Iruñeko Udalak, Gazteluko plazako agertokian, denboran atzera bidaiatzeko eta erritmo berrienetan murgiltzeko musika proposatu du sanfermin hauetarako. Uztailaren 6tik 13ra, hiriko puntu garrantzitsu horretan, askotariko eskaintzak elkartuko dira estilo eta garaiei dagokienez, besteak beste, Fangoria, Ana Mena, Ana Torroja eta Dani Fernández, entzutetsuenak aipatzearren. Jorge Urdánoz Kulturako zuzendariak gaur goizean aurkeztu du eskaintza osoa eta Lágrimas de Sangre, La Sra. Tomasa, Funzo & Baby Loud, Delaporte, Merina Gris eta ETS (En Tol Sarmiento) ere bertan izanen dira. Kontzertu guztiak 23:45ean hasiko dira, su artifizialen ondoren.
Kartel honekin, Udalaren nahia da sanferminetako musika-proposamenik garrantzitsuenaren bidez ikusle-mota guztiak erakartzea, hots, nerabe eta gazteenak (Ana Mena bezalako egungo musikari arrakastatsuekin), adin ertainekoak, eta 80ko eta 90eko hamarkadetan, garai hartako talde handiei jarraituz diskoteka eta kontzertu-aretoetan ibiltzen zirenak. Horrez gain, Fangoria bezalako taldeen aldeko apustua egin da, izan ere, taula gainean lau hamarkada baino gehiago daramatzan arren, gazteenen ikono musikala izaten jarraitzen baitu.
Ildo beretik, uztailaren 6an berean, Ana Torrojak, Mecano taldeko abeslariak irekiko ditu jaiak. Mecano XX. mendearen azken txanpako Espainiako pop talde garrantzitsuenetako bat izan zen, eta arrakasta handia bereganatu zuen 80ko eta 90eko hamarkadetan. Aurretiazko ibilbide horren ostean, Ana Torrojak 1997an kaleratu zuen bere bakarkako lehen albuma: Puntos cardinales. Ondoren, beste bost gehiago etorri ziren. Azkena, Mil razones, 2021ean argitaratu zuen Espainiako DJ garrantzitsuek lagunduta. Lau hamarkada baino gehiagoko bilakaera musikal hori guztia ekarriko du Iruñera sanferminetako musika-ekitaldien irekieran.
Uztailaren 7an (ostirala) musika-proposamena bikoitza izanen da. Lehenik eta behin, La Sra Tomasak eginen du emanaldia (23:45ean), genero latinoak, elektronikoak eta hirikoak nahasten dituen Bartzelonako taldeak. Ondoren, Lágrimas de Sangre igoko da agertokira, LDS siglen bidez ere ezaguna den taldea (23:45ean). 2017an dagoeneko sanferminetan egona zen talde katalana, urrezko bi diskorekin eta platinozko beste birekin itzuliko da, rapa, rocka edo reggaea bezalako estiloen fusioa egiten duten taldeen erreferentea.
Fangoria eta Dani Fernández asteburuan
Aurtengo sanferminetako larunbat bakarrean, hirira jende gehien etorri ohi denean, Fangoria izanen da Gazteluko plazarako musika-proposamena, Alaska eta Nacho Canut-en eskutik. Ezbairik gabe, azken berrogei urteotako Espainiako musika-proposamen ezagunenetako bat da, gaur arte arrakasta handiko ibilbidea egin duena, 1986ko A quién le importa hartatik hasi eta 2016ko Espectacular kantara arte, Ni tú ni nadie, Dramas y Comedias edo Retorciendo palabras ezagunak ere tarteko. Horregatik, eta jarraitzaile ugari duen taldea delako programatu da egun horretarako.
Asteburua osatzeko Dani Fernández izanen dugu, gaur egungo izen ezagunenetako bat, igandean 23:45etik aurrera jendearen begirada bereganatuko duena. Hainbat aldiz eskuratu du estatuko irratietako zerrendetako lehen postua, 2022 urteko Musika Mirariaren Ondas Saria jaso du, eta estatuko jaialdi handietan parte hartu du, bi bilduma hauekin: Incendios y cenizas eta Entre las dudas y el azar. Bigarren bilduma horrek zuzenean eskuratu zuen salmenta-zerrendetako lehen postua. Fernández, Auryn taldeko kideetako bat da, etaClima Tropical eta Dile a los demás abestien arrakastaren erantzulea da.
