70etik gora ostalaritza-establezimenduk eta jai-gunek bat egin dute Udalaren edalontzi berrerabilgarriaren sistemarekin, sanferminetarako

70etik gora ostalaritza-establezimenduk eta jai-gunek bat egin dute Udalaren edalontzi berrerabilgarriaren sistemarekin, sanferminetarako
Del otro vaso paso, aski dut batekin lelopean, eta 500.000 ale baino gehiagoz, edalontzi horien erabilerari eutsiko zaio, hondakin-kopurua murriztu eta plastikorik gabeko jaien alde egiteko
Irudia

Sanfermin hauetan ere, Iruñeko Udalak edalontzi berrerabilgarriaren sistemaren aldeko apustuari eutsiko dio, bai eta hondakin-murrizketaren eta plastikorik gabeko kulturaren eta festen aldekoari ere. Aurten 70 jai-gunek egin dute bat sistemarekin, tartean hiriko 60 ostalaritza-establezimenduk eta Alde Zaharreko peñek, San Nicolas, Navarrerria, Caldereria, Jarauta eta Estafeta kaleetakoek, bai eta Udalak egin dituen lagapenetako guneek ere (Foruen plaza, Labrit pilotalekua eta Zezen-plaza, besteak beste). 500.000 edalontzi berrerabilgarri baino gehiago egongo dira erabiltzeko.

Del otro vaso paso, aski dut batekin lelopean eta edalontzi horiek berrerabiltzearen bidez informazioa eman nahi da hala sistemaren nola horrek dituen ingurumen- eta garbiketa-abantailen inguruan. Izan ere, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera, foru-arauek erabilera bakarreko plastikoak (platerak, edalontziak, katiluak, azpilak...) debekatuko dituzte. Udalaren edalontzi berrerabilgarria hiru neurritan dago eskuragarri: 30 zentilitrokoa, 50ekoa eta 100ekoa. Berdea da, eta garden xamarra. Edalontzi berdina erabiltzen dute sistemarekin bat egin duten lokal guztietan, horrela nahi beste alditan erabili edo hura aldatu ahal izateko. Udalaren edalontzi berrerabilgarriak ez dauka zirrindolarik, horrela garbiketan hobeki deuseztatzen baitira mikroorganismoak, eta errazagoa da hura itzultzea ere. Iruñeko Udalak doan banatuko du bestelako edalontzi berrerabilgarri bat, ezarritako itzulketa-sisteman sartzen ez dena, beste ekitaldi-gune batzuetan: Foruen plazako Gazte Eremuan, Media Lunako Kirol Ari gunean eta uztailaren 14an kultur elkarteek egiten duten kalejiran, besteak beste. 

Edalontziak ez du inondik inora beirazko ontziteriaren lekua hartu nahi. Horregatik Iruñeko Udalak establezimendu eta guneei azpimarratu die badutela aukera beirazko ontziak erabiltzen jarraitzeko, hori hondakinak murrizteko eta bezeroei kalitatea eskaintzeko modu ona baita.

Edalontzi berrerabilgarriaren funtzionamendua
Bezeroak edalontzia eskuratzen du, eskatzen duen edariaren prezioaz gain euro bateko fidantza aurreratuta. Fidantza horren xedea da ontzia egiteko erabiltzen diren baliabideak azpimarratzea, eta herritarrek arduratsu jokatzea edalontzia itzultzeari dagokionez, hori eginez gero ez baita hondakin bihurtuko. Erabiltzaileak behin edo nahi beste alditan erabili dezake edalontzia. 

Edalontzi berrerabilgarri hori erabiltzeari utzi nahi dionean, hura eskuratu zuen establezimenduan edo sistemari atxikitako beste edozeinetan utzi dezake, eta lehen aurreratutako euroa itzuliko zaio. Lagun bakoitzak 5 edalontzi itzuli ahalko ditu, gehienez ere. Kontsumitzaileek erraz jakingo dute zer establezimenduk egin duten bat sistemarekin, jai jasangarriagoen alde laguntzen ari direla jakinaraziko duten identifikazio-kartelak izango dituztelako.

Iaz bezala, aurten ere Varazdin fundazioa arduratuko da edalontzi berrerabilgarriaren sistema kudeatzeaz. Egunero, kanpainari atxikitako lokaletan banatuko dira udal-edalontziak, zikinak bildu eta eskatzen zaizkion edalontzi garbiengatik ordezkatuko ditu, betiere erabat bermatuta higiene- eta osasun-baldintzak zein hornidura, halako moduan non ez baita edalontzi berrerabilgarririk faltako ezein unetan.

