
Hogei jarduera baino gehiagok osatzen dute Iruñeko Udaleko Jasangarritasun Eskolaren urteko lehen hiruhilekoko programazioa, oraingoan hondakinen kudeaketa eta berrerabileraren sustapena ardatz dituena, klima-aldaketaren aurkako banakako ekintzen parte gisa. Hitzaldiek, lantegiek, bisitek eta aurkezpenek osatzen dute Udalaren eskaintza eta haiei gehituko zaizkie herritarrak protagonista dituzten beste hainbat jarduera. Jarduera gehienak Ingurumen Hezkuntza Museoan eginen dira, guztiak doan; hala ere, batzuetan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea 010 Herritarrendako Arreta Telefonoaren bidez (948420100 mugikorretik edo Iruñeaz kanpotik deitzen bada).
Oraingoan Jasangarritasun Eskolak ‘Herritarren zientzia laborategia’ berrargitaratu du. Ekimen horretan parte-hartzaile bakoitzak bere etxean bertan ingurumenaren aldaketak eta gizakiak horiengan duen ardura esperimentatzeko aukera izanen du. Ekintza sinple baten bidez, kanpoko landare bat balkoi, leiho edo terraza batean zaintzea, Iruñeko airearen kalitatea aztertu nahi da. Ikerketa-proiektua parte-hartzaileen artean landareak banatzean datza, eta haiek bi hilabetez zaindu behar dituzte, ondoren airearen kalitatearen adierazle gisa aztertzeko.
Proiektuaren aurkezpena urtarrilaren 19 eginen da. Hitzaldi-solasaldi bat izanen da, eta bertan arnasten dugun aireari, haren kalitateari eta hainbat elementuk, zirkulazioa kasu, harengan duten eraginari buruz hitz eginen da, baita arnasbideetako hainbat gaixotasuni buruz, hala nola asma. Otsailaren 2an emanen zaizkie landareak parte-hartzaileei.
Hitzaldiak eta lantegiak
Urtarrilean, ‘Herritarren zientzia laborategiaren’ aurkezpenaz gain, bi lantegi eta hitzaldi bat programatu dira. Lehenengoa urtarrilaren 18an, astelehenarekin, eginen da, eta familiarteko ekintza bat izanen da, euskaraz. ‘Zero hondakinen oso aldekoak gara’ izenburupean, topaketak familia bakoitzaren kontsumitzeko modua aztertu eta ekonomia zirkularreko ekintzak proposatzeko balioko du, zaborra sortzea ekiditeko eta ordura arte erabilera bakarrekotzat hartzen ziren elementuak berreskuratzen saiatzeko. Lantegi bera otsailaren 1ean eginen da gaztelaniaz.
Bestalde, urtarrilaren 24an, asteartearekin, beste hitzaldi bat eginen da Iruñeko Udalak CO2-a atmosferara isurtzea ekiditeko landatu duen xurgapen basoari buruz. Ekintza horrek Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioaren aintzatespena jaso du. Astebete geroago, urtarrilaren 31n, asteartearekin, lantegiak ardatz izanen ditu neguko sendabelarrak, haien onurak, nola desberdindu eta erabili.
Otsailean, ‘Zero hondakinen oso aldekoak gara’ lantegia gaztelaniaz egiteaz gain, beste sei lantegi eta ekitaldi bat eginen dira; azken hori Open Lab proiektuko energia positiboko barrutia ezagutzeko eginen da, otsailaren 14an.
Hala, adibidez, otsailaren 10ean,17an eta 24an (ostiralak), arte eta naturako lantegiaren hainbat saio antolatu dira, eta haien bidez obrak, egungo joerak eta artistak ezagutuko dira Antartika Kultur Container espazioan, LABEA Arte, Zientzia eta Naturako laborategiaren eskutik. Kasu guztietan, hitzordua 18:00etan izanen da. Gainera, otsailaren 15ean, asteazkenarekin, energia-faktura ulertzen ikasteko jarduera bat programatu da. Otsailaren 16an (osteguna), fruta-arbola hazidunak inausteko lantegia eginen da, eta 28an, jolasaren bidez hondakinen gaikako bilketa indartzera bereziki zuzendutako jarduera bat eginen da.
Bisitak eta ekonomia zirkularreko esperientziak martxoan
Martxoko programazioari hasiera emateko Iruñeko Mankomunitatearen Lezkairuko hondakinen tratamendu eta bilketa pneumatikoko instalaziora bisita bat eginen da, bertatik bertara ezagutzeko zer gertatzen den zaborrarekin dagokion edukiontzian sartutakoan. Bisita, martxoaren 1ean hasiko da, 18:00etan, eta aukera emanen du bilketa zerbitzuko galerietan sartzeko.
Martxoaren 7an eta 14an, bestalde, oinarrizko arropa-konponketako lantegiak eginen dira urratu bat edo kalte txiki bat duen jantzi bat botatzea ekiditeko. Gainera, martxoaren 15ean eta 16an familiarteko lantegiak antolatu dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz, gosari eta askari osasungarriei buruz. Martxoaren 22an mahai inguru bat eginen da ekonomia zirkularreko enpresa-esperientziei buruz, herritarrei hondakinak sortzea ekiditeko berrerabilera prozesu hori zertan datzan azaltzeko xedez.
Hilabeteari amaiera emateko, azken astean, dirurik gabeko truke-azoka txiki bat antolatuko da, martxoaren 28an, 29an, 30ean eta 31n. Jarduera hori goizez eta arratsaldez eginen da, eta bertan parte-hartzaileek antzeko balioa duten objektuak trukatzen ahalko dituzte.
Eskaintza horri guztiari ‘Konpondu zure bizikleta - Bizitxokoa’ lantegia ere gehituko zaio, zeina ibilbide nabarmena duen Jasangarritasun Eskolaren ekimen bat baita, eta horregatik hilero egiten da. Arratsalde batez eta langile profesionalen laguntzarekin, bizikletetan konponketa txikiak egin eta etorkizuneko arazoak konpontzen ikasteko aukera egonen da. Jarduera hilabete bakoitzeko bigarren ostegunean eginen da, urtarrilean salbu. Zehazki, urtarrilaren 12an, otsailaren 9an eta martxoaren 9an eginen da, arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara.
Hiruhileko guztian, Ingurumen Hezkuntzako Museoan Iruñeko Erresumako Museo Etnografikoko (Arteta) ‘Ontziak-recipientes’ erakusketa egonen da ikusgai: likidoak, solidoak eta gasak edukitzeko ontzi gisa erabilitako hainbat garaitako pieza etnografikoen hautaketa bat. Inaugurazioak bisita gidatu bat barne hartuko du, eta urtarrilaren 10ean (asteartea) eginen da 18:30ean. Gainontzeko egunetan sarrera librea izanen da.