35 urtetik beherako ekintzaileak: Iruñeko Udalaren laguntzarekin azken hilabeteetan hirian ireki diren negozio gazteak

35 urtetik beherako ekintzaileak: Iruñeko Udalaren laguntzarekin azken hilabeteetan hirian ireki diren negozio gazteak
Udalak urriaren 10era arte izanen du zabalik ekintzaile gazteendako laguntzen deialdia

Energia berriztagarrien aholkularitza bat, herritarren partaidetzako proiektuak garatzeko beste bat edota higiezinen merkaturako ikus-entzunezko edukiak sortzeko enpresa bat dira Iruñeko Udalaren laguntza ekonomikoari esker aurten hirian abian jarri diren negozio berrietako batzuk. Ekintzaile gazteendako dirulaguntzen ildoak, zeinak aurten 60.000 euroko aurrekontua baitu, iaz baino % 20 gehiago, entzumenaren nahasmenduan espezializatutako kabinete bat eta aseguru-agentzia bat ere sortzea sustatu du.

Urteko lehen ebazpenean jasotako bederatzi proposamenetako batzuk dira, non 16.088 euro erabili baitira. Bigarren ebazpena uda honetan bertan eginen da eta hirugarren aukera bat egonen da 2021eko azken hiruhilekoan, negozio bat abiatu nahi duten gazteek funtsak lortzeko. Oraindik denbora dago enpresa-proiektuei/amets pertsonalei zifrak eta edukiak jartzeko, dirulaguntza horietara proiektuak aurkezteko epea ez baita urriaren 10era arte itxiko.

Udalak urteak daramatza gazte-ekintzaileen alde lan egiten. 2002an sartu zen lehen aldiz Udalaren Gazteria Planean laguntza-ildo hori, ‘Autoenplegua bultzatzea’ izenarekin, eta orduz geroztik, gazteen proposamenak adierazle egokiak izan dira enplegu-sorguneen eta gizarte premien aldaketen berri izateko. Udalaren dirulaguntzen xedea gazteen enplegagarritasuna hobetzeaz gain, hiriko enpresa-ehunaren dibertsifikazioa eta berrikuntza bultzatu eta aukera berdintasuna sustatzea da. Iaz diruz lagundutako 28 negozioetatik % 61 emakumeen proposamenak izan ziren.

Lan-ibilbide autonomo baterako ideiak

Iñigo, Alvaro eta Alberto energia berriztagarrien enpresa handietan lanean arituak ziren. Lagunak ziren eta egun batean, hizketan, beren kabuz ere egiteko gai zirela ondorioztatu zuten. Duela 9 hilabete ALKUBO sortu zuten (3.000 euroko dirulaguntza). Mendillorrin du egoitza eta gelditu gabe ari dira partikularrentzat eta enpresentzat lanean, faktura elektrikoaren prezioak asko egiten ari baitira energia garbien eta autokontsumoaren alde. Eta etxebizitza partikularretako kargaguneak ahaztu gabe, izan ere, ibilgailu elektrikoa dagoeneko errealitate bat da.

Ohianak (35 urte), Iosuk (29 urte) eta Amandak (30 urte) bazuten eskarmentua zeinek bere esparru profesionalean eta horrek lagundu zien zer nahi zuten jakiten eta negozioak azkarrago hazten. Iosu, aseguruetan aritzen den familia batekoa, abenduan Zuricheko agente esklusibo bihurtu zen, bere bezero-zorroarekin eta Iruñeko erdigunean dagoen egoitza batekin (2.000 euro). Adin guztietako pertsonei aseguruak saltzen dizkien arren, 29 urte izanik bezero gazteen sektorea garrantzitsua da harenzat. Adin tarte horretan, halaber, ohiko aseguruez gain, egun osasun poliza pribatuak izenpetzen ari dira eta etorkizuneko inbertsioak aurrezki-planen bidez aseguratu nahi dituzte.

Ohiana, bestalde, gizarte langilea da eta betidanik jakin izan zuen berea ez zela bere lanbidearen arlo asistentziala, baizik eta jendeari hitza ematea. Horregatik, Udalaren laguntza ekonomikoak (1.877 euro)ARTELAN aholkularitza bat sortzeko bidea eman dio, eta dagoeneko Urrotz-Hiria, Gares, Huarte eta Abaurregainako Udalentzako partaidetza prozesuak egiten ari da.. Negozio berriena Amandarena da, zeinak martxoan Belarria Entzumen Zentroa (2.000 euro) sortu baitzuen II. Zabalgunean. Sektorean hamarkada bateko lan-eskarmentua duen audioprotesilari honek bere kontura jartzeko aukera gauzatu du Udalari esker, eta kontsultan soinu-giroen gela bat ere jarri du, eguneroko bizitzako soinuak simulatzeko, entzumena baldintza errealistetan neurtze aldera.

Diruz lagundutako proiektuen artean beste Alberto batena dago; honi dirulaguntzak (2.000 euro) grabaketa eta muntaketa ekipoa erosteko balio izan dio. Bere negozioa ikus-entzunezko edukiak sortzean datza, batez ere higiezinen sektorearentzat. Horrela, argazki hutsetik haratago, salmenta-, alokairu- edo opor-merkaturako etxebizitzei mugimendua eta benetako dimentsioak jartzen dizkie.

Eskaerak aurkezteko mugaeguna: urriak 10

Dirulaguntza honi heltzeko oinarrizko baldintzak dira jarduera ekonomiko berria eratzen edo eratu duten pertsona fisikoak edo juridikoak izatea, JEZn alta emanda egotea lehenbiziko aldiz 2020ko irailaren 15a eta 2021eko irailaren 14a bitartean, eta zerga-egoitza Iruñean edukitzea. Dirulaguntzak negozio berri horiek sortzeko eta abiatzeko gastuen % 70era bitarte estaltzen du. Badira dirulaguntzek babesten ez duten  enpresa-jarduera batzuk, hala nola jokoarekin zerikusia dutenak, tabernak eta tankerakoak. Bestalde, aurreko edizioetan dirulaguntza hau jada jaso dutenek ezinen dute berriz ere eskatu.

Merkatuaren eta belaunaldien bilakaeraren ondorioz negozioak aldatzen dira, baita une historikoaren ondorioz ere, une honetan COVID-19ren pandemiak eragindako gazteen adin-tarteko enplegu-galera bereziaren ondorioz esaterako. Horregatik Udala lanean ari da dirulaguntzen oinarriak behar jakinetara egokitzeko: 2020ean proiektu bakoitzak gehienez ere jaso zezakeen kopurua aldatu zen, 1.500 eurotik 2.000 edo 3.000 eurora pasa zen, eskatzailea pertsona fisikoa ala juridikoa zen eta horren arabera, eta aurten zenbatekoa % 20 handitu da.

Programa etengabe eskuragarri egotea eta haren hedapena errazte aldera, 2019an, Udalak urtean ebazpen bakarra egin beharrean bi egitea erabaki zuen, horrela gazteek denbora gehiago izan dezaten urtean zehar haien negozioak prestatu, eratu eta dirulaguntzetara aurkezteko. 2021ean partida osoa hiru ebazpenetan agortuko da.

 

¿Te ha sido útil esta página?