Urtarrilean hasi da Irakur dezagun irakurzaletasuna sustatzeko programa: Iruñeko Udalak antolatuta, ikasleendako saioak dira, eta egitasmoak 30 urte bete ditu ikasturte honetan. Lehenengo lauhilekoan orientazio-bilerak egin dira Lehen eta Bigarren Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Helduen Hezkuntzako zentroekin. 71 bilera izan dira, hori baita ikasturte honetan izena eman duten ikastetxe publiko eta itunduen kopurua. Hori horrela, Irakur dezagun programa eskatzen ahal duten zentroen % 98,5ek izanen dute egitasmoaz gozatzeko aukera. Ratioa % 100ekoa da kategoria guztietan, Bigarren Hezkuntzan (DBHko 1. eta 2. mailak) izan ezik, % 96,30ekoa baita.
Irakur dezagun programa euskaraz zein gaztelaniaz eskaintzen da, eta parte hartu nahi duten ikastetxeek ekainetik irailera bitarte egiten ahal ditu hurrengo ikasturterako eskaerak. Hiru jarduera-mota egiten dira: irakasleendako orientazio-mintegiak, oso saio egokiak irakurgaiei buruzko aipamen eguneratuak emateko (282 lagunek parte hartu dute); ahozko narrazio-saioak, hau da, munduko hainbat herrialdetako herri-ipuinen aurkezpena, eta haur-literaturako idazleekin egindako topaketak, eta horren barruan, egile horiek ikastetxera joan aurretik, haien kontakizunak irakurtzen dira. Datozen hilabeteetan 206 ahozko narrazioko saio eta topaketak eginen dira 44 sortzaile ingururekin.. Aurreikuspenen arabera, ikasleak eta irakasleak kontuan hartuta, ikasturte honetan 8.939 lagunek parte hartuko dute, guztira. Saioak gaztelaniaz, euskaraz, gaztelania/ingelesez eta frantsesez ematen ahal dira.
Iruñeko Udalaren irakurzaletasuna sustatzeko programa Fomento Iniciativas Recreativas y Artísticas SL enpresarekin egindako kontratuaren bidez garatzen da. Programak xede du irakurtzeko gaitasunaren garapena sustatzea, ikasleei bidea emanez testu mota desberdinak ulertu, hausnartu eta interpretatzeko gai diren irakurle bihurtzeko. Halaber, irakasleak ere programaren parte egiten ditu, helburu komun baten alde elkarrekin lan egiteko, eta eskoletako liburutegien erabilera sustatzen du, irakurtzeko gaitasuna garatzeko espazio gisa.
Programa, gainera, irakurketa-buletin bati lotuta dago. Aste honetan, ‘Calco’ aldizkariaren 29. alea argitaratu da, eta dagoeneko eskuragarri dago ikastetxe guztietan. Oraingoan maketazio digitalaren bidez egin da, eta 24 orri izatetik 32 izatera pasa da. Ale bakoitzak 131 irakurketa-gomendio eta José Fragosok lagatako ilustrazioak barne hartzen ditu, bai eta Victoria Gullon erromantze-kantari eta ahozko narratzaileari egindako elkarrizketa sakon bat ere.