Duela 4 hilabete erre zen Iratxeko Monasterioaren 2. zenbakian dagoen Iruñeko Udaltzaingoaren eraikineko estalkia. Gaur goizean, Iruñeko Udaleko Lehendakaritza Batzordea Udaltzaingoaren egoitzan izan da, eta bertatik bertara ikusi dituzte estalkiaren akabera eta armazoi berria; 136 moduluko instalazio fotovoltaikoa jarri dute armazoi berri horretan, sutearen ondorioz erre zen instalazioa ordezteko. Azpiegitura hori denbora-tarte oso laburrean zaharberritu ahal izan dute, Energia Agentziaren, eta Proiektu Estrategikoen eta Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako alorren elkarlanari esker. Instalazio fotovoltaikoaren potentzia berria 78.880 Wp-koa (gehienezko potentzia) izanen da.
Lanak lau hilabete eskasetan egin dituzte, Udaleko hainbat alorren elkarlanari esker. Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorrak sutea zerk eragin zuen ikertu zuen, aseguru-konpainiak engaiatzeko. Proiektu Estrategikoen alorrak azpiegituraren egoera aztertu zuen, eta eraikinetik hondakinak kentzeko eta hura garbitu eta iragazgaizteko lanak agindu eta kudeatu zituen. Lan horiek Construcciones y Excavaciones Erri Berri enpresak eta Construcciones Jose Miguel Ibáñez SL enpresak egin zituzten. Azkenik, Hiri Bizigarri eta Jasangarriko alorrak, Energia Agentziaren bitartez, MB Solarrek instalazio fotovoltaikoa jartzeko lanak lizitatu, adjudikatu eta gainbegiratu zituen. Instalazio fotovoltaikoa gaur jarri da martxan. Guztira, 148.255 euro ordaindu zaizkie hornitzaileei, eta aseguru-konpainia arduratu da kopuru hori ordaintzeaz.
Iruñean urtean 430.000 kilo CO2 isurtzea saihesten laguntzea
Eguzki-instalazio fotovoltaiko horrek 2025erako helburua lortzen lagunduko du: hiriko berrogeita hamar bat higiezin eta hiri-altzaritan eguzki-instalazio fotovoltaikoak jartzea, eta instalazio horiek guztira 2.840,40 kW-ko potentzia izatea. Eguzki-energia fotovoltaikoa energia berriztagarri mota bat da, eta eguzkiaren erradiazioa energia elektriko bihurtzen du, material erdieroalez (gehienetan silizioa) osatutako zelula batzuen bidez. Udalaren instalazioei esker, sortutako energia elektrikoa sarera bidaltzen da, geroago kontsumitu dadin.
Mota horretako instalazioak hiriaren Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategiaren parte dira, eta jasangarritasuna erdiesten eta klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzen dute, sektore publikotik energia garbia lortuta. Instalazio horiei esker, baliabideak modu eraginkorrean erabiltzen dira, Udalak energia-fakturan aurrezten duelako, eta, gainera, herritarren sentsibilizazioari mesede egiten diotelako. Etorkizuneko instalazio fotovoltaikoen potentzia 2.840,40 kW-koa izanen da. Instalazio horietan energia garbia erabiliko da, eta horri esker, 430.000 kilo CO2 isurtzea saihestuko da, 48.000 zuhaitzek urte bakar batean xurgatzen duten CO2 kantitatearen baliokidea.