55 ibilgailuk, 80 edukiontzi gorrik eta 800 paperontzik baino gehiagok osatzen dute sanferminetako garbiketa-lanen dispositiboa

55 ibilgailuk, 80 edukiontzi gorrik eta 800 paperontzik baino gehiagok osatzen dute sanferminetako garbiketa-lanen dispositiboa
Komunak jarri dira Alde Zaharreko eta ingurumarietako 68 tokitan eta hiriko lorategiak babestu dira
limpieza


Lau egun baino ez dira falta sanferminen hasierarako eta Iruña erabat aldatu da bederatzi eguneko jaietara eta hiriko kale nagusietan pilatuko diren bisitari eta bertako jendeari egokitzeko. Hiri-altzari batzuk kendu dituzte –eserlekuak eta bizikletendako aparkalekuak kasurako– eta jaietako agertokiak eta oinezkoak errepideko zirkulaziotik babesteko sistemak instalatu dituzte. Halaber, hainbat dispositibo diseinatu dituzte, garbiketakoa esaterako, hiria egunero normaltasunera ahalik eta azkarren itzultzeko, eta bai plantillan bai ekipamendu eta ibilgailuetan errefortzuak jarri dituzte. 

Oraingoz, Alde Zaharreko eta Zabalguneko kale nagusietan 800 eta 1000 litro bitarteko 80 edukiontzi gorri instalatu dituzte jada, bai eta 120 litroko 800 paperontzi, gorriak ere, jai egun hauetan sortuko diren hondakinen zati handi bat jasotzeko. Hala ere, azken bi urteotan, hondakinen gaikako bilketa egiteko edukiontziak ere jarri dituzte (horia ontzietarako, grisa errefusa botatzeko, urdina paperarendako...) festetan ere birziklapena sustatze aldera. Gazteluko plazan, Karlos III.aren etorbidean, Sarasate pasealekuan, Vínculo plazan eta Foruen plazan jarri dituzte, batez ere. 

Aurten, 253 eta 317 lagun bitartek osatuko dute, egunero, garbiketa-lanen dispositiboa, brigadetan, lantaldetan, txandetan eta eremutan antolatuta, hiriaren gehiengoa hartzeko. Denek izanen dituzte hiria ahalik eta azkarren garbitzeko behar duten ekipamendua eta makineria. Oinez garbitzeaz gain, 55 ibilgailu ere erabiliko dituzte, horietatik 38 berriak eta 17 elektrikoak izanen dira. Besteak beste, 17 erratz-makina, urez garbitzeko 10 ibilgailu eta 11 zisterna erabiliko dituzte. 

Plantillari dagokionez, goizaldeko, goizeko eta arratsaldeko txandetan antolatuko da. Goizaldeko zerbitzua hamar pertsonako hiru brigadek osatuko dute eta 04:00etatik 10:30era bitarte arituko dira lanean. Iaz egin bezala, arreta berezia eskainiko zaio Foruen plazako eremuari, eta 01:15etik aurrera, SoundFermin! zikloa amaitutakoan, ekorketa bikoitza eginen da bertan. Goizeko txandan (06:00etatik 12:30era) kide kopuru desberdinetako (4 eta 25 pertsona bitarte) hamar brigada arituko dira, lan-eremuen arabera. 

Aurten, brigada horiek arreta berezia eskainiko diete San Jose plazako eremuari eta Baluarteko plazari, Sarasate pasealekuan egin ohi ziren ekitaldiak toki horietara lekualdatu behar izan baitituzte hiriko gune horretan obrak daudelako. Autobus-geltokiaren ondoan dagoen belardia garbitzeaz arduratzen den brigada ere indartuko da: berdegune horretan ezin da baliabide mekanikorik erabili geltokiko itogin-arazoak konpontzeko egiten ari diren obrak direla eta.

Goizaldeko eta goizeko zerbitzuetan 17 erratz-makina, urez garbitzeko 9 ibilgailu eta urez garbitzeko 11 zisterna erabiliko dira. 

Azkenik, arratsaldeko txanda 14:00etatik 22:30era bitarte arituko da lanean, bi eta lau lagunek osatutako taldeetan eginen dituzte garbiketa-lanak eta presako abisuei erantzuteko ibilgailu osagarri bat izanen dute. Arratsaldeko zerbitzuetan 5 erratz-makina, urez garbitzeko 2 ibilgailu eta urez garbitzeko 4 zisterna erabiliko dira. 
Ordutegi eta eginkizun banaketa horretatik kanpo, zerbitzu bereziak ezarriko dira Alde Zaharrean, batez ere, uztailaren 6an eta asteburuan. 