Astelehenean, uztailak 10, Funzo & Baby Loud taldearen txanda izanen da. Diskoa aurkezteko egin duten biran hiri gehienetan sarrerak agortu ondoren datoz sanferminetara. Adrian eta Juan Carlos Gomis 21 eta 28 urteko anaiek osatutako Alacanteko trap-abeslarien dueto horrek arrakasta handia du nerabeen artean 2017an debuta egin zutenetik. YouTube bidez egin ziren ezagun Sad Wind bideokliparekin. Haien bideoklipetako batzuek milioika bistaratze dituzte gaur egun. Inmortales izeneko iraupen luzeko lehen bilduma argitaratu berri dute.
Uztailaren 11n, Merina Grisek (23:45ean) eta Delaportek (09:50ean) hartuko dute txanda, indie-musika dantzagarrienera hurbiltzen den konbinazioa eskaintzeko. Gaueko saioari hasiera emateko euskal panoramako errebelazio bat izanen dugu: Merina Gris. Hori izanen du Iruñeko agertoki handi batean parte hartuko duen lehen aldia. Donostiako hirukoteak martxoan kaleratu zuen ‘Zerua Orain’ estreinako diskoa, pop eta elektronika erreferentziak biltzen dituen albuma. Delaportek hartuko die lekukoa agertokian. Delaporte une honetan Espainian proiekzio handiena duen taldeetako bat da, besteak beste, BBK, Mad Cool eta Texasko SXSW jaialdietan parte hartuko duena. Sandra Delaporte eta Sergio Salvi daude taldearen atzean, eta esku artean duten musika elektronikoko proiektu italiar-espainiar batekin etorriko dira.
Uztailaren 12an, asteazkenarekin, ETS (En Tol Sarmiento) talde arabarra iritsiko da Gazteluko Plazara. Euskaraz abesten duten talderik txalotuenetako bat izaten ari da 2023an, bere euskarazko ska-rock proposamenari eta positibotasunez betetako abestiei esker. Ekoran (Arabako Errioxa) osatu zuten taldea 2005ean, gaur egun taldea osatzen duten bost kideetatik hiruk, eta haiengan eragin handia izan zuten Kaotiko, La Polla Récords, Kortatu, Piperrak, Boikot eta Reincidentes taldeek.
Ana Menak itxiko du sanferminetako kartela
Ana Menak itxiko du hurrengo sanferminetarako Gazteluko plazako musika-proposamena, gaur egungo hiri-poparen ahots arrakastatsuenetako batek, hain zuzen ere. Malagako abeslariak hainbat abesti arrakastatsu ditu, eta gazteek plataformetan gehien bilatzen duten eta gehien abesten duten artistetako bat da. Se iluminaba eta A un paso de la luna abestiek arrakasta-zerrendetako lehen postuetara eraman dute, 2019an argitaratu zuen Index estreinako albuma kaleratu zuenetik hona. Ordudanik, estatuko eta nazioarteko hainbat ahotsekin aritu da elkarlanean, hala nola Reik eta Rocco Hunekin, A un paso de la luna-ren remixa egiteko, Macacorekin ‘La Guerra de los Besos-en edo Abraham Mateorekin Quiero decirte-n. Martxoan, Bellodrama bilduma berria kaleratu zuen. Espainiako hiri-poparen promesa handienetakotzat duten Ana Menak ukitu freskoa, gaztea eta jai-giroa jarriko ditu sanferminen agurrean.
‘Sound Fermin’ eta DJen musika Foruen Plazan
Oraingo honetan, iaz Gazteluko plazan egin zen dantza-musikaren proposamena Foruen plazara itzuliko da, eta egunean bi saio eginen dira uztailaren 6tik 14ra. Lehenbiziko ‘Arratsalde-pasa’ saioa 19:00etan hasiko da egunero. Bigarrena, ‘Sound Fermin’ izenekoa, su artifizialen ondoren izanen da, 23:30etik aurrera, egunero, 14an izan ezik, arratsaldeko saioa besterik ez baita izanen.
Aurreko edizioko ikusle-arrakastaren ondoren, Cadena 100, Los 40 principales, Europa FM estatuko irratietako eta eta Euskadi Gazteako DJek parte hartuko dute berriro Sound Fermin saioetan. Uztailaren 6an, José Manuel Durok inauguratuko ditu saioak Los 40 Dance Sessions-ekin; uztailaren 7an, Europa FMko Cuerpos especiales jaiaren txanda izanen da Javi Sánchezen eskutik. Cadena 100ek ‘megastar festa handia’ prestatu du Sergio Blázquezekin uztailaren 9an, eta, azkenik, hilaren 12an, Gazteak bere DJa, Oihan Vega, ekarriko du.
