30.000 lagun inguruk parte hartu zuten Geltokik 2025ean antolatutako 130 jarduera, lantegi eta erakusketetan

30.000 lagun inguruk parte hartu zuten Geltokik 2025ean antolatutako 130 jarduera, lantegi eta erakusketetan
Iruñeko Udala lanean ari da gunearen kudeaketa berriz ere lizitatzeko, indarrean dagoen lizitazioa abenduaren 31n amaituko baita

Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

Guztira 29.339 lagunek parte hartu zuten 2025ean Geltokik antolatutako jarduera, lantegi, hitzaldi, kontzertu, erakusketa eta azoketan; ekonomia sozial eta solidarioko kultura-espazioa Iruñeko autobus-geltoki zaharrean dago kokatuta. Egitasmoa 2018an jarri zen abian, geltokiko txartel-leihatilen eremuan eta kafetegi zaharrean, eta bertan egiten dira jarduera gehienak, zeinak herritar guztiei zuzenduta baitaude. 

Datorren abenduaren 31n amaituko da gunea kudeatzeko lizitazioaren bigarren luzapena, eta, beraz, Iruñeko Udala lanean hasi da dagoeneko berriz ere lizitatzeko. Testuinguru horretan, Lehendakaritza Batzordeak gunea bisitatu du, eta bertatik bertara ezagutu ditu eskaintzen diren jarduerak. Joan den urtean zehar, gizartea eraldatzeko gune horretan, aldizkako jarduerak egin ziren, eta Geltoki Iruña elkarteak, gunearen emakidadunak, urtean zehar eskaintzen dituen zerbitzuekin partekatzen ziren baliabideak, baita Geltoki gizarte-ekimeneko mikrokooperatibarekin ere, gunea egunero kudeatzeaz arduratzen baita. Urteko jardueren artean, Geltokik pertsona migranteendako argibide-gunea barne hartzen du, zeinak 260 aldiz eman baitu arreta. Halaber, energia berriztagarrien, jasangarritasunaren eta banku etikoaren inguruko hitzaldiak eskaintzen ditu, eta jarduera horren barruan 110 aldiz baino gehiagotan eman da arreta. Repair kafe delakoak ere eskaintzen ditu: etxetresna elektrikoak, bizikletak eta arropa konpontzeari buruzko topaketa-foroak dira, eta 121 parte-hartzaile izan dituzte guztira hilero egiten diren hitzordu bikoitzetan. 

Baina, zalantzarik gabe, erakusketek erakartzen dute jende gehien, eta horretarako, gunea artista, talde eta entitateei lagatzen zaie. Zehatz-mehatz, 2025ean 31 erakusketa egin ziren guztira, eta 18.880 lagun hurbildu ziren horiek ikustera. Pintura-, collage- eta argazki-erakusketak eta instalazio artistikoak honako hauek jarri dituzte ikusgai, besteak beste: Medicus Mundi eta SETEM erakundeek, Navarro Villoslada, Altsasu BHI eta Iturrama ikastetxeek eta banakako beste artista batzuek. 

Bigarren jarduerarik jendetsuena Geltokin abenduko asteburuetako batean antolatzen den artisautza-azoka izaten da. Joan den edizioan, 24 ‘artisautza-stand’ jarriz ziren, eta 4.524 lagun inguruk bisitatu zuten azoka. Gainerako jarduerak ez bezala, txartel-leihatilen eremuan egin ordez, azoka geltokiko nasetan jartzen da, interesa duten herritarrak errazago igaro daitezen. Harrera ona duen beste jarduera bat liburuen mailegua da, Liburu partekatuak izenburupean: irakurketari bideratutako bi gune eskaintzen dira, bat helduendako eta bestea haurrendako. Bizilagunek, liburu-dendek eta liburutegiek musu-truk emandako liburuz betetako irakurtzeko guneak dira, eta 1.785 pertsona inguruk bisitatu dituzte azken urtean. 

Ehungintza-lantegiek ere babes handia dute herritarren artean. Guztira 908 lagunek parte hartu dute Ehungintza Foroak antolatutako hamar bat lantegitan, Arropa Garbia kanpainaren barruan; kanpaina horrek jantzigintzaren industria globaleko langileen lan-baldintzak hobetzeko lan egiten du. Hilero jarduera praktiko bat antolatzen da, normalean lantegi formatukoa, eta haren bidez, herritarrak sentsibilizatzen dira erabili eta botatzeko modaren inguruan, baita ehungintza-industria handiak mundu mailan eragiten dituen desberdintasunei eta kutsadurari buruz ere. Hain zuzen ere, horren harira, arropa trukatzeko Truke Fest azoka egin zen irailaren 18an, eta 600 pertsona inguru erakarri zituen.

Emakida-sistema 2018tik dago abian

Geltoki 2018ko ekainean jarri zen martxan, kontsumo kritikoko herritarren gune gisa, eta egitasmoaren nahia da gizarte-ekonomiaren inguruan sentsibilizatzeko kultura- eta hezkuntza-proposamenak biltzea. Udalak orduan lizitatu zuen geltoki zaharreko txartel-leihatilen eremua, kafetegia eta gune komunak, guztira 900 metro karratu inguru. Sei urterako adjudikatu zen, 1.649,31 euroko kanon baten truke. 2025ean luzatu zen lehen aldiz, eta 2026an, emakida administratiboak baimentzen zituen hiru luzapenetatik bigarrena dago indarrean; Geltoki Iruña elkartetik sortutako Geltoki mikrokooperatibari eman zitzaion emakida, hogei bat gizarte-entitate eta -erakundek osatutako sare baten barruan. Bere aldetik, mikrokooperatibak bederatzi bazkide langile ditu, eta 23 langilek egiten dute lan bertan. Hala elkartea nola mikrokooperatiba irabazi-asmorik gabeko entitateak dira, eta beraz, jarduerak egiteagatik sortutako mozkinak Geltoki gunean inbertitzen dira berriz. 

Lizitazioan hiru gune bereizten dira. Geltoki zaharreko txartel-leihatilen eta denden gunea: kulturguneak eta erakusketak bertan antolatzen dira, eta zero kilometroko produktu ekologikoak saltzeko eremua ere bada; kafetegia, kultura gastronomiko jasangarri eta osasuntsua sustatzeko pentsatua; eta gune komunak, zeina tokiko artisten sorkuntzak sustatu eta hedatzeko baliatzen baita.

¿Te ha sido útil esta página?