-lanak egiten eta igeltsu-trenkadak jartzen, sukaldeko altzariak muntatzen eta instalatzen, soldadurak egiten, mendien kudeaketan edo lorategiak konpontzen, betiere jasangarritasunaren eta energia-eraginkortasunaren ikuspegitik. Lehen egunetik ordainduko zaien prestakuntza amaitzen dutenean, maila-ziurtagiriak eskuratuko dituzte kualifikazio hori egiaztatzeko, eta gaitasun digitaletan edo genero-berdintasunaren arloan trebatuta egoteaz gain, lan-merkatuan sartzeko prest egonen dira.

Gaur goizean, Baluarte Biltzar Jauregi eta Auditoriumean, Joseba Asiron Iruñeko alkateak, Miriam Martón Nafar Lansareko zuzendari-gerenteak, Txema Mauleón Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak, Udalbatzako kideek eta Natxo Barberena Udaleko Lantegi Eskolen ordezkariak ongietorria egin diete ikasleei, eskoletako zuzendariak eta irakasleak bertan zirela. Ekitaldian, gainera, Zuriñe Gastón Pérez Soldadura Eskolako aurreko edizioko ikasleak parte hartu du. Prestakuntza ekimen horiek Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituzte, Nafar Lansareren bitartez. Azken entitate horrek 3,6 milioi euroko ekarpena egin dio programari.

Ikasleen prestakuntza teoriko-praktikoa Landabengo (4 eskola) eta Aranzadiko (1) udal-ikastetxeetan eta Maiteminduen pasealekuko udal-instalazioetan (1) gauzatzen da. 2024-2025eko edizioan honako hauek dira eskolak: Eraikuntzako igeltserotza, Hargintza eta Biltegiaren kudeaketa, Zur-arotzeria eta Eraikinen mantentze-lanak eta igeltsu ijeztuzko plaka-sistemen muntaketa, Basogintza eta Lorezaintza, eta Soldadura. 2025eko urrian, ikasleek 700 eta 792 prestakuntza-ordu artean izanen dituzte eginak, espezialitatearen arabera, eta hiria hobetzen laguntzeko praktikak eginak izanen dituzte, ‘Gizarte Ekintzako’ aldiari esker.

Edizio honetan 400 gazte baino gehiago aurkeztu dira hautapen-prozesura. 17na ikaspostu daude sei espezialitateetako bakoitzean, eta, batez beste, 69 eskaera egin dituzte prestakuntza bakoitzerako, lau eskaera ikaspostu bakoitzeko. Aurreko edizioan, ikasleen % 70 lan-merkatuan sartu zen, eta ohikoa da horietako batzuek ikasketak egitera itzultzea.

Emakume gazteak: % 13,7 izatetik % 23,5 izatera
Eskolen edizio honetan, batez besteko adina 20,9 urtekoa da, baina parte-hartzaileen % 17,6 (18) adingabeak dira. Jatorriari dagokionez, ikasleen % 63,3 Iruñean bizi da (65 pertsona), eta eskola guztiak kontuan hartuta, 16 pertsonak (% 15,6) bizileku-txartela dute, hau da, beste herrialde batzuetatik etorritakoak dira.

Emakumeek prestakuntza mota horietan parte-hartzeko joera gorantz doa pixkanaka. Edizio honetan, Udalak ahalegin berezia egin du emakume gazteak erakartzeko, eta horrek emaitza izan du. Lantegi-eskoletarako hautapen-prozesuaren ondoren, 24 emakumek eman dute izena, hau da, guztien % 23,5ek; aurreko bi edizioetan, berriz, % 13,7 eta % 11 izan ziren izena eman zutenak. 7 emakume daude soldaduran, 6 arotzerian, 5 lorezaintzan, 3 hargintzan, 2 igeltserotzan eta bat eraikinen mantentze-lanetan.

