590 pertsonak alta hartu dute NBici-Biziz bizikletendako aparkaleku publiko seguruen Sarean; zerbitzua otsailean abiatu zen hiru gunerekin eta abuztuan osatu, beste hirurekin. Aparkalekuak honako toki hauetan daude: Autobus-geltokiaren ondoan, Iturramako Civivoxaren ondoan, Zezen-plazan, Mendebaldean –Nafarroako Liburutegi Nagusiaren ondoan–, Ospitalegunean eta Txantreako Arriurdiñeta plazan. Guztira 300 txandakako plaza dira. Bakarrik Txantrean esleitu zaizkie aparkaleku-plazak auzotarrei egunerokoan erabil ditzaten, auzoan ez baitago udal-toki estalirik bizikletak gordetzeko.
Alta hartu dutenek bideozaintzapeko aparkaleku estali hauetan uzten ahal dute bizikleta, eguneko 24 orduz, asteko zazpi egunetan, hilabetean 2 euroko tarifa ordainduta. Hilabeteko oinarrizko tarifak bidea ematen du bizikletak sei aparkalekuetan modu seguru eta babestuan aparkatzeko, 48 ordu jarraitu bitarteko denbora-zatikietan. Plazen txandakatzea bermatze aldera, behin denbora hori pasata, bizikletak aparkatuta jarraituz gero, erabiltzaileak 50 zentimo gehiago ordaindu beharko ditu ordu bakoitzeko. Halaber, erabiltzaile batek bizikleta aparkalekutik ateratzen duenean, gutxienez hamar minutu igaro beharko dira berriz ere sartu aurretik beste denbora-zatiki bat zenbatzen hasteko. Aparkaleku bakoitzak 50 leku, bizikleta elektrikoetarako 2 kargagune adimentsu eta gurpiletarako puzgailu bat dauzka.
Alta hartzea app-aren edo webgunearen bidez
Alta app-aren edo webgunearen (www.pamplona.es/nbici/ www.pamplona.es/biziz) bidez har daiteke sarean. Behin alta hartuta, hiru modu izanen ditu erabiltzaileak aparkalekuetara sartzeko. Lehenengoa, app-aren bidez gailu mugikorrean hautatutako aparkalekuko ‘atea’ botoiaren gainean klik eginez; bigarrena, erabiltzaileari zerbitzuan alta hartzean emanen zaion sarbide-kode pertsonala atearen teklatuan sakatuta, eta hirugarrena, aparkaleku bakoitzeko argibide-panelean agertzen den telefonora deitu eta, linea komunikatzen dagoela, atean dagoen teklatuko kanpaiaren irudia sakatuta.
Tokiko Gobernu Batzarrak NBici-Biziz sareko kudeatze- eta mantentze-lanez arduratuko den enpresa aukeratzeko esparru-hitzarmena luzatzea onetsi du, 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra. Hortaz, Intelligent Parking SL enpresak segituko du edukitzen hitzarmenetik eratorritako kontratu jarraituen esleipena.
207.784 erabilera-ordu, eta emakumeek gero eta gehiago erabiltzen dute bizikleta
Alta hartu duten 590 pertsonek 207.784 orduz erabili dute zerbitzua, hau da, bizikletak 36.011 aldiz aparkatu dituzte. Aparkalekurik erabiliena Ospitalegunekoa da: 137 pertsona, eta horren ostean, Zezen-plazakoa, 113.
Haietako % 53 gizonak dira, eta % 47, emakumeak. Alde hori txikiagoa da bizikleten erabilerari buruzko inkestek bizikleta-erabilera sexuen araberako banaketan erakusten dutena baino. Adibidez, Iruñean 2017. urtean Bidegorrien Planaren barruan egindako mugikortasun-inkestan, proportzioa zen % 63, gizonak, eta % 37, emakumeak. Horrek erakuts dezake NBici-Biziz sarearen diseinuak –segurtasuna eta irisgarritasuna bermatuta– bultzatu duela bizikleten erabilera emakumeen artean.
Erabiltzaile-multzorik handiena (% 16) 40 eta 50 urte bitartekoa da, baina 30 eta 40 urte bitartekoen portzentajea (% 14) eta 20 eta 30 urte bitartekoena (% 13) nahiko antzekoak dira. Gehienak Iruñekoak dira, baina badatoz baita ere herri mugakideetatik, hala nola Zizur Nagusitik (19 lagun), Burlatatik (12 lagun) edo Uhartetik (9 lagun).
Sarrerak, 07:00etatik 14:00etara, eta irteerak, 14:00etatik 16:00etara
Sartzeko puntako orduak 07:00ak eta 14:00ak dira, baina 08:00etan eta 15:00etan ere bizikleta asko sartzen dira. 21:00etan ere bizikleta asko sartzen dira, eta neurri txikiagoan, arratsaldeko gainerako orduetan eta 09:00etatik 13:00etara. Irteerak, alde handiz, gehienez 14:00etatik eta 16:00etara gertatzen dira. Azpimarratzekoak dira, baita ere, 08:00, 18:00 eta 20:00etakoak. Egonaldiak, batez beste, 6,35 ordukoak izaten dira.
Egun eguzkitsuetan erabiltzen dira gehienez bizikletak joan-etorriak egiteko; baina Mugikortasun Zerbitzuak egindako azterlan batean ikus daiteke, ezen, euriak zertxobait gutxitzen badu ere erabilera, pentsa daitekeen baino gutxiago murrizten duela, euri jasako egunetan erabiltzaileen % 22k baliatzen baititu aparkalekuak; euri moderatuko egunetan, % 53k, eta euri gutxikoetan, % 73k. Bizikletak estalpean gorde ahal izatea izan daiteke jende askok bizikletaz mugitzen segitzeko arrazoietako bat. Egunei dagokienez, astegunetan sarrera-kopurua antzekoa izaten da, eta asteburuetan % 40 jaisten da.
Txandakatzez besteko beste bost gune auzotarrentzat
Aparkalekuen sare hau auzotarrendako aparkaleku diren bost lokalekin osatzen da: Descalzos kaleko 23koa eta 27koa eta San Antonekoa, Alde Zaharrean; Urzainki kaleko 14koa, Arrotxapean; eta Guelbenzu zeharkaleko 8koa, Milagrosan, auzo horietan etxebizitzetan igogailurik ez egoteak eta oztopo arkitektonikoek bizikleta erabili eta gordetzea zailtzen baitute. Jakiteko aparkatze-plaza librerik dagoen, kontsulta bat egin dateke Mugikortasun Zerbitzuaren helbide elektronikoan (movilidad@pamplona.es) edo 948420974 telefonoan.
Hirian ziklisten mugikortasuna bultzatzea –bidegorrien eta bizikletetarako aparkalekuen bidez– ‘Go Green Iruña’ Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategiaren lan-ildoen parte da, horren xede nagusia baita isurketa kutsagarriak drastikoki murriztea.