
Guztira, 506 lagunek parte hartu dute Parte-hartzeko eskolak 2025-2026ko ikasturtean antolatutako prestakuntza-ekintzetan; horrek argi eta garbi erakusten du herritarren parte-hartzea, boluntariotza eta hiriko elkarte-ehuna indartzeko erreferentziazko prestakuntza gune gisa finkatu dela. Prestakuntza-ekintzak hiruhilekoak eta doan izan dira eta Zentro Elkarlaneko Gunean egin dira. Ikastaroek ongi finkatutako hiru gai dituzte ardatz: boluntariotza eta herritar aktiboak, asoziazionismoa indartzea eta herritar- eta komunitate-sareak garatzea; parte-hartzaileen % 63k osorik egin zituen.
Eskolak baloratu duenaren arabera, datu horiek erakusten dute herritarrek etengabe eskatzen dutela elkarteen kudeaketarekin, parte-hartze sozialarekin eta parte hartzeko trebetasun pertsonalekin lotutako prestakuntza. 2026-2027ko ikasturterako antolatutako ikastaroetan izena emateko epea irailean irekiko da.
Prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaile gehienak goi-mailako prestakuntza akademikoa duten 40 eta 60 urte bitarteko emakumeak (% 83,9) izan dira. Gainera, izena eman duten pertsonen % 57k elkarteren batean parte hartzen dute; horrek berresten du Eskola elkarte-mugimenduari eta herritar aktiboei laguntzeko tresna garrantzitsua dela. Ikastaroen balorazioari eta parte-hartzeari dagokienez, honako hauek dira hoberen baloratutako ikastaroak: ‘Jendaurrean hitz egitea’, ‘Emozioen kudeaketa eta sentimenduen iparrorratza bizitza sozialerako’ eta ‘Enpatia eta komunikazio ez-bortitzaren 4 gakoak’.
Hurrengo edizioetarako berrikuntzak
Programaren balantzeari esker hobetu beharreko hainbat arlo identifikatu dira eta horiek etorkizuneko edizioen plangintza zehaztuko dute. Besteak beste, hauek nabarmentzen dira: erakundeen parte-hartzeari eta kudeaketari aplikatutako gaitasun digitalak indartzea; talde-jarduna bideratzeari eta metodologia parte-hartzaileei buruzko prestakuntzak areagotzea; parte-hartze inklusiboagoa eta irisgarriagoa bultzatzeko neurriak txertatzea; eta herritarren erakundeen artean esperientziak trukatzeko espazioak sortzea.
Ildo horretan, eta ekintza zehatz gisa, Udalak hainbat kolektiborendako topaketa eta berariazko prestakuntzak sustatzeko asmoa du –hala nola Auzo-kontseiluendako, gurasoen elkarteendako eta adinekoen sareendako– berdinen arteko ikaskuntza eta lan komunitarioa sustatzeko.
Halaber, hurrengo edizioetako programazioak honako hauek ere barne hartuko ditu: inaugurazio- eta amaierako-hitzaldiak, argitalpen espezializatuen aurkezpenak eta Parte-hartzeko Eskolako liburutegiari eta Gizarte Berrikuntzaren Sariei lotutako jarduerak. Horrela, Eskola indartuko eginen da, herritarren parte-hartzearen zerbitzura ikasteko, hausnartzeko eta esperientziak trukatzeko espazio iraunkor gisa.