Iruñeko Udalak 43.620,52 euro bideratu ditu guztira Salestarren eraikin ohian (Iruñerria kalean) dagoen Txantreako zentro komunitarioko kanpo-arotzeriak aldatzeko. Beheko solairuko eta lehen solairuko 32 leiho zaharberritu dituzte guztira. Eraikin hau auzoan eraiki zen lehenetarikoa da, eta oraindik ere bazituen zurezko arotzeriak, egoera txarrean eta arauz kanpokoak; hori dela eta, Udalak erabaki zuen horien ordez PVCkoak paratzea, konforta eta energia-aurrezkia handitze aldera.
Zehazki, beheko solairuko 18 leiho aldatu dituzte (eraikinaren eskuin aldekoak), eta lehen solairuko 14 (fatxadan). Horietatik, 27k bi orri dituzte; bik bi orri eta kristal finko bat dute, eta hiruk, orri bakarra. Tokiko Gobernu Batzarraren azken saioan onetsi dute lan hauek ordaintzeko gastu-baimena. Lanak Aluminios Tajonar enpresak egin zituen urte bukaeran.
Auzotarrendako zerbitzu-gunea
Salestarren eraikina erabilera berrietara egokitzeko egin diren azken lanei gehitu behar zaie zaharberritze hau. Izan ere, ikastetxe ohi honetan paratu dira hala zentro komunitarioa nola auzo-unitatea. Azken hori iazko martxoan lekualdatu zuten eraikinaren beheko solairuko ezkerreko aldera. Aurretik, xede horretara bideratuta zegoen gunean zaharberritze-lan handiak egin zituzten.
Garai hartan egin ziren lanek 325.127 euroko aurrekontua zuten, eta haietan hamaika bulego, bilera-areto bat eta administrazio-gune bat egin zituzten. Horiez gain, gune horretako kanpo-arotzeriak aldatu zituzten, bai eta trenkada-multzoak, sabai aizunak eta instalazioak, berogailua, esaterako. Horregatik hori guztia ez dute ukitu oraingo zaharberritzean.
Eraikinaren gainerakoan zentro komunitarioa dago, bizitza asoziatiboa eta auzotarren parte-hartze aktiboa sustatzera bideratutako espazioa, zeinetan eremu batzuk ere birgaitu baitituzte. Zehazki, azken bi urteetan milioi erdi euro bideratu dute hainbat zaharberritze-lanetarako, besteak beste, ekitaldi-aretoa indarrean den araudiari egokitzeko eta bertan Udalaren kultur eskaintzaren barruan programatutako jarduerak egin ahal izateko. Halaber, igogailu berria instalatu zuten, eta barruan nahiz kanpoan urbanizatze-lanak egin zituzten arkitektura-oztopoak gainditu eta irisgarritasuna errazte aldera.