300 lagunek baino gehiagok parte hartzen dute ikasturte honetan Iruñeko liburutegi publikoek eskaintzen dituzten irakurketa-klubetan

300 lagunek baino gehiagok parte hartzen dute ikasturte honetan Iruñeko liburutegi publikoek eskaintzen dituzten irakurketa-klubetan
Udalak jarduera horiek finantzatzen ditu, zeinetan gutxienez hilean behin literaturaren maitaleen taldeak biltzen baitira

 

 

Kultura eta, zehazkiago, literatura sustatzeko xedez, Iruñeko Udalak ikasturtean zehar 17 irakurketa-klub finantzatzen ditu, zeinak maiztasun ezberdinekin hiriburuko liburutegi publikoetan egiten baitira, gutxienez hilean behin. Koordinatzaile batek gidatutako saioak dira, non hamabost eta hogei pertsona bitarteko talde batek aldez aurretik aukeratutako literatur testu bat aztertu eta komentatzen baitu. Eskaintzak barne hartzen ditu euskarazko, ingelesezko eta frantsesezko berariazko talde batzuk, eta irakurketa-errazeko kluba.

Liburutegietako klubak zentro horiek egiten dituzten irakurzaletasuna sustatzeko jardueren parte dira, eta modu egonkorrean funtzionatzen dute urritik maiatzera. Izen emateak ikasturte bakoitzaren hasieran irekitzen dira, harrera ona dute eta toki gehienak bete ohi da. Iruñean ibilbide luzea duen jarduera da, eta hari esker irakurketaren inguruan komunitate bat sortu da. Gehienak liburuzainek eskatuta sortu ziren, beste batzuk, Yamaguchikoa kasu, erabiltzaileek eskatuta. Talde bakoitzeko koordinatzaileak sortzaile edo erabiltzaileak izan ohi dira. Ikasturte honetan koordinatzaileak dira Sofía Villegas, Jesús García Salguero, Angel Erro, Santi Elso, Patxi Irurzun, Fertxu Izquierdo, Edurne Orce eta Maite Pérez Larumbe.

Eztabaida-foroa delako eta aleek eskuragarri egon behar dutelako, irakurketa-taldeak ezin dira oso handiak izan; beraz, klub guztiek partekatzen duten beste ezaugarri bat da, oro har, itxarote-zerrenda dagoela, nahiz eta ikasturte honetan 18 horietatik 6 leku libreekin hasten diren. Parte hartzeko, ohikoena, erreferentziako liburutegiarekin harremanetan jartzea da. Liburuzainek eskaera jasoko dute, eta interesdunei jakinaraziko zaie leku libreak geratu ahala. Ikasturte hasierarekin batera, irailaren 15etik, liburutegiak ohiko ordutegira bueltatu dira. Denak astelehenetik ostiralera daude zabalik, 14:00etatik 20:00etara, San Frantziskoko Liburutegi Publikoa salbu, ordutegi zabaldua mantentzen baitu: 08:30etik 20:30era, astelehenetik ostiralera.

Irakurketa-klubak, Iruñeko zortzi liburutegi publikoetan

Txantrea, San Frantzisko eta Yamaguchiko liburutegi publikoek hiruna klub dituzte. Lehenengoan gaztelaniazko bi klub eta ‘Irakurketa-errazeko klub’ bat eskaintzen dira. Hilabeteko astearte batean behin arratsaldez egiten den jarduera bat da, zenbait inguruabar direla medio irakurtzeko zailtasunak dituztenen gizarteratze eta irisgarritasunari lotuta dagoena. Irakurketa errazeko liburuak hizkera erraz eta argian idatzita daude, eta letra handian argitaratuak. San Frantziskoko Liburutegi Publikoan eskaintzen dira gaztelaniazko bi irakurketa-klub, astelehen edo asteazkenetan biltzen direnak, eta euskarazko bat, ostegunetan egiten dena. Yamaguchiko gaztelaniazko hiru irakurketa-taldeak beteta daude.

Iturramako, Mendillorriko eta Sanduzelaiko liburutegiek bina klub eskaintzen dituzte. Iturraman jarduera hala gaztelaniaz nola inglesez eskaintzen da, 2010etik funtzionatzen duten ‘Book Club’ delakoarekin. Mendillorriko hitzorduak auzoko Civivoxean egiten dira. Hilean behin elkartzen dira ordu eta erdiko saioetan. Sanduzelaiko Liburutegi Publikoan bi irakurketa-klub egiten dira, bata gaztelaniaz, hileko lehen ostegunean arratsaldeko zortzietan biltzen dena, eta beste bat euskaraz, hileko hirugarren ostegunean zazpietatik aurrera egiten dena.

San Pedroko Liburutegi Publikoak irakurketa kluben jarraitzaileak ditu ere. Talde bat antolatzen du gaztelaniaz, hileko azken ostegunean, arratsaldeko zazpietatik aurrera. Egun, klubik ez duen liburutegi bakarra Etxabakoitzekoa da, eta datorren ikasturterako martxan jartzea aztertzen ari dira.

Liburutegiek zinemaren inguruko klubak ere eskaintzen dituzte

Irakurketa-klubez gain liburutegiek beste kultura-genero batzuetako maitaleak biltzen dituzte, zinea kasu, izan ere, gidoi asko literatura lanetan oinarrituta daude. Milagrosako Liburutegi Publikoan zinema-klub bat dute 2015etik, hainbat erabiltzaileren ekimenez sortua. Filmak klubeko parte-hartzaileek aukeratzen dituzte. Zinema-kluba hileko azken ostiralean elkartzen da liburutegian, eta film bakoitzaren aurkezpena txandaka egiten da. Filma ikusi ondoren, eztabaida egiten da. Hileko azken ostiralean elkartzen dira, 19:00etan. Sanduzelaiko Liburutegi Publikoan, zinema-klub bat dago frantsesez. Ramón Herrerak koordinatzen du eta hileko hirugarren ostegunean elkartzen dira, 19:00etan.