Abendura arte eginen dira ‘Ibilbidea euskal pilotaren historian barna Iruñean’ izeneko bisita gidatuak, eta bertan parte hartzen dutenek hiriko pilotaleku nagusiak bisitatzeko aukera izanen dute

Abendura arte eginen dira ‘Ibilbidea euskal pilotaren historian barna Iruñean’ izeneko bisita gidatuak, eta bertan parte hartzen dutenek hiriko pilotaleku nagusiak bisitatzeko aukera izanen dute
Bisitek erakustaldi bat barne hartzen dute: Mañuetako pilotalekuan izanen da, bertan antolatu ohi ziren partiduei buruzkoa
pelota

 

‘Ibilbidea euskal pilotaren historian barna Iruñean’ izeneko bisita gidatuak apirilean jarri zituen martxan Iruñeko Udalak, eta euskal pilotaren historiaren, jokoaren eta bitxikerien berri jakiteko aukera paregabea dira. Orain, Udalak bisita gehiago egitea erabaki du, urte amaierara arte. Hala, herritarrek bertatik bertara ezagutzen ahalko dituzte pilotarekin lotutako bitxikerietako batzuk, eta kirol horren eta Iruñearen arteko lotura estuaren berri izanen dute. Bisitak hilabete bakoitzeko lehen ostiraletan eginen dira. Halaber, abuztuan ostegunero antolatuko dituzte bisitak, eta abenduan, hileko lehen ostiralaz gain, beste bi egun hauetan eginen dira: abenduaren 18an eta 27an. Interesa dutenek https://visitas.pamplona.es/eu webgunean ematen ahal dute izena. 

Bisita gidatuak aukera paregabea dira bi orduz hiriko bost toki enblematiko ezagutzeko. Hauek dira toki horiek: Nafarroako Errege Artxibo Nagusia, Mañuetako pilotalekua, Gazteluko plaza, Jito Alai pilotalekua eta Labrit pilotalekua. Bisitetan askotariko gaiak jorratzen dira: besteak beste, pilotaren historia Iruñean, pilotalekuak eta materialak, jokoarekin lotutako errituak, apustuak, pilota-modalitateak, pilotaren historiarekin lotutako hiriko guneak eta emakumezkoen pilota. Orain arte Labrit pilotalekuan bukatzen ziren bisitak, baita erakustaldiak egin eta bideoak proiektatu ere. Dena dela, Labrit aurki itxiko dute eraberritze-lanak egiteko, eta horrenbestez, hemendik aurrera Mañuetako pilotalekuan bukatuko da bisita, eta erakustaldiak ere bertan eginen dira: pilotalekuan antolatu ohi ziren partiden erakustaldiak dira, erronka eta modalitate bitxiengatik nabarmenak. 

Mañuetako pilotariak eta erronka horietako batzuk ere erakustaldiaren parte dira. Ordu erdiz, gutxi gorabehera, bi pilotarik erronka horietako batzuen erakustaldia eginen dute: hala nola, hanka azpitik errestatzea, aulki batean eserita errestatzea, banku bat bizkar gainean dutela jokatzea, angurri bat soinean dutela jokatzea, hankak lotuta dituztela edo zaldiko-maldiko jokatzea eta pilota zartagin batekin jotzea. 

Bisita guztiak 25 laguneko taldetan egiten dira gehienez ere, eta doakoak dira. Euskaraz eta gaztelaniaz antolatzen dira bisitak, daten arabera. 

Bisitak 2023-2029 aldirako Iruñeko Turismoko Plan Estrategikoaren parte dira. Hain zuzen ere, euskal pilotari buruzko ibilbideak HJTP Iruña SF365 proiektuaren esparruan kokatzen dira, eta Europako NextGeneration funtsak finantzatzen ditu, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez. Funts horiek Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren C14.I1 inbertsioaren finantza-tresna dira. 

 

‘IBILBIDEA EUSKAL PILOTAREN HISTORIAN BARNA IRUÑEAN’ BISITA GIDATUAK

Datak:

  • Abuztuak 14, osteguna, 19:00etan

  • Abuztuak 21, osteguna, 19:00etan

  • Abuztuak 28, osteguna, 19:00etan

  • Irailak 5, ostirala, 19:00etan 

  • Urriak 3, ostirala, 18:00etan

  • Azaroak 7, ostirala, 18:00etan

  • Abenduak 5, ostirala, 18:00etan

  • Abenduak 18, osteguna, 18:00etan

  • Abenduak 27, larunbata, 18:00etan
        
     

Erreserba egiteko esteka: https://visitas.pamplona.es/eu/bisitak/ 


logos next turismo

¿Te ha sido útil esta página?