Seminario etxea udal-eraikina osorik eraberritzeko obren lehenengo fasea otsailean amaituko da. Hilabete honetan eraikinaren inguruan jarritako kanpoko aldamioak kenduko dituzte, eta horri esker fatxadaren kolore gorrixka ikusgai geratuko da. Eraikina, orduan, Udaletxe plazako eta Alde Zaharreko polikromia bereizgarrian txertatuko da. Iazko uztailetik, lanek eraikinaren energia-efizientzia hobetzea izan dute ardatz.
Lehendakaritza Batzordeak gaur goizean bisitatu ditu obrak, haien egoera eta garapena egiaztatzeko. Eraikinaren kanpoaldean, kanpo-isolamendu termikoko sistema (KITS) duen fatxada berria jarri da dagoeneko: sistema horrek eraikinaren isolamendu termikoa hobetu eta barneko tenperatura erregulatzen du, neguan barruko beroa galtzea eta udan gehiegi berotzea saihesten baitu. Halaber, arotzeriak kendu eta haien ordez prestazio handiko batzuk jarri dituzte. Solairu guztietan beroa berreskuratzeko aireztapen-sistema bat instalatu dute, eta bero-ponpa bidezko klimatizazio-sistema eta argiteria ere ordeztu dituzte; azken horrek LED teknologia eta presentzia-kontrolak izanen ditu.
Erabateko eraberritzearen aurrekontua 1.669.484 eurokoa da: horietatik 936.795 euro energia-hobekuntzara bideratu dira, eta Europar Batasunak osorik finantzatu ditu Next Generation EU funtsen bidez. Funts hori Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren C14.I1 inbertsioaren finantza-tresna da. Erki Construcción Sostenible enpresa ari da lanak egiten. Seminario etxeak 905 m2-ko azalera erabilgarria du, 172 m2 sestra azpian, eta bi fatxada, bat San Saturnino kalera begira eta bestea San Domingo aldapara.
Hilabete hauetan, ekainera arte, eraikinaren barruan jarraituko dute obrek: Merkataritzako eta Turismoko zerbitzuak eta Osasuneko Alorra bertan kokatuko dira beren eginkizunak egiteko, eta, hori dela eta, espazioak birbanatzeko eta egokitzeko lanak eginen dira. Besteak beste, azpimarratzekoa da egun dagoen igogailua ordeztuko dutela, irisgarritasun-araudia betetze aldera. Halaber, eraikineko telekomunikazio-azpiegiturak hobetzeko baliatu dituzte lanak; izan ere, Seminario etxea informazioari dagokionez esanguratsua den oinarrizko puntu bat da komunikabideendako, batez ere, Sanferminetan, karguaz jabetzeko ekitaldietan, Flamenco on Fire jaialdian eta Udaletxe plazako balkoietara irteten diren harrera-ekitaldietan.
Turismo Bulegoko barrualdea eraberritzea
Eraikina eraberritzearekin batera, Turismo Bulegoaren barruko aldean obrak egin dira, eraikinaren beheko solairuan. Urtarrilaz geroztik, bulegoaren funtzionaltasuna berritzeko lanak egiten ari dira, eta hainbat alderdi optimizatu dituzte, hala nola guneak kanpotik duen ikusgarritasuna, bulegoaren barneko antolaketa, espazioaren oreka akustikoa hobetze aldera inguratzailean egindako jarduketak eta argiteria-sistema berritzea, bai eta sartzeko atearen ordez ate automatiko bat jartzea ere.
Era berean, gune berriak, apainketaren eta diseinuaren bidez, pilotaren mundua eta hiriko kultura- eta kirol-ondarea irudikatu nahi ditu. Aguaser Suministros y Servicios enpresa da urteko lehen lauhilekoan Turismo Bulegoko lanez arduratzen ari dena, 81.931.52 euroko aurrekontuarekin. Lan horiek ere Next Generation EU funtsen finantzaketa dute.
