Abian da Trinitariosko igogailua, berdeguneak eta oinezkoendako eta bizikletendako loturak sortzeko 15.000 metro karratu baino gehiago berrurbanizatzeko obrak amaitu ondoren

Abian da Trinitariosko igogailua, berdeguneak eta oinezkoendako eta bizikletendako loturak sortzeko 15.000 metro karratu baino gehiago berrurbanizatzeko obrak amaitu ondoren
Igogailuak 20 metroko desnibela gainditzen du López Sanz Doktorearen kalearen eta Plazaola pasealekuaren artean
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia


López Sanz Doktorearen kalea (Anaitasuna KKAEaren ondoan) eta Plazaola pasealekua lotzen dituen Trinitariosko hiri-igogailua abian da, behin ingurua berrurbanizatzeko obrak amaituta. Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziako Kontseiluak, Cristina Ibarrola buru zela, eta Udalbatzako kide batzuk  eremua bisitatu dute lanen emaitza eta hiriaren alde horretan irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea ahalbidetuko duen instalazio berria bertatik bertara ezagutzeko

Iruñeko Udalak, guztira, 2,9 milioi inbertitu ditu proiektu horretan, zeinetan,igogailua instalatzeaz gain, 10.000 metro karratu berdegune sortu baitira eta beste 5.800 metro karratu berrurbanizatu baitira, oinezkoen eta bizikleten zirkulazioa antolatzeko Erreginaren aldapa eta López Sanz Doktorearen kaleen eremuan. Lanek Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren finantzazioa dute Europak 2,3 milioi euro eman baititu Next Generation EU funtsen bitartez.

Guztira, 15.000 metro koadro baino gehiagotan esku hartu da, eta toki hori aisiarako gune gisa irabazi da. Lanak 2022ko martxoan hasi ziren eta bi fasetan garatu dira. Lehenengoan, lanek beheko zatia (Plazaola pasealekuaren inguruko parkea) eta igogailuaren eraikuntza (20 metroko desnibela gainditzen duena) izan zituzten ardatz. Lehenengo fase hori maiatzean amaitu zen, baina parkea eta igogailua ez ziren ireki, López Sanz Doktorearen kalearen eta Erreginaren aldapa kalearen ingurua berrurbanizatzeko lanak amaitu arte. Zuhaiztiak eta bestelako landare batzuk landatzeko lanak egiteke zeuden oraindik, baina neguan eginen dira, lan horietarako garai aproposa baita.  

Horiek, urtarrilean hasi eta amaitu berri den bigarren fasean egin dira, eta Taconera parkearekin oinezkoendako eta bizikletendako lotura sortzea ahalbidetu dute. Zehazki, oinezkoen eta bizikleten ibilbideak sortu eta berrantolatu dira, eta espaloiak eta galtzada berritu dira. Zehazki, Larraina multzoaren ondoko espaloia zabaldu da eta galtzadan bidegorri tarte bat eraiki da igogailutik Taconera parkera bitarte sortzen den bizikleten zirkulazioa xurgatzeko. Halaber, oinezkoendako pasabide atseginagoak sortu dira Iratxeko Monasterioaren eta Erreginaren aldapa kaleekin. 

Hamaikagarren hiri-igogailua
2004an lehenengoa instalatu zenetik Iruñean ezarri den hamaikagarren hiri-igogailua da Trinitarioskoa. Egun, honako kale hauetan daude mota horretako instalazioak: Descalzosen, Media Lunan, Erletokietan, Isaac Albénizen, Felisa Munárriz plazan, Fiteroko Monasterioan, Ipar Etxabakoitzen, Concepción Benítezen, Lezkairun eta Mendillorrin.

Trinitariosko igogailuak 20 metroko desnibela gainditzea ahalbidetzen du, L itxurako egiturari esker. Igogailuko sarrera eta López Sanz Doktorearen kalea lotzen ditun pasabide horizontalak 30 metro baino gehiago ditu. Igogailuak, berez, altzairu pintatuzko egitura metaliko bat eta kabina hartzeko beirazko gorputz bat ditu, beste instalazio batzuen egituraren antzera, esaterako Media Luna parkekoarena. Igogailuaren ondoan, Anaitasuna KKAEtik gertuen dagoen eremuan, aurretik zeudenak ordeztuko dituzten eskailera berri batzuk eraiki dira sigi-sagan. 

Igogailuaren beheko eremuan, dagoeneko parke berria den horretan, plaza biribil bat sortu da Plazaola pasealekuaren inguruan. Plaza goiko eta beheko tarteen arteko malda finkatzen duten bi euste-horma kurbatuk osatzen dute. Halaber, oinezkoendako eta bizikletendako bideak diseinatu dira eremu hori Arrotxapea eta Sanduzelai auzoekin lotzeko, eta bide horiek plaza horretan elkartzen dira. Gainera, 4.000 metro karratu baino gehiago gehitu dira berdegune gisa, garabiaren biltegi zaharra zegoen eremuan. 

Bidegorri berria
Goiko aldean, Taconera parketik igogailuraino, Erreginaren aldapa kalea, Iratxeko Monasterioaren kalearen hasiera eta López Sanz Doktorearen kalea zeharkatzen dituen bidegorri berri bat eraiki da. Bidegorria hasiera batean espaloiaren gainean egitea aurreikusita zegoen arren, azkenean galtzadan gauzatu da mugikortasun-irizpide berrietara egokitzeko. 
Lanei esker tarte hori guztia berrurbanizatu da, eta , igogailura sartzeko oinezkoendako eta bizikletendako ibilbide nagusi izanen den Erreginaren aldapa kalearen sekzioa aldatu da, espaloiak zabalduz eta espaloiaren maila berdinean oinezkoendako pasabide bareagoak  sortuta, aurreikuspenen arabera eremu horrek ekarriko dituen joan-etorri berriekin bat. 
 

logo
 

¿Te ha sido útil esta página?