
Tokiko Gobernu Batzarrak Kondestablearen jauregiko kontserbazio, zaharberritze eta ezohiko mantentze lanen adjudikazioa onetsi du. Lan horien bidez, eraikineko hainbat puntutan antzeman diren ur-iragazketak konpondu eta euri-uren hustuketa-sistemen gabeziak zuzendu nahi dira, estalkiei, teilatu-hodiei, sabai-leihoari, zurezko elementuei, arotzeriari, fatxadei eta barneko akaberei eragiten baitiete.
Construcciones Leache SL da enpresa adjudikazioduna, 871.104,41 euroan: lanak gauzatzeko epea sei hilabetekoa izanen da eta berme-epea, 3 urtekoa. Aurreikuspenen arabera, lanak urrian abiatuko dira, eta lanak egiten diren bitartean, eraikinera eta aretoetara sartzen ahalko da. Hala ere, patioa lau hilabetez itxita egonen da eta horrek bigarren solairuko aretoetako (hitzaldi-aretoa eta Zentro) jardunari eta bertatik igarotzen direnei eraginen die. Lanek jardueretan eragiten ahal dute, bereziki goizez; dena den, ahalik eta eragin txikiena izateko lan eginen dute eta jarduerak mantenduko dira. Eraikinaren egungo egoera dela eta, lanek esku-hartze osagarriak barne hartuko dituzte; izan ere, eraikina goitik behera birgaitu eta 2008an ireki zenetik, modu intentsiboan erabili da azken hemezortzi urteotan.
Esku-hartzeak zuzenean eragiten die Kale Nagusira eta Jarauta kalera begira dauden fatxadetan dauden teilatu-hodiei, eta konponketak eginen dira erdiko sabai-leihoan, instalazioen aretoko zinkezko estalkian eta zurezko egitura-elementuetan; halaber, hezetasun-orbanak, gatzak eta paramentuak, kanpoko zurezko arotzeria eta sarrerako atea garbituko dira eta sarrailetan eta fatxadako barandetan ere esku hartuko da. Antzeman diren narriadura-kausetan zuzenean esku hartuko da, eraikinaren erabilera, bolumena, funtsezko konfigurazioa eta ondare-balioak aldatu gabe.
Kondestablearen jauregia Udalaren jabetzakoa da, Civivox sarearen parte da eta Monumentu kategoriako (310/1997 Foru Dekretua) Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zuten; horrez gain, Iruñeko Alde Zaharreko Multzo Historikoaren barruan dago, eta hori ere IKO izendatu zuten. Kultur ekipamendu publikoa izatera bideratuta dago eta bertan daude, besteak beste, Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorreko bulegoak, Pablo Sarasate museo-aretoa eta Alde Zaharreko Civivoxa, Kondestablea civivox gisa erabiltzen baita bereziki.. Eraikinaren azalera erabilgarria 5.246,83 metro karratukoa da eta, guztira, 6.819,06 metro karratuko azalera eraikia du.
2025ean, Kondestable Civivoxean 273 jarduera egin ziren, besteak beste, 110 ikastaro, 61 ikuskizun, 29 erakusketa, ikus-entzunezko 21 proiekzio eta 16 hitzaldi. Parte-hartzeari dagokionez, 107.779 pertsonek hartu zuten parte kultur programazioan, batez ere erakusketetan (90.379 bisitari) eta ikastaroetan (1.503 izen-emate). Ikuskizunetara 7.118 lagun bertaratu ziren eta proiekzioetara, 2.128. Hitzaldietara 1.280 pertsona joan ziren.
Gainera, 307 erakundek erabili zituzten civivox horretako lagapen-espazioak: guztira 2.311 aldiz erabili zituzten, 5.204 orduz baino gehiagoz. Gune horiek 50.663 pertsonek erabili zituzten: 29.275 emakumek eta 21.388 gizonek.
Iruñeko Udalak obra aurkeztu du Espainiako ondare historikoko ondasun higiezinak kontserbatu eta aberasteko laguntza-deialdira, Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioaren, Garraioko eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren eta Kultura Ministerioaren "2% Cultural" izeneko programaren barruan. Eskaera onartuz gero, Udalak egindako inbertsioaren % 50 berreskuratuko luke.