Udalaren sare sozialetan eta hirian barna dauden mupi digitaletan hedatu dira 200 iruindarrek joan den astean Osasuna animatzeko grabatutako bideoak. Adin guztietako hamarka pertsonak, haurtxoak eta adinekoak barne, hartu zuten parte Iruñeko Udalak Errege Kopako finala dela eta hiriaren animo-mezuak grabatzeko egindako deian. Grabaketek mota guztietako babes-mezuak erakusten dituzte, keinuak eta mugimendua barne, Osasunaren kamisetek batuta.
Bideoek bakarka, bikoteka, familiartean, taldeka, kuadrillan eta bere maskotekin ere agertzen diren zaleak dituzte protagonista eta hirian bizi den festa giroarekin bat egin eta beren sentimendu gorritxoa adierazi dute. Joaquín Maya musika-eskolako musikariak ere agertzen dira, grabaketaren egunean arratsaldea beren instrumentuekin girotu baitzuten. Mezu horiek guztiak sare sozialetan jarraitzen ahal dira #IruñaOsasunarekin / #PamplonaConOsasuna traolen bitartez.
Herritarrek beren taldearen alde adierazitako berariazko babesa Gazteluko plazako pantaila erraldoietan ere proiektatuko da finalaren egunean. Led pantailei, zortzi soinu-dorreei eta DJ baten ikuskizunari esker festa-arratsalde bat bizitzen ahalko da partiduaren emanaldian.
Bideoak joan den ostegunean Udalak herritarrei taldea animatzeko mezuak erakusteko egindako proposamenari erantzunez egin dira. Kameralari profesional batek egin zituen grabaketak Udaletxeko ezkaratzean, bertan instalatu baitzen grabaketa-seta eta bertatik hainbat lagun pasa ziren kamiseta gorritxoez jantzita.
#IruñaOsasunarekin / #PamplonaConOsasuna
- Iruñeko Udalak Errege Kopa dela eta bultzatutako ekimena
- Gazteluko plazan, lau pantaila erraldoitan emanen da maiatzaren 6an, larunbatarekin, jokatuko den Errege Kopako finala eta animazioa ere izanen da DJ baten eskutik