Del otro vaso paso, aski dut batekin
Horixe da kanpainaren leloa, eta xedeak, honako hauek: edalontzi berrerabilgarriaren berri ematea, funtzionamendua azaltzea eta herritarrei dei egitea jai jasangarriagoen alde aritzeko, parte hartzeko eta engaiatzeko. Halaber, kanpainak gogora ekartzen ditu erabili eta botatzeko edalontziak berrerabilgarriengatik ordezkatzeak hiriari maila guztietan dakarzkion onurak. Besteak beste, hondakinak nabarmen murrizten ditu, eta hiriarekiko zein bizilagunekiko begirunea handitzen, elkarbizitza errazten baitu. Gainera, plastikorik gabeko kulturaren alde aurrerapausoak ematen dira.

Komunikazio-kanpainarako hainbat euskarri prestatu dira, lau hizkuntzatan (gaztelania, euskara, ingelesa eta frantsesa), informazio-karteletan eta GIF animatu batean ikusi ahalko direnak. Orobat, baliabide horiek hedabide sorta zabalaren bidez mugitzea (mugitzen ari dira jada) aurreikusi da, adibidez, sare sozialetan, Gazteluko plazako kanpo-publizitatean, autobus-geltokietan, Merindadeen plazan eta Descalzos kaleko igogailuan; dibulgazio-eskuorriak ere badaude, eta informazioa bidaliko da bisitarien jatorri-puntuetara.

Edalontzi berrerabilgarria izango duten establezimenduei kanpainari buruzko informazio-euskarriak banatuko zaizkie, eta jarduteko protokoloa. Horrela, ostalarien egitekoa erraztu nahi da erabili eta botatzeko edalontzitik berrerabilgarrirako trantsizio-aldi horretan. Sistema ezagutzera emateko xedez, jarduketa horiek guztiak Udalaren alor ezberdinekin koordinatu dira, bai eta Iruñerriko Mankomunitatearekin eta Hondakinak Prebenitu eta Ekonomia Zirkularra Sustatzeko Bulegoarekin ere.

 

EDALONTZI BERRERABILGARRIAREN DEKALOGOA

 

  • Zergatik ordaindu behar da euro bat edalontzi berrerabilgarriaren truke? Edalontzia itzularazteko; eta ez bada itzultzen (lurrera botatzen edo hortik uzten bada) “nork kutsatu, hark ordaindu” premisa betearazteko.
  • Zergatik ez dauka zirrindolarik? Zirrindolak zaildu egiten du behar bezalako garbiketa, eta horren ondorioz errazago ager daitezke mikroorganismoak; gainera, edalontzia ez da zertan batetik bestera eraman.
  • Edalontzia aldatuko didate beste edari bat eskatzen dudan aldiro? Hala nahi baduzu, bai.
  • Itzuliko al didate euroa edalontzia puskaturik, margotuta edo egoera txarrean itzultzen badut? Ez.
  • Edalontziak egunero garbitzen al dira, eta horrela higiene-kalitatea bermatu? Bai, garbiketa-tren batean garbitzen dira (ontzi-garbigailu industrialean) eta higiene- zein osasun-bermea erabatekoa da.
  • Zein da lor daitekeen emaitzarik onena? Bezeroek edalontzi berrerabilgarrien % 100 itzultzea.
  • Beirazko edalontzian zerbitzatzen ahal didate? Jakina; beira da aukerarik jasangarriena, ingurumenaz bezainbatean, ez duelako hondakinik sortzen eta lokalean bertan garbitzen delako.
  • Bestelako edalontzi berrerabilgarriak itzuliz gero, emango didate euroa bueltan? Ez, euroa itzuliko da udal-sistemaren edalontzi berdearen truke soilik.
  • Zerez egina dago edalontzi berrerabilgarria? Polipropilenoz, erabilera bakarreko edalontziak bezala. Gogorra denez, garbitu daiteke, baina lurrera botatzen bada askoz okerragoa da; izan ere, edalontzi berrerabilgarri hori, bere ezaugarriak direla eta, erabili eta botatzeko 8 edalontziren baliokidea da.
  • Bizitza baliagarria amaitutakoan, birziklatu al daiteke edalontzi berrerabilgarria? Bai, baina elikadura-legeekin bat, ezin da erabili beste edalontzi berrerabilgarri bat egiteko, baizik eta hiri-altzariak egiteko.
¿Te ha sido útil esta página?