
Iruñeko Udalak epea ireki du guztira 1.113.000 euro joko duten garapenaren aldeko lankidetzarekin lotutako hiru dirulaguntza-deialdietara eskaerak aurkezteko. Hiru deialdiak norgehiagokako araubidean eginen dira, eta honako hauei dagozkie: garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzako proiektuak (873.000 euroz hornituta); garapenaren aldeko lankidetzako proiektuak Hegoaldeko Toki-entitateekin (180.000 euro) etaGarapenaren eta Herritartasun Globalaren aldeko hezkuntza-proiektuak (60.000 euro).
Hiru deialdietarako eskaerak telematikoki aurkeztu behar dira Iruñeko Udalaren Egoitza Elektronikoan argitaratutako ‘Pertsona juridikoendako dirulaguntzen eskaera elektronikoa’ izapidearen bidez. Hiru deialdietarako baldintza komunen artean honako hauek ezarri dira: entitate eskatzailea legearekin bat eratutako pertsona juridikoa izatea, Garapenaren aldeko Lankidetzako Agentzia Espainiarraren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erregistroan izena emanda izatea eta egoitza edo ordezkaritza iraunkorra Iruñean izatea. Entitatearen xedea izan behar du, espresuki, garapenaren aldeko lankidetzari eta herrien arteko elkartasuna sustatzeari lotutako jarduerak egitea.
Iruñeko Udalak aurten aurrekontuko 1.525.3119 euro bideratu ditu Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzako Udal Programa gauzatzera, zeinak herrien nazioarteko lankidetza sustatzen baitu. Argitaratzeke dago Giza Larrialdietarako Laguntza deialdia ezohiko norgehiagokako araubidean, 30.000 euroz hornituta, joan den otsailean Turkian eta Sirian jasandako lurrikarak direla eta elkartasuna erakusteko Osoko Bilkuran aurkeztutako adierazpen instituzionalari erantzunez.
Garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzako proiektuak
Garapenaren aldeko proiektuetarako deialdiak 873.000 euroko zuzkidura du, eta tokiko garapenaren aldeko proiektuak finantzatzen ditu biztanleen parte-hartze aktiboarekin. Laguntzen gehienezko zenbatekoak ezin izanen du gainditu aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 90, eta finantzatutako proiektu bakoitzak gehienez ere 35.000 € jasoko ditu. Emandako dirulaguntzak erabilgarri dauden funtsen eta aurkeztutako proiektuak eskuratzen duen puntuazioaren araberakoak izanen dira. Deialdiaren oinarriak 93. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 4koan, argitaratu ziren eta Udalaren webgunean ere kontsultatzen ahal dira. Eskaerak aurkezteko epea ekainaren 5ean amaituko da.
Entitate bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahalko du deialdi bakoitzeko. Proiektua dirua jaso eta hilabeteko epean abiatu beharko da eta 24 hilabete baino gutxiagoko iraupena izan.
Garapenaren aldeko lankidetza-proiektuak Hegoaldeko toki-entitateekin
Garapenaren aldeko lankidetza-proiektuak Hegoaldeko toki-entitateekin egiteko laguntza-deialdia 180.000 euroko zuzkidura du, eta proiektu berriei eta jarraipenekoei zuzenduta dago. Proiektu horiek giza garapen jasangarria bultzatzen dute, autogestioa eta autosufizientzia eta tokiko biztanleen parte-hartze aktiboa sustatuz. Proietuak herrialde hartzaileetako entitateek gauzatuko dituzte, dirulaguntza jaso eta hilabeteko epean. Laguntzen gehienezko zenbatekoak ezin izanen du gainditu aurrekontuaren % 90, eta finantzatutako proiektu bakoitzak gehienez ere 60.000 € jasoko ditu.
Deialdiaren oinarriak 93. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 4koan, argitaratu ziren eta Udalaren webgunean ere kontsultatzen ahal dira. Eskaerak aurkezteko epea ekainaren 5ean amaituko da.
Garapenaren eta Herritartasun Globalaren aldeko Hezkuntza proiektuak
Hirugarren deialdia garapenaren eta herritartasun globalaren aldeko hezkuntza proiektuei zuzenduta dago, eta 60.000 euroko zuzkidura du. Laguntzaren gehienezko zenbatekoak ezin izanen du gainditu proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 90, 35.000 euroko mugarekin. Proiektu horiek Iruñean eginen dira, biztanle orori zein talde jakin batzuei zuzenduta, herritarren konpromiso aktiboa eta solidarioa eta haien kontzientzia kritikoa sustatze aldera. Deialdi horretan lehentasuna duten gaiak honako hauek dira, besteak beste: giza eskubideak, bidezko merkataritza eta kontsumo arduratsua, generoa, migrazioak eta klima-aldaketa.
Deialdi horretara hurrengo bi urteetarako jarraitasun-programa duten proiektu berriak eta aurreko deialdian diruz lagundutako jarraitutasun-proiektuak aurkezten ahalko dira. Eboluzio-proiektuak izan beharko dute. Dirulaguntzen xede izan daitezkeen gastuak egiteko epea 2023ko irailaren 1ean hasi eta 2024ko abuztuaren 31n amaituko da. Deialdiaren oinarriak 93. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 4koan argitaratu ziren eta Udalaren webgunean ere kontsultatzen ahal dira. Eskaerak aurkezteko epea uztailaren 30ean amaituko da.