
Iruñeko historiari buruzko zazpi hizketaldi izanen dira, maiatzaren 20ra arte; bihar, 19:00etan, lehenengo hizketaldia eginen dute Kondestablearen jauregian. Maider Beloki Unzu Iruñeko lehen alkateorde eta Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak emanen dio hasiera ‘Pompelo: 2.100 urteko elkarbizitza’ programaren lehen jarduerari. Programak urteurren hori ospatzea du helburu, eta horretarako, askotariko ikus-entzuleendako ekitaldi batzuk antolatu dituzte 2026ko lehen hiruhilekora arte.
Lehen hizketaldian Javier Armendariz Martija eta Jokin Lanz Betelu arituko dira: erromatarren armada iritsi aurretik eta erromanizazioaren bitartean Iruñean eta Iruñerrian bizi ziren baskoien egoera azalduko dute, eta, horrez gain, aldaketak, jarraitutasuna eta lurraldera egokitzeko moduak aztertuko dituzte; Armendarizek ikuspegi arkeologikotik helduko dio gaiari, eta Lanzek iturri dokumentalen eta erromatarren epigrafeen bidez ardaztuko du hizketaldia. Iturri arkeologiko eta dokumentalen bidez, honako hauek aztertuko dituzte: besteak beste, erromatarrak iritsi aurretiko bizitza, Sertorioren gerraren eragina, hiriak garai inperialean izan zuen garapena eta Erdi Aro berantiarrera arteko kristautze garaia.
Saio guztiek zeinu-hizkuntzako interpretea izanen dute entzumen-arazoak dituztenen irisgarritasuna bermatzeko. Hizketaldiak grabatu eta Udalaren YouTubeko kanalean jarriko dituzte; herritarrek zuzeneko sarbidea izanen dute www.pamplona.es/eu webguneko hasierako orriaren bitartez. Udalaren sare sozialetan ere ekitaldien laburpenak ikusten ahalko dira. Zazpi hizketaldietan adituek parte hartuko dute, maiatzaren 20ra arte: bi edo hiru espezialista proposatutako gaiei buruz arituko dira hizketan, eta ikus-entzuleekin elkarreraginean arituko dira, moderatzaileez lagunduta. Hizketaldietan Iruñearen historian barna gidatuko dituzte ikus-entzuleak.
Hurrengo saioa hauxe da: Erromatarren urbetik burguen hirira (VI. eta XIII. M.); apirilaren 9an izanen da, leku eta ordu berean. Aditu hauek parte hartuko dute: Aitor Pescador Medrano historialariak eta Josu Narbarte Hernandez arkeologo eta UPV –EHUko irakasleak.
Jokin Lanz Betelu
Lanz Betelu 2017az geroztik Antzinaroan doktorea da EHUn, eta unibertsitate horretan bertan ikertzaile gisa lan egin zuen 2018tik 2019ra; halaber, jardueren aholkulari zientifiko-tekniko gisa aritu zen Arkeolan Fundazioaren Oiasso museoan (2019-2022), eta 2020-2021 ikasturtetik aurrera Nafarroako Unibertsitate Publikoan dihardu.
Batez ere gai hauek aztertzen ditu: diplomazia, Baskonia eta Akitaniako eskualdeetako gatazken konponbidea Antzinaro berantiarrean zehar, eta Antzinaroak Nafarroako eta oro har Euskal Herriko historiografian izan duen harrera. Lanzek hainbat argitalpen akademiko ditu, eta ikerketa-egonaldiak egin ditu atzerrian.
Javier Armendariz Martija
Historian lizentziaduna da Salamancako Unibertsitatean, Historiaurreko, Antzinaroko eta Arkeologia espezialitatean; horrez gain, historian doktorea da UHUNen (Historiaurreko, Antzinaroko eta Arkeologiako Departamentua), eta arkeologo gisa dihardu. Halaber, ikerketa-bekadun gisa aritu da honako instituzio hauetan: Gran Duque de Alba erakundean, Euskal Herriko Unibertsitatean eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan. UHUNen irakaslea da 2019tik, eta Nafarroako Unibertsitatean ere irakasle aritu zen 2016tik 2021era.
Arkeologo gisa Administrazio Publiko hauetan egin ditu lanak: Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuan eta Berbinzanako Udalean. Hain zuzen ere, Berbinzanako Las Eretas museo eta aztarnategi arkeologikoaren zuzendaria da, eta ikerketa arkeologikoko proiektuetan parte hartu du, entitate hauetan: Nafarroako, Salamancako, Zaragozako eta Oviedoko unibertsitateetan eta Arabako, Ávilako, Salamancako, Málagako, Burgosko, Asturiasko Gipuzkoako, Zaragozako eta Nafarroako ikerketa-zentroetan. Halaber, indusketa batzuk gidatu ditu Nafarroako herri hauetan: Larraga, Arellano, Berbinzana, Mendigorria, Eraul, Gares, Zangoza, Beire eta Viana.
Idazle gisa ere aritu da: De aldeas a ciudades, el poblamiento durante el primer milenio a. C. en Navarra liburuaren egilea da, eta berrogeita hamar bat artikulu zientifiko idatzi ditu; bestalde, historiaurreari, historiari eta ondare kulturalari buruzko hitzaldiak eman ditu, eta gai horiei buruzko erakusketen komisarioa izan da. 2022tik Trabajos de Arqueología Navarra aldizkariko zuzendaria da; aldizkari hori Nafarroako Gobernuaren Kultura Zuzendaritza Nagusiaren Kultura Alorraren menpekoa da.
IRUÑEKO HISTORIARI BURUZKO HURRENGO HIZKETALDIAK. KONDESTABLEAREN JAUREGIA. 19:00
MARTXOA
Martxoak 26, asteazkena
• INAUGURAZIO-EKITALDIA
• 1. HIZKETALDIA Baskoiak eta erromanizazioa
• Jokin Lanz Betelu, historialaria eta NUPeko irakaslea
• Javier Armendariz Martija, arkeologoa eta NUPeko irakaslea.
APIRILA
Martxoak 9, asteazkena
• 2. HIZKETALDIA Erromatarren urbetik burguen hirira (VI. mendetik XIII. mendera)
• Aitor Pescador Medrano, historialaria
• Josu Narbarte Hernandez, Arkeologoa. EHUko irakaslea