34.000 farolak eta argi-puntuk baino gehiagok argiztatzen dute Iruña gaueko orduetan

34.000 farolak eta argi-puntuk baino gehiagok argiztatzen dute Iruña gaueko orduetan
Argiak pizteko unea erloju astronomikoaren bidez programatzen da, kanpoko argitasun-maila neurtzen duten fotozelulez baliatuta

Gaueko orduetan Iruñeko kaleak eta parkeak argiztatzeko, hiriak 34.000 argi-puntu baino gehiago ditu guztira, zutikako eta fatxadako farolen nahiz beste argiztapen elementu batzuen artean. Guztiak telekontroleko sistema baten bidez programatzen dira. Sistema horrek urtaro bakoitzeko, hilabete bakoitzeko eta egun bakoitzeko argi-orduen arabera doitzen du argiak piztu eta itzaltzeko ordutegia. Ordu-aldaketa larunbat goizaldean eginen da eta, ondorioz, hiruretan ordu biak izanen dira. Beraz, farolak pizteko eta itzaltzeko ordutegia egokitu eginen da.

Aldaketa hori egiteko, piztu eta itzaltzeko urteko gainerako orduetan bezala, erloju astronomikoak erabiltzen dira. Erloju horiek hiriaren latitudearen eta kokapenaren arabera kalkulatzen dute eguzkiaren irteera eta sarrera. Informazio hori, gainera, kanpoko argi-maila hartzen duten eta erlojuaren osagarri diren hainbat fotozelulek modu subsidiarioan eguneroko baldintza klimatikoen arabera emandako informazioarekin konbinatzen da. Horrela, sistemak unean-unean ezartzen du hiriko argiak erloju astronomikoaren arabera legokiokeena baino lehenago edo beranduago piztu edo itzali behar diren.

34.000tik gora diren argi-puntu horiek 240 aginte-zentrotan biltzen dira, eta zentro horiei esker, argiztapenaren baldintzak gainbegiratu eta punturen batean egoten ahal diren matxurak antzematen ahal dira. Aginte-zentroetako gorabehera horiek urruneko gailuen bidez antzematen dira, eta postu zentral batekin komunikatzen dira. Bertan, egon daitezkeen anomaliak jasotzen dira, eta lan-agindu bihurtzen dira, dagokion konponketa edo ikuskaritza egin dadin.

Gainera, aginte-zentro gehienetan argi-fluxua % 50ean mugatzen duten fluxu-murriztaileak egoten dira. Fluxu-murriztaile horiek egonkortu egiten dute lanparetara iristen den tentsioa, eta, ondorioz, haien balio-bizitza luzatzen dute. Gainera, era horretan, hornitutako energia mugatu egiten da eta argi- eta argiztapen-fluxua murrizten dira, araudiak agintzen dituen argiztapen-mailak bermatuz betiere. LED motako argi-puntuak dituzten zirkuituetan, batzuetan, komunikazio-nodoak gehitzen dira puntu horietan, eta horrela banan-banan jarduten ahal da nodo horien gainean. Egoera horrek puntuaren erabateko kontrola dakar, baina, ordainetan, elementu elektronikoen kopurua biderkatzen denez, mantentze-arazoak areagotzea ere ekar lezake.

Postu zentralak berrehun aginte-zentro baino gehiagotatik jasotzen du informazioa, eta Iruñeko argiztapenaren telekontrol-sistema osoa kudeatzen du. Horrela, aginte-zentro bakoitzerako ekintza komunak edo unean unekoak programatzen ahal ditu urrutiko gailuek eragindako gorabeherei erantzuteko.

Energia-eraginkortasuna hobetzea

Gaur egun, azken urteetan argiteria publikoa berritzeko egin diren jarduketen ondoren, Iruñeko kanpoko argien % 23 LED motakoak dira. Gainerakoek (% 77k) presio altuko sodio-lurrunezko lanparak dituzte oraindik, eta era mailakatuan kenduko dira, erabilgarri dagoen aurrekontuaren arabera, eta akatsagatik edo matxuragatik ordeztu beharra dagoenean.  LED lanparek eta telekontroleko sistema gehigarriek elektrizitate-kontsumoa argiztapen-kalitatea galdu gabe murriztea ahalbidetzen dute. Horrez gain, ohiko argien ordez lurrerantz argiztatzen duten argiak jarri dira, edo goiko aldean sistema islatzaileak dituztenak, argi-kutsadura saihesteko eta argindarraren kontsumoa optimizatzeko.

Neurri horiek guztiek Espainiako hiririk eraginkorrenen artean jarri dute Iruña, biztanle eta urteko 75kwH-ko kontsumoarekin. Aldiz, Espainian, batez besteko kontsumoa 100 KWh-tik gorakoa izan da, eta hurbileko herrialdeetan 90ekoa. Helburua da pixkanaka-pixkanaka maila horiek murriztea, kontsumoa Alemaniakoaren antzekoa izan dadin, 65 KWh ingurukoa biztanle eta urte bakoitzeko. 

¿Te ha sido útil esta página?