Aste hauetan, Iruñeko Udaleko ibai-parkeko mantentze-lanetako lantaldeak lana indartu du Arga ibaiaren ur-bazterretan, ahalik eta lasterren, pasa den abenduaren 10eko uholdeak pilatutako zaborrak, plastikoak, hondakinak eta adarrak kentzeko. Egun horretan, ibai-emariak azken hogei urteetako erregistro guztiak gainditu zituen, 600 m3-ak gaindituz eta Txantrea, Arrotxapea, Sanduzelai eta Landabenen zati bat urez betez.
Azken uraldi horretan, uraren indarrak arrastaka eraman zituen enbor eta zabor ugari, orain, urak behera egin duenean, agerian geratu direnak. Guztira, 12 pertsona eta hiru ofizial arduratzen dira garbiketa-lanak egiteaz, hiru taldetan banatuta. Ibaiaren bi ertzeetan banatuta, Iruñeko udal-mugartean, ibai-parkea egokitzen dute.
Lantaldeak bere gain hartu du 246.130 metro kubiko –Arga ibaiaren ertzak eta haren ondoan dauden parkeak eta pasealekuak– garbitzea eta mantentzea, eta horri gehitzen zaizkio Arantzadi parkeko 6,5 hektarea, zeinetatik 4,5ek mantentze-lan intentsiboa behar baitute.
Uholdearen ondoren, lehentasuna eman diete gehien kaltetutako eremuei, hala nola Arantzadiri, Sanduzelairi, Landabenin eta Miluzeri, adibidez. Hasiera batean, ibaiaren ur-bazterretatik enbor handiak eta zaborrak kentzen ari dira, eta baita plastiko handiak ere (edukiontziak, paletak, etab.). Lan hori egin ondoren, bigarren fase batean, plastiko txikiagoak izanen dituzte ardatz, kasu askotan zuhaitzen adarretan eta uraren ondoko landareetan katigatuta baitaude. Garbiketa-taldeek 08:30etik 14:30era lan egiten dute paisaia normaltasunera itzul dadin.
Gizarte enplegu babestua
Lan hori lan gehigarria da lantaldearen antolaketa arruntari dagokionez; barne hartzen ditu, batez ere, sastrakak kentzea, moztea, zuhaixkak eta zuhaitzak inaustea, ureztatzea, landatzea eta hostoak biltzea, zuhaitzak babesteaz, kastoreek ez karraskatzeko, eta zaborra biltzeaz gain. Era berean, udal-mintegiko lan osagarriak egiten dituzte modu egonkorrean.
Lantalde hau, Udalak dituen beste bederatziekin batera, Errenta Bermatua jasotzen duten edo gizartean bazterturik gelditzeko arriskuan dauden pertsonei zuzenduta dago. Iruñeko Udalak urteko lan-kontratua eskaintzen die, sei hilabeteko aldietan banatuta, eta beraz, lantaldean hastea ekitaldi osoan zehar egiten da, esperientzia duten pertsonak eta heldu berri direnak uztartuz.
Programaren barruan, kontratatuek prestakuntza- eta ikaskuntza-ibilbide bat egiten dute lorezaintzako lanetan, eta baita oinarrizko lanerako gaitasunetan ere, benetako lan-praktika baten bidez. Horrela, helburua da lan-merkatura sartzeko aukerak handitzea, programan emandako urtea amaitu ondoren.
Udalaren Gizarte Enplegurako programak, gaur egun, hamar lantalde edo lan mota ditu: obrak eta etxebizitzak zaharberritzea, soldadura, pintura, garbiketa, jantzigintza, tapizgintza, koadernaketa, jantoki soziala, ibaiak eta lorategiak, zerbitzu anitzak atezaindegietan eta elikagaiak banatzeko puntuak, 80 pertsona ingururi lana ematen diotenak. Bederatzi arduradunen eta 17 ofizialen bidez egituratzen dira, eta bi gizarte-langileren, administrari baten eta arkitekto tekniko baten laguntza dute. Nafarroako Gobernuak eta Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako udal-baliabidea da.