Iruñeko Udalak adin eta ikusle mota guztiendako jarduerez jositako programa aurkeztu du aurten sanferminetarako, zeinean haurrendako jarduerek garrantzi nabarmena baitute, gune berri bat prestatu baita, Kirol Ari izenekoa, eta gazteendako programazio berezi eta zabala ere eskainiko delarik. Hiriko folklore-aniztasuna aditzera ematen duten askotariko hitzordu musikalak ere hartzen ditu barne; 2018 honetan emakumeen presentzia izango duten su artifizialen bildumak jaurtitzeko eremua handitu da; eta programan ezinbesteko diren beste jarduerei eutsi zaie, besteak beste, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsari eta herri-kirolei.
Iruñean, uztailaren 6tik 14ra, iaz programatutako 425 bat ekitaldiri gehitu behar zaizkio egunero egitekoak diren sei jarduera, Kirol Ari gune berrian kirol federazioek egingo dituztenak, eta gazte-eremuan egun jakin batzuetan erantsi diren beste jarduera batzuk. Udal-programan 490 ekitaldi inguru izango dira guztira, eta horiez gain, dozenaka ekitaldi programatu dira hiriko kolektibo eta elkarteek kudeatzen dituzten bost herri-gune partizipatiboetan.
Programazioaren oinarri dira aniztasuna, emakumeen presentzia eta adin guztietako jende mota oro aintzat hartzen duen eskaintza, eta gainera, bereizgarrietako bat da programazioa Udalarena izanagatik askoren arteko parte-hartze bateratuaren bidez osatu dela, marka guztiak hautsita. Guztira 58 kolektibok parte hartu dute, eta horietatik 36k zuzenenean parte hartzen dute, programazio-mahaiaren bitartez, ekitaldien diseinu praktikoan, zeinaren azken emaitza hiru bileraren ostean zehaztu baita.