Iruñeko Udaleko Animaliak Hartzeko Zentroan (AHZ) une hauetan 9 txakur eta 14 katu daude adoptatzeke; kopuru hori handitu egin da hilabete hauetan udaberriarekin alderatuta. Horietako bat Tina dugu, urtebeteko artzain-txakur emea: 2021eko apirilean kalean aurkitu zuten eta seguruenik landa-eremuan bizi zen, hiriaren beldur baita, nolabait.
Zentroa arduratzen da udal mugarte osoan galdutako animaliak jasotzeaz eta haien jabeak aurkitzen saiatzeaz, animaliak haiei itzuli ahal izateko. Halaber, abandonatutako txakurrak eta katuak ere jasotzen ditu, eta horiei adopzioaren bidez familia berri bat aurkitzeko aukera ematen die. Adibide gisa, 2020an, 189 animalietatik 85 beren jabeei itzuli zitzaizkien eta 113, adoptatu zituzten, 62 txakur eta 51 katu. Prozesuaren eta animalien profilen inguruko informazioa Udalaren webgunean ikus daiteke. Udalaren zerbitzu hori 1986az geroztik dago herritarren eskuragarri.
Adoptatzeko interesa dutenak maskotak ikustera joan daitezke Animaliak Hartzeko Zentrora bertara, Unibertsitateko errepidean, Azpilagañako txakurrendako eremuaren parean. Udan zentroa irekita dago astelehenetik larunbatera, 12:30etik 13:30era. Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko 948 420 996 telefonoa ere erabil daiteke, zoonosis@pamplona.es helbide elektronikoaz gain. Udalaren zerbitzu publiko horretan lankidetza estuan aritzen dira lakiolariak eta Udalaren albaitariak.
Maskota egokia aurkitzea
Animaliak Hartzeko Zentroak urtero, hainbat espezie, arraza, adin eta gaitasunetako 200 animalia hartzen ditu; bide publikoan jasotakoak dira edo era askotako arrazoiak direla medio jabeek bertara eramandakoak. Zentroan dauden maskotak horra heltzen dira Udaltzaingoak bere kabuz edo herritarren abisuz jaso dituelako, eta baita jabeei kendu dizkietelako tratu txarrak edo egoera bereziak direla-medio. COVID-19ak eragindako konfinamendu-hilabeteetan, zentroko teknikariek antzeman zuten herritarrek asko lagundu zutela abandonatutako animalien zaintzan, eta Animaliak Hartzeko Zentroan zeuden animaliekiko interesa ere handitu zen. Behin animaliak zentrora helduta, boxetan ematen diete ostatu, haien osasun egoera ikertu ondoren, eta hainbat tratamendu jasotzen dituzte, hala nola bizkarroiak hiltzea, txertoa jartzea eta abar.
Adoptatu nahi dutenei animalia bakoitzaren gaineko informazioa ematen zaie, eta teknikariek balizko adopzio-hartzaileen jarreraren balorazioa egiten dute adopzioa arduratsua izan dadin, horrela zakur guztiek etxe aproposa lortuko dutela bermatuta. Animalien deskripzioarekin batera, animalia bat aukeratzeko kontuan hartu behar diren alderdien eta adoptatzeko urratsen berri ematen zaie. Halaber, prozesuan zehar, etxeko animalia bat edukitzeak dakartzan lege-eskakizunen berri ematen zaie jabeei. Une honetan Iruñeko Udala animaliak edukitzeari buruzko Udal Ordenantza berriaren izapidetze-lanetan ari da, gaur egun indarrean dagoena ordezteko; Ordenantza hori 1994koa da eta hainbat aldaketa izan ditu, azkena 2006an.
Ildo horretan, zentroko arduradunek gogorarazten dute animalia bat adoptatzeak erantzukizun batzuk ekarriko dituela, haren ongizateari buruzkoak: elikadura egokia –adinaren, tamainaren eta jardueraren arabera–, eguneroko ariketa fisikoa, higienea eta animaliaren ezaugarrien araberako espazioa. Halaber, txakurrak uhalez nahiz katez eraman behar dira eremu publikoetan, animalien gorozkiak bildu eta paperontzian utzi behar dira eta jabeak, halaber, haien osasunaren eta ugalketa-kontrolaren arduradun dira.