3.500 pertsonatik gora AUNA proiektuaren onuradun izan dira; proiektuak Arrotxapeko pertsona zaurgarriek baliabideetara sartzeko duten aukera hobetzea eta horien inklusioa bermatzea bilatzen du

3.500 pertsonatik gora AUNA proiektuaren onuradun izan dira; proiektuak Arrotxapeko pertsona zaurgarriek baliabideetara sartzeko duten aukera hobetzea eta horien inklusioa bermatzea bilatzen du
Herritarren Aferen Batzordeak programa hori bisitatu du, Errenta bermatua edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen dutenei zuzenduta dagoena
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Zaurgarritasun egoeran dauden 3.500 pertsona baino gehiago izan dira ‘AUNA. Inklusiorako ibilbide integratuak’ orientazio eta aholkularitzako proiektu pilotuaren onuradun azken zazpi hilabeteetan. Programa horrek Arrotxapeko herritar zaugarrienengan eragin du bereziki, Errenta Bermatua edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen dutenendako izapideak eginez eta arinduz eta haien enplegagarritasunerako eta laneratzeko zein gizarteratzeko aukerak hobetzen saiatuz. 

Iruñeko Udaleko Herritarren Aferen Batzordeak gaur goizean bisitatu ditu programaren instalazioak, 2022ko urrian abian jarri zenetik haien zeregina eta bilakaera bertatik bertara ezagutzeko. Denbora-tarte horretan, AUNA proiektuak, funtsean, bi helburutan lan egin du. Alde batetik, prestazioak –Errenta Bermatua eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera kasu– izapidetzeko administrazio-unitate bat sortu du, horien eskaera, ebazpena eta eraginkortasuna arintzeko eta hobetzeko xedez, prestazio horiek ordura arte Auzo Unitatean eskatzen baitziren. Zerbitzu horrek denbora-tarte horretan, guztira, 3.441 prestazio-eskaera erantzun ditu. Bestalde, guztira, zaurgarritasun egoeran dauden 125 pertsonendako gizarteratzeko ibilbide pertsonalizatuen sorreran aritu da. Horren bidez, prestazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea bermatzeaz gain, lan-merkatuan aktibatzeko laguntzak jasotzeko eskubidea ere bermatu nahi zaie pertsona horiei, orientaziora eta laguntzara bideratutako babes sendoaren bidez eta prestakuntza-ekintzen bidez.

Izapidetze-unitatean pertsona bat dago harreran, hiru administrari espedienteak izapidetzeko eta gizarte-langile bat. Bestalde, arreta integratuko zerbitzua lau enplegu-kudeatzaileren, lau gizarte-kudeatzaileren eta enplegu-teknikari baten laguntzarekin egin da, bai eta koordinazio-lana egiten duen pertsona baten laguntzarekin ere. 

Balantze positiboa
Abian jarri zenetik, prestazioak izapidetzeko administrazio-unitateak 3.441 eskaerei erantzuna eman die, horiei esker 1.702 hitzordu eman dira, zeinetatik 1.369 Errenta Bermatuarekin lotutako izapideak egiteko izan dira eta 251 Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerarako.
Arreta pertsonalizatuari dagokionez, 125 onuradunek zazpi hilabeteko aholkularitza- eta prestakuntza-ibilbidea egin dute. Lehenengoek urtarrilean ekin zioten ibilbideari eta azkenekoek martxoan. 

Aholkularitza pertsonalizatuaren 125 onuradunen hautapena egiteko Arrotxapean bertan ebaluazio bat egin da bi prestazioetako baten onuradunak diren pertsonen artean. Guztira, 1.500 triaje baino gehiago egin ziren. Horietatik guztietatik, 733 kasu gizarte zein lan premiak zituzten pertsonei zegozkien, eta haien artean zozketa bat egin zen proiektuak eskaintzen duen arreta integratuko parte-hartzaileak hautatzeko. Egoera pertsonala, soziala eta lanekoa kontuan hartuta, baldintzak betetzen zituzten pertsonen artean zozketa bat egin zen 125 aukeratzeko. Horiekin lan egin du AUNA proiektuko profesionalen-lantaldeak zazpi hilabetez.

Proiektuaren koordinazioaren eta taldearen ustez, ekimenak pertsona bakoitzaren motibazioa, trebetasunak eta gaitasunak hobetzeko balio izan du, bai eta pertsona guztien enplegagarritasun-aukerak eta prestakuntzarako aukerak hobetzeko ere. Arrotxapean esku hartu duten 7 hilabeteetan, 36 laneratze izan dira, eta horietatik % 48,72 emakumeak izan dira, % 61,54 lanaldi osokoak eta % 59 enpresa normalizatuetan. 

Proiektu pilotua
Proiektuaren lehenengo bi faseak urriaren 31n amaituko dira, eta 2024ko udaberrian ebaluatuko da. Proiektua honako hauekin egindako elkarlanari eta koordinazioari esker atera da aurrera: Iruñeko Udala, Udaleko gizarte-zerbitzuak, Arrotxapeko Auzo Unitatea, Nafar Lansare eta Eskubide Sozialetako Departamentuko hainbat zuzendaritza, Gizain Fundazioa eta Nafarroako Enpresarien Konfederazioa. Azken horrek proiektuaren hirugarren fasean parte hartuko du, eta gutxienez 40 enplegu-eskaintza eskainiko ditu programan sartuta dauden pertsonendako. 

Ekimena Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioko Ministerioak kudeatutako Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan dago eta Europako finantzazioa du Next Generation EU funtsen bitartez. Iruñeak, zehazki, 436.542 euro jaso ditu proiektua gauzatzeko. Arrotxapeaz gain, proiektua aldi berean egiten ari dira Lizarra, Tutera eta Tafallako eremuetan eta Altsasu, Burlata, Uharte eta Atarrabiako oinarrizko guneetan. Proiektuaren kudeatzaile gisara, Ministerioak berak aukeratu ditu ekimenaren onuradunak zozketa baten bitartez. 
foto

¿Te ha sido útil esta página?