45 urte dira Yamaguchi eta Iruña senidetu zirela, eta ekitaldiak antolatu dituzte bi hirien arteko harreman sozial, kultural eta instituzionala ospatzeko

45 urte dira Yamaguchi eta Iruña senidetu zirela, eta ekitaldiak antolatu dituzte bi hirien arteko harreman sozial, kultural eta instituzionala ospatzeko
Yamaguchi otsailean hasi da urteurren hori omentzeko jarduerak egiten, eta maiatzean Japoniako ordezkaritzari harrera eginen dio Iruñeak
Irudia
Irudia
Irudia

2025ean 45 urte bete dira Iruña eta Yamaguchi (Japonia) senidetu zirenetik. Bi hiriek 1980ko otsailaren 19an sinatu zuten senidetze-akta. Yamaguchi hiria efemeridea ospatzen aritu da aste honetan, eta horretarako, Iruñearekin lotutako jarduera batzuk antolatu dituzte. Gainera, Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak bideo bidez agurtu zituen Yamaguchiko herritarrak.   Halaber, otsailaren 15ean eta 16an Yamaguchi hirian egindako jardueren laburpen-bideo bat bidali zuten Iruñera.

Maiatzaren 17tik 19ra, berriz, Iruñean eginen dira ekitaldiak: Japoniatik ordezkaritza bat etorriko da. Hemen izanen dira, besteak beste, Kazuki Ito Yamaguchiko alkatea eta Sachie Irie hango udal-batzarraren presidentea. Bozeramaileen Batzarrak gehiengoz onetsi du efemeride horrekin lotutako testua, eta bertan honako hauek jasotzen dira: azken hamarkadetan ondutako harreman sozial eta kulturalak eta etorkizunean jasangarritasunaren eta berrikuntzaren mesedetan lan egitearen aldeko apustua. 

Onetsitako testuak kooperazioa du oinarri: “Egun, nazioarteko egoera asaldagarri eta iragarrezina ikusita, komunitateen arteko elkarlana indartzea inoiz baino premiazkoagoa da. Mundu mailan gertatzen ari den zatiketak argi uzten digu herrien arteko harremanak sendotzeak garrantzi ikaragarria duela, betiere elkarren arteko errespetua, ulermena eta kooperazioa ardatz hartuta”. Testuinguru horrekin bat, honakoa dio testuak: “Iruña eta Yamaguchi senidetzea ez da soilik iraganeko kontu bat, bizikidetzarekiko eta etorkizunean bidea elkarrekin egiteko konpromiso bat ere bada”.

Yamaguchin egin dituzten jardunaldien barruan, batetik, haikuen erakusketa bat egin du Iruñeko Haikunversaciones kultur taldeak, eta, bestetik, Nihonnipon elkarteko kideek kaligrafia-lanak jarri dituzte ikusgai, eta mezuak bidali dizkiete Yamaguchiko herritarrei. Gainera, erakusketa bat partekatu dute bi hirietako liburutegien arteko elkarlanaren erakusgarri gisa, eta batez ere Iruña-Yamaguchi liburutegiak egiten duen lan espezializatuan jarri dute enfasia. Azkenik, Hizkunzta Eskola Ofizialeko ikasleek Yamaguchiko herritarrei zuzendutako mezuak grabatu dituzte.

Maiatzeko bisita instituzionala
Iruñeko Udala ekitaldi-programa diseinatzen ari da, eta ordezkaritzari harrera egiteko bisita gidatua antolatu du hirian barna: Yamaguchi hiriak Iruñeari oparitu zion Yamaguchi parkean izanen dira, baita izen bereko liburutegian eta San Juan de la Cadena ikastetxe publikoan ere. Izan ere, ikastetxe horretako ikasleek idazketa japoniarra lantzen dute, bai eta kamishibai (paperezko antzerkia) bidezko narrazioa ere.

Halaber, hiriko gune monumentalak bisitatuko ditu ordezkaritzak, eta Nafarroako beste agintari batzuekin elkartuko da; izan ere, Nafarroako beste erakunde batzuek Iruñearen bide bera jarraitu dute, eta horri esker, Yamaguchiko prefetura eta Nafarroako Foru Komunitatea senidetu ziren.

Iruñeak eta Yamaguchik 1980tik partekatzen dituzte esperientziak, ezagutzak eta harremanak, eta harreman on horren isla dira urteurren bakoitzean egin dituzten aldizkako topaketa instituzional eta herrikoiak.    Harreman instituzionalez haratago, esparru sozialeko harreman sendoak sortu dituzte senidetzeari esker: besteak beste, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Yamaguchiko Unibertsitatearen artean eta bi hirietako liburutegien artean. Harreman estu horren ikur da Iruñeko Yamaguchi parkea: 85.000 metro karratu ditu, eta 1997ko uztailan ireki zuten.

¿Te ha sido útil esta página?