40 haurrek parte hartu dute, guztira, Udalak eta Etxabakoitz Bizirik erakunde komunitarioak lankidetzan antolatutako udako kanpaldietan

40 haurrek parte hartu dute, guztira, Udalak eta Etxabakoitz Bizirik erakunde komunitarioak lankidetzan antolatutako udako kanpaldietan
Etxabakoitz Bizirik elkarteak 5 eta 12 urte bitarteko haurrendako jarduerak eskaini ditu auzoan, goizez
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Etxabakoitz auzoko 40 haurrek parte hartu dute uztailean Iruñeko Udalak eta Etxabakoitz Bizirik haur eta nerabeen elkarte komunitarioak antolatutako hiri-kanpaldietan. Hiri-kanpaldiak prebentzio-jarduera bat dira, Udalak martxan jarri duen eredu publiko komunitarioaren barruan. Eredu horrek xede du auzoetako erakundeei protagonismo handiagoa ematea, auzokideekin harreman zuzena baitute eta haien beharrak ezagutzen baitituzte. Kanpaldiak uztaileko bigarren hamabostaldian egin ziren eta 5 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta zeuden.

Proposamen horren bidez, Udalak haur eta nerabeen eskubideak bermatu nahi ditu jolasaren eta ohiko ingurunetik hurbil dauden gune naturaletan egindako jardueren bidez. Horretarako, Etxabakoitz Bizirik elkartearekin lankidetzan aritu da. Elkarteak jolas-, kirol-, arte-, kultura- eta prestakuntza-jarduerak eskaintzen ditu: denek gizarte- eta hezkuntza-izaera dute eta auzoko haur eta nerabeei zuzenduta daude. 

Kanpaldiak goizez egin dira, 10:00etatik 14:00etara bitarte, eta adinaren araberako hiru taldetan egituratu dira. Hala, txikien talde bat eratu zen, 5 eta 7 urte bitartekoek osatua; ertainena, 8 eta 10 urte bitartekoei zuzendua, eta nagusiena, 11 eta 12 urteko nerabeendako. Talde guztietan adinari egokitutako jarduerak egin ziren, parte-hartzaileen gaitasun sozialak hobetzera bideratuak. 

Hala, txikienek elkarren artean ezagutzeko dinamikak egin eta ‘arauen maskota’ bat sortu zuten, elkarbizitzarako arauak modu sortzailean ezartzeko. Egun horietan, hainbat jarduera egin zituzten, hala nola zubi kooperatibo bat eraiki eta bertan materialak partekatzea, errelebo-lasterketak tratu onei buruzko probekin, eta ‘Errespetuaren Got Talent Txikia’ izenekoa, non kideak entzuteko eta animatzeko gaitasuna balioesten zen. Herri-kirol txikiak ere antolatu zituzten: elkarri laguntzea eta talde-jolasa sustatzen dituen herri-kirolen egokitzapen bat da eta, besteak beste, lagunarteko sokatira edo giza proba kooperatiboa probak egin ziren.

Ertainen taldeak talde-bingo baten bidez interes komunak aurkitzera eta taldearen batasuna sinbolizatzen zuen artile-sare baten bidez arauak ezartzera bideratu du bere bizikidetza. Egindako jarduerek honako hauek barne hartu dituzte: gatazkak konpontzeko erronkak –’Gizarte trebetasunen zapia’ kasu– eta ‘Elkartzen gaituen uhartea’ inor atzean ez uzten irakasten duen dinamika. 

Nagusiendako, programazioak identitatean eta emozioen kudeaketan sakondu du ‘ezkutu pertsonala’ eta ‘muturreko ispilua’ baliatuz, eta, gainera, enpatia ere landu dute aurreiritziek portaera baldintzatzen dutela eta identitatea eraikitzen dutela erakusten duten dinamiken bidez, eta horrekin guztiarekin, ‘balioen grafitia’ diseinatu dute.

Jarduera horiez gain, egun-pasak ere antolatu dira igerilekuetan eta liburutegietan, baita hiriko beste auzo batzuetara bisitak ere, Yamaguchi parkera kasurako. 

Auzoko boluntarioak
Hiri-kanpaldia Etxabakoitz Bizirik elkarteko begirale-izangaien taldea osatzen duten boluntario gazteen inplikazioari esker egin da; izan ere, 15 eta 17 urte bitarteko gazteek udako jardueren garapenean laguntzen dute eta monitoreen ikastaroa egin aurretik gaitasunak eskuratzen hasten dira. 

Ekimenak, halaber, harrera ona izan du auzoko gurasoen aldetik, eta beste udal zerbitzu batzuek ekimena martxan jartzen lagundu dute; horren adibide dira auzoko liburutegi publikoa eta Iruñeko Udaleko Haurren, Nerabeen eta Familien Prebentziorako Programa.

¿Te ha sido útil esta página?