Iruñeko Udala onlineko sistema telematiko berri bat ezartzen hasi da langileak aldi baterako kontratatzeko deiak egiteko, zeinak telefono-deietan oinarrituta dagoen gaur egungo sistema ordeztuko baitu. Horrela, arinago egitea eta lanpostuak azkarrago betetzea lortu nahi da.
Administrazio-araubideko kontratazio-zerrendetan dauden pertsona guztiek SMS bat jaso dute haien helbide elektronikoak erregistratzeko. Sistema berriarekin plataforma bat sortuko da, eta haren bidez jakinaraziko zaie kontratazioaren xede den zerrendan dauden pertsonei eskaintzak argitaratu direla, eman duten helbide elektronikoaren bidez. Eskaintzarik ez dagoen bitartean, izangaiak ez du inongo kudeaketarik egin behar. Ez da ziurtagiri digitalik behar, eta mugikorretik, ordenagailutik eta tabletetik sar daiteke.
Sistema berriari buruzko informazio osoa udal-webgunean kontsulta daiteke, ‘Izapideak eta lizitazioak’ atalaren barruan ‘Lan-eskaintzak’ estekan.
Deietan lanpostuak esleitzeko ordena, orain arte bezala
Jakinarazpena pertsona-multzoka igorriko da, harik eta lanpostua bete edo zerrenda agortzen den arte. Onlineko eskaintzak honako datu hauek jasoko ditu: aurreikusitako iraupena, kontratu mota, plaza-zenbakia, lanpostuaren kokapena eta erabakia hartzeko behar den guztia. Sistema objektiboagoa da eta gutxiago eraginen dute interpretazioek edo komunikazio-akatsek.
Oro har, kontratazioa eginen zaio izena emandako pertsonen artean, zerrendan aktibatuta dagoen eta baldintzak betetzen dituen lehenengo pertsonari. Lanpostuak ez dira inoiz erantzun-ordenaren arabera esleituko, aitzitik, orain arte bezala izaten jarraituko dute, zerrendetan dauden izangaien hurrenkeran.
Lanpostuak aldi baterako betetzeko komunikazioak goizean eginen dira, 15:00ak baino lehen, eta posta elektroniko bidez jakinaraziko dira. Aurreikuspenen arabera, lanpostua 6 hilabete baino gutxiagoz bete behar bada, eskaintzak biharamuneko 09:00ak arte egonen dira argitaratuta plataforman. Lanpostua denbora gehiagoz bete behar bada, bigarren egun balioduneko 09:00ak arte egonen dira argitaratuta.
Zerrenden lehentasun-ordena eta indarrean egotea
Iruñeko Udalak eta haren erakunde autonomoek ezarritako zerrenden arteko lehentasun ordenaren arabera, lehenengoa prestakuntzako eta hobekuntzako barne-deialdiak gainditu dituzten udal-langileen zerrenda da. Bigarrenik proba gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrenda, eta ondoren, gainditu ez baina probak gainditu dituztenen zerrenda. Azkenik Nafar Lansarek egindako proben bidez eratutako izangai-zerrendak daude.
Zerrenda horien indarraldia, oro har, 5 urtekoa da, hala ere, Nafar Lansareren zerrendena 3 urtekoa da eta prestakuntzako eta hobekuntzako barne-deialdiak indarrean daude izangai guztiek ezarritako epea amaitu arte.