Komun garraiagarriak eta isunak bide publikoan pixa egiteagatik
Hiria errespetatzeak eta garbiketan laguntzeak duen garrantziari buruz kontzientziatzeko, Udalak bi informazio-kanpaina kaleratu ditu. Alde batetik, garbiketako-ibilgailuek “Lanean ari gara. Lagundu, gozatu’ leloa eramanen dute, herritarrek garbiketa-brigaden lana errespetatu eta lanean ari direnean laguntzeko xedez. 

Baina, gainera, komun garraiagarrien erabilerari buruzko beste kontzientziazio-kanpaina bat kaleratuko da ere, bide publikoan pixa egitea ekiditeko. Zentzu horretan, hiriko hainbat tokitan ‘Hau ez da pixa egiteko lekua. Gozatu eta lagundu’ mezua duten olanak jarriko dira. Horren ondoriozko usainak eta zikinkeria ekiditeko, Iruñeko Udalak komunak jarri ditu herritarren eskura hiriko 68 tokitan. Horietatik, 37 Alde Zaharrean barna daude eta, beste 31, ingurumarietan, hiri guztiari zerbitzu emateko. Zehatz-mehatz, hirian egon ohi diren komunen kopurua handitu da, eta horretarako, jada modulu eramangarriak jarri dira toki hauetan: Antoniutti, Taconera, Gaztelugibel, Redingo aldapa, Zamargileen zubia, Trinitarios, Askatasun plaza, Konstituzio plaza, Labrit, Gazteluko plaza, Navas de Tolosa kalea, Zezen-plaza, Museoko aldapa, Pellejerías zokoa, San Frantzisko plaza, Calderería eta ganadu-azienda. Gazteluko plazan, komun publikoen trailerraren ordez, kalean bertan dauden kabinak jarri dira; hala, kabina eta pixatokien kopurua handitu da, eta horri esker, gehiago eta azkarrago erabiltzen ahal dira komunak. Desgaitasuna duten pertsonendako egokitutako komunak barne hartzen dira. Azkenik, gaur (osteguna) Santa Ana plazan eta Ahumada Dukearen kalean komun modularrak jartzea aurreikusten da.

Halaber, sanferminetan, komun publiko konbentzionalak ordu gehiagoz egonen dira irekita, 24 orduz alegia. 
Gainera, parkeak eta lorategiak babestu dira jende gehien pilatzen den tokietan, hiriko berdeguneak zaintzeko xedez. Zehatz-mehatz, 3 metro luze diren 1.400 hesi jarri dira, eta guztira 4.200 metro hesi izanen dira hirian. Gaztelugibelari dagokionez, segurtasun-arrazoiak direla eta jarriko dira hesiak, su artifizialak egin bitartean material piroteknikoa eror dadila saihesteko.

Horrez gain, oinezkoen segurtasuna bermatze aldera, Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorrak beste 5.000 metro hesi jarriko ditu Iruñeko hainbat gunetan: besteak beste, harresien perimetroan eta jende-pilaketen ondorioz arriskutsuak diren beste gune batzuetan. 

Kontzertuetarako agertokiak eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko hesiak
Horrez guztiaz gain, hiriko plaza nagusietan agertokiak jartzen ari dira sanferminetako kontzertuetarako. Compañía, San José, Foruen eta Gazteluko plazetako agertokiak jartzen ari dira, baina baita Antoniutti eta Taconerakoak ere, eta guztiek Iruñeko egunerokoa eraldatzen dute. 

Era berean, oinezkoen segurtasuna bermatze aldera, ibilgailu motordunek sarbide mugatua izanen dute bereziki jendetsuak diren guneetara: Jertse erako 300 hesi –97 hormigoizkoak eta 212 plastikozkoak– jarri dira horretarako, Alde Zaharreko eta Zabalguneko oinezkoen gune nagusiak perimetralki ixteko, baita Taconeran eta San Ignazio etorbidean kokatutako tamaina handiko 30 loreontzi-euskarri ere. Horri guztiari esker, oinezkoak modu seguruan paseatzeko eta ibiltzeko guneak sortzen dira.

 

¿Te ha sido útil esta página?