‘Sound Fermin’-en kartelaren gainerakoa beste hainbat artistarekin osatuko da, besteak beste Alex Martinirekin. Alex Martini DJa eta Espainiako musika-produktorea da eta, ‘Dime Bbsita kantak izan duen arrakastagatik egin da ezagun; izan ere, 37 milioi erreprodukzio baino gehiago izan ditu kanta horrek Spotifyn. Martinik uztailaren 10ean, astelehenean, parte hartuko du. Haren aurretik, Los Gallopez ariko dira, uztailaren 8an, larunbatean. Errioxako bikote honek goitik behera aldatu ditu dantzarako pistak, laurogeiko hamarkadako musika eta uneko arrakastarik onenak uztartuta. Bestalde, Tay de Leon asteartean, uztailaren 11n igoko da oholtzara eta hiri-musikaren aldaerak ekarriko ditu Iruñera. Omar Montes bezalako artista nazionalekin lankidetzan aritu da TagMag aldizkarirako, eta ikuskizunen irekierak egin ditu nazioarteko artista ospetsuentzat, hala nola Lil Pump, Myke Towers, Marc Anthony eta Camilorentzat.
‘Sound Fermin’-eko azken emanaldia uztailaren 13an izanen da, ostegunarekin, Henry Mendezen eta Carmen Delafuenteren eskutik. Henry Mendez nazioarteko showmanak, diskotekarik onenetan eskari handia duenak, milioi bat erreprodukzio baino gehiago ditu hilero Spotify, YouTube eta Amazon Music plataformetan, eta besteak beste, El Tiburón, Rayos de Sol eta ‘Mi Reina abestiak dira horietan entzun daitezkeen abestiak. Musika komertzialaren promesa gazte, TikTokeko Dj ofizial eta Ushuaiako (Eivissa) Dja den Carmen Delafuentek, bere mashupekin publikoa dantzaraziko du.
Foruen plazako ‘Arratsalde-pasa’ saioak uztailaren 6an, arratsaldeko zazpietan hasiko dira, César Gallarden eskutik. DJ horrek rocka, popa, indiea eta musika kluba nahasten ditu. Ondoren, uztailaren 7an, ostiralarekin Isis DJa etorriko da, eta uztailaren 8an, larunbatarekin, Javitron eta ESS DJa, Me liaron los 90’s jaia ospatzera. Igandean The djs iritsiko da Valentziatik, astelehenean David G-ri lekukoa emateko. Asteartean Sergio Moyaren txanda izanen da, asteazkenean Javi Varez DJarena eta ostegunean Two House DJS etorriko da Calahorratik. Uztailaren 14an, ostirala, Diego Aresek itxiko du egitaraua.
SANFERMINETAKO KONTZERTUAK GAZTELUKO PLAZAN
Uztailak 6, osteguna
- 23:45 Ana Torroja
Uztailak 7, ostirala
- 23:45 La Sra. Tomasa
- 00:50 Lágrimas de Sangre
Uztailak 8, larunbata
- 23:45 Fangoria
Uztailak 9, igandea
- 23:45 Dani Fernández
Uztailak 10, astelehena
- 23:45 Funzo & Baby Loud
Uztailak 11, asteazkena
- 23:45 Merina Gris
- 00:50 Delaporte
Uztailak 12, asteazkena
- 23:45 ETS (En Tol Sarmiento)
Uztailak 13, osteguna
- 23:45 Ana Mena
SANFERMINETAKO DJAK FORUEN PLAZAN
Uztailak 6, osteguna
- Arratsalde pasa: César Gallard
- Sound Fermin: Los 40 Dance Sessions. José Manuel Duro
Uztailak 7, ostirala
- Arratsalde pasa: Isi DJa
- Sound Fermin: Europa FMren festa. Cuerpos Especiales, Javi Sánchezen eskutik
Uztailak 8, larunbata
- Arratsalde pasa: Me liaron los 90’s festa, Javitronen eta ESS DJaren eskutik
- Sound Fermin: Los Gallopez
Uztailak 9, igandea
- Arratsalde pasa: The djs
- Sound Fermin: Cadena 100. Megastar festa handia, Sergio Blázquezen eskutik
Uztailak 10, astelehena
- Arratsalde pasa: David G
- Sound Fermin: Alex Martini
Uztailak 11, asteazkena
- Arratsalde pasa: Sergio Moya
- Sound Fermin: Tay de Leon
Uztailak 12, asteazkena
- Arratsalde pasa: Javi Varez Dja
- Sound Fermin: Gaztea. Oihan Vega.
Uztailak 13, osteguna
- Arratsalde pasa: Two House DJS
- Sound Fermin: Henry Mendez + Carmen Delafuente
Uztailak 14, ostirala
- Arratsalde pasa: Diego Ares