450 saltoki inguru batu dira Iruñeko Udalak udal-webgunean prestatu duen online erakusleihora, non irekita dauden saltokien eta etxez etxeko zerbitzuen argibideak biltzen baitira

450 saltoki inguru batu dira Iruñeko Udalak udal-webgunean prestatu duen online erakusleihora, non irekita dauden saltokien eta etxez etxeko zerbitzuen argibideak biltzen baitira
Hogeita hamar merkatarik bideoen bidez kontatu dute nola ari diren egoerari aurre egiten eta nola prestatzen ari diren itzultzen direnerako

online erakusleihoa

Apirilaren hasieran Iruñeko Udalak  nolabaiteko online erakusleiho bat prestatu zuen www.pamplona.es udal-webgunean, merkatariek saltokia irekita bazuten edo etxez etxeko zerbitzua izanez gero horri buruzko informazioa eman zezaten. Hilabete honetan hiriko 450 saltokik baino gehiagok egin dute bat ekimenarekin. Horrez gain, Alarma Egoerak behartuta saltokia itxita duten eta ateak berriz irekitzeko prestatzen ari diren hogeita hamar bat saltzaileren bideoak ere txertatu dira erakusleihoan.
 

Ekimen hau Iruñeko Udalak merkataritzako eta ostalaritzako sektoreari babesa emateko abiatu duen ‘Iruña geldi, Iruña prest’ kanpainaren barruan gauzatu da; izan ere, koronabirusak eragindako krisiak gogor kolpatu ditu, eta saltoki ugari itxiarazi. https://www.pamplona.es/eu/kornabirusa/online-erakusleihoa atalean hiru zerrenda aurkitzen ahal dira: zabalik dauden saltokiena, online saltzen dutenena eta udal-merkatuetan erosketa etxetik egin ahal izateko ‘Merkatua zure etxera doa’ sarbidea eskaintzen dutenena.

Saltoki bakoitzak helbidea, harremanetan jartzeko bideak eta onlineko zer salmenta-mota duen azaltzen du, halakorik izanez gero. Irekita dauden saltokiak multzo ezberdinetan sailkatuta ageri dira: elikagai-dendak, auzoz auzo multzokatuta; farmaziak eta parafarmaziak, haien helbide eta telefonoekin eta eremu zein auzoka banatuta, eta bestelako saltokiak (jantzi-dendak, paper-dendak, albaitaritzakoak...) Online saltzen duten saltokien kasuan zer motakoak diren eta kontaktua nola egin ere adierazten da. ‘Merkatua zure etxera doa’ atalak bilaketak egiteko aukera ematen du, erosi nahi den produktuaren arabera edo azokaren arabera (Zabalgunekoa, Ermitagañakoa edo San Domingokoa) ; izan ere 80 saltoki inguru daude zabalik haietan.
 

Hiriko merkatari-elkarteen zein elkarteetako bazkide ez diren saltzaileen laguntzarekin bildu da informazio guztia. Edozein erakusleiho bezala, webguneko toki hori eta zerrendak etengabe eguneratuko dira. Zerrendetan izena emateko mezu bat bidali behar da comercioyturismo@pamplona.es helbide elektronikora, bertan honako hauek adieraziz: saltokiaren datuak, helbidea, telefonoa, zer sektoretakoa den eta etxez etxeko zerbitzurik baduen ala ez.

¿Te ha sido útil esta página?