500 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute 2021ean Iruñean hegaztiendako aterpeak eraiki eta jartzeko Aterpeak proiektuan

500 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute 2021ean Iruñean hegaztiendako aterpeak eraiki eta jartzeko Aterpeak proiektuan
Udalak Ilundain-Haritz Berri fundazioaren lankidetzarekin bultzatutako ekimena 2018an jaio zen, eta dagoeneko 352 habia-kutxa instalatu dira

Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Hamar bat ikastetxeko 500 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute ikasturtean zehar Iruñeko hainbat parke eta zuhaitzetan hegaztiendako aterpeak eraiki eta jartzea sustatzen duen Aterpeak proiektuan. Iruñeko Udalak Ilundain-Haritz Berri fundazioarekin lankidetzan, ekimen hori bultzatu zuen 2018an, eta ordutik aurrera, 352 habia-kutxa instalatu dira hainbat hegazti espezierendako. Joan den ikasturtean soilik, 56 instalatu ziren.

Programa ikastetxe eta elkarte guztiei zuzenduta dago. Azken urtean, Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako 1. mailako ikasleek parte hartu dute. Hezkuntza-lantegien eta ingurumenaren gaineko kontzientziazioaren bidez, haurrei informazioa ematen diete Iruñeko zerua zeharkatzen duten askotariko espezieei eta habiak egiteko duten moduari buruz. Halaber, dauden habia-kutxa mota ezberdinak erakusten dizkiete, espezie bakoitzaren beharrei erantzuteko. Kutxak Ilundain-Haritz Berri fundazioko zurgintza lantegi profesionaleko ikasleek egiten dituzte, eta ikastetxeetako ikasleek nahi bezala apaintzen dituzte behin betiko kokapenean jarri baino lehen. Ikasleen lanak, nagusiki, hegazti intsektiboroen kutxak ditu ardatz, egiteko errazagoak baitira. Izan ere, espezie bakoitzak habiak egiteko ohitura ezberdinak ditu, habian sartzeko zuloak posizio desberdinetan jarriz: kasu batzuetan aurrealdean, beste batzuetan goialdean eta beste batzuetan behean. 

Ilundain-Haritz Berri fundazioko profesionalek ematen dituzten lantegietan kasu horien guztien berri ematen diete txikienei, eta hegazti-espezieek ekosistemaren kontserbazioan betetzen duten funtsezko zeregina jakitera ematen diete. Lantegiek bi saio teoriko-praktiko dituzte. Lehenengoan, hiriko hegaztien egoera zein den ezagutzen dute, zeintzuk dira ohikoenak, habia-kutxen eginkizuna... eta, ondoren, ikasleek kutxen muntaketa amaitu eta nahi bezala apaintzen dituzte. Kutxak etiketa batekin identifikatzen dira eta ikastetxeko zuhaitzetan kokatzen dira, halakorik egonez gero. Hala ez bada, inguruetan kokatzen dira. Azkenik, horien geoerreferentzia egiten da. Bigarren saioan, hilabete batzuen buruan, kutxak aztertzen dituzte bete dituzten jakiteko.

Azken ikasturtean egindako 36 lantegietan honako ikastetxe hauetako ikasleek parte hartu dute: García Galdeano IP, Nicasio Landa IP, Hegoalde Ikastola, Cardena Ilundain HLHIP, Navarro Villoslada BHI, Esclavas Sagrado Corazón ikastetxe itundua, San Frantzisko IP, Ermitagaña IP, Iñaki Ochoa de Olza BHI eta Doña Mayor IP. Ikasleez gain, lantegiak Nafarroako Osasun Mentalerako Elkarteari (ANASAPS) eta Erruki Etxean bizi direnei ere eman zaizkie, zeinek hamar bat kutxa egin baitituzte. 

Belatzak, txantxangorriak eta intsektiboroak
Iruñeko zuhaitzetan 350 kutxa baino gehiago jarri dira, eta horietatik 255 hegazti intsektiboroendako daude pentsatuak (batez ere amilotx eta kaskabeltzendako, baina baita txantxangorriendako, buztanikara zuriendako eta gerri-txori arruntendako ere). Gainontzekoak apo-hontz europarrendako, belatzendako eta hontz zuriendako pentsatuta daude. Gainera, intsektuendako kutxa bereziak jarri dira indi gaztainondoari eragiten dion kameraria izurriari aurre egiteko.

Behin kutxak jarrita, horiek urtero aztertzen dira helburutzat jotako espezieek edo beste espezie batzuek –hegaztiak zein intsektuak– hartu dituzten ikusteko. 2021ean egindako berrikusketetan, 170 habia-kutxa baino gehiago aztertu dira. Okupazioa (hala unean bertan nola hartuta egon dela egiaztatzen duten hondakinekin) % 80 ingurukoa zen espezie gehienetan. Hala ere, kasu batzuetan helburutzat jotako espezieak ez zirenak zeuden, esaterako, apo-hontzendako jarritako habien kasuan, non amilotxek eta kaskamotzek habia egin baitzuten 3tik 2tan. 

Aterpeak proiektua ‘Go Green Iruña’ trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren estrategiaren barruan egindako udal-ekintzen parte da.
 

¿Te ha sido útil esta página?