Batera finantzatutako prestakuntza- eta gizarteratze-baliabideak
Iruñeko Udalaren lehenengo lantegi-eskolak 1986koak dira. Gaur egun, 2.000 pertsona inguruk jaso dute enplegurako prestakuntza Iruñean, Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan egiten diren programa horien bidez. 

Lantegi-eskolak prestakuntza- eta gizarteratze-baliabide ordainduak dira. Hasieran orientatzeko eta prestakuntza hasteko bi hilabeteko etapa bat dago, bertaratze-egun bakoitzeko 9 euroko bekarekin ordaintzen dena, eta une horretatik aurrera, txandakako prestakuntza-kontratu ordaindu baten bidez konpentsatzen da: 819 euro gordin hilean lehen urtean, eta 945 euro gordin hilean bigarren urtean (kontratu-urte bakoitzeko aparteko bi ordainsarien zati proportzionala barne). Bigarren etapa tutoretzapeko gizarte-ekintzakoa izaten da.

Bukatzean, ikasleek 1. edo 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak jasotzen dituzte, eta beste ziurtagiri osagarri batzuk, espezialitatearen arabera (orgak gidatzeko baimena, laneko arriskuen prebentziokoa, genero berdintasunekoa, gaitasun digitalekoa, etab.). Eskolen edukia merkatuak eskatzen dituen behar profesionaletara egokitzen da edizio bakoitzean, izan ere, edizioz edizio eskaria mantentzeak horretarako babesa ematen du.

Tutoretzapeko gizarte-ekintza
Era berean, ordainean, garrantzi ezberdinetako lanak eta instalazioak egiten zaizkio hiriari; eta horrek, askotan, % 70etik gorako aurrezkia dakar –kanpoko enpresen bidez egin balira, hiriak izanen zukeen kostuaren aldean–. Eskoletako ‘Gizarte Ekintza’ esaten zaio horri, eta begirale espezialisten begiradapean egiten da.

Aurreko edizioko eskola guztietako ikasleek haien praktiketan egin dituzten lanen artean, honako hauek azpimarra daitezke: lorategi-eremuak mantentzea, Ziudadelako harresiak garbitzea eta zoruak jartzea, San Pedro Multzoko sei etxebizitza birgaitzea, Iruñeko Udalerako bulego-altzariak fabrikatzea, eta arkupeak, plataforma goratuak eta jendeari arreta egiteko erakusmahaiak egitea, zuhaitzak landatzea eta sortu berri diren basoetako zuhaitz-aleak mantentzea, hala nola CO2 hustubideak edo Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretorako kristalezko lanparen erreplikak.



IRUÑEKO LANTEGI ESKOLETAKO PRESTAKUNTZA-IKASTAROAK

  • 16 eta 29 urte bitarteko gazteendako
  • Ikaspostuak: 17
  • Iraupena: 2025eko urriaren 31ra arte (20 hilabete)


LANDABEN PRESTAKUNTZA ZENTROA

  • Hargintza eta Biltegiaren kudeaketa
    Landabengo industrialdea, A kalea zk.g.
    Prestakuntza orduak: 792
    1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria
  • Zur-arotzeria
    Landabengo industrialdea, A kalea zk.g. 
    Prestakuntza orduak: 792
    1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria
  • Eraikuntzako igeltserotza
    Landabengo industrialdea, A kalea zk.g.
    Prestakuntza orduak: 792
    1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria
  • Eraikinetako mantentze-lanak eta igeltsu ijeztuko plaka-sistemen muntaketa
    Landabengo industrialdea, A kalea zk.g.
    Prestakuntza orduak: 792
    1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria


MAITEMINDUEN PASEALEKUA

  • Soldadura
    Maiteminduen pasealekua 37
    Prestakuntza orduak: 735
    2. mailako profesionaltasun-ziurtagiria


ARANTZADI PRESTAKUNTZA ZENTROA

  • Basogintza eta Lorezaintza
    Arantzadiko ingurunea zk.g.
    Prestakuntza orduak: 700
    1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria
¿Te ha sido útil esta página?