30 arizalek baino gehiagok, 10 musikarik eta 2 bertsolarik ‘Julia Fernandez-Zabaleta Emakume aitzindariak’ euskarazko pastorala antzeztuko dute datorren urriaren 12an

30 arizalek baino gehiagok, 10 musikarik eta 2 bertsolarik ‘Julia Fernandez-Zabaleta Emakume aitzindariak’ euskarazko pastorala antzeztuko dute datorren urriaren 12an
Pastoralak musika, kantua eta dantza uztartzen ditu, eta omenaldia egiten dio XX. mendeko lehen herenean euskararen eta euskal kulturaren sustapenean funtsezkoa izan zen emakumeari.
cartel pastoral

 

Urriaren 12an (larunbata), Julia Fernandez Zabaleta Emakume aitzindariak euskarazko pastorala antzeztuko da Burgoen plazan. Zaldiko Maldiko Kultur Elkarteak ekoitzi eta Iruñeko Udalak sustaturiko lanaren antzezpena 11:00etan hasiko da, eta, aurretik, 10:30etik 11:00etara, karrika-inguru bat eginen da Alde Zaharreko zenbait karriketan barna. Burgoen plazako emanaldirako eserlekua gordetzeko gonbidapenak doakoak dira, eta Kondestablearen jauregian jasotzen ahalko dira, asteazkenetik aurrera.

Iñigo Gómez Eguíluz Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendariak, Ihitz Iriart pastoralaren zuzendariak eta Mikel Taberna egileak aurkeztu dute pastorala Zaldiko Maldiko Elkartean. Euskarazko obra horrek antzerkia, musika, kantua eta dantza uztartzen ditu, eta omenaldia egiten dio XX. mendeko lehen herenean euskara eta euskal kulturaren sustapenari dagokionez giltzarri den pertsona bati. 30 arizalek baino gehiagok, 10 musikarik eta bi bertsolarik parte hartuko dute emanaldian. 

Julia Fernandez Zabaletari buruzko pastoral hori Zaldiko Maldiko elkartearen azken kultur proiektua da, eta joan den maiatzaren 4an estreinatu zuten, Iruñeko Alde Zaharreko San Frantzisko Ikastetxe Publikoarekin elkarlanean. Julia, irakasle iruindarra, emakume aitzindaria izan zen, eta haren lana funtsezko bi alderditan oinarritu zen: hezkuntza-berrikuntza eta emakumearen eskubideen aldeko borroka. Obrak 20 jelkaldi ditu, eta horien bidez kontatzen da haren bizitza. Estreinaldia ikastetxeko patioan egin zen, izan ere, Fernandez Zabaleta bertan aritu zen irakasle eta bertan aplikatu zituen bere ideia pedagogiko berritzaileak.

Emakume aitzindaria
Julia Fernandez Zabaleta Iruñeko Dormitalería karrikan sortu zen. Ama, Concepcion Zabaleta Apestegia, Ziraukiko alaba zen. Aita, Valentín Fernandez García, berriz, Mendigorriko semea, musikaria eta katedraleko organista. Anaia bat izan zuen, Valentin, abokatua. Juliak Iruñeko Eskola Normalean egin zituen irakasle-ikasketak eta Iruñeko Udaleko San Frantzisko Ikastetxean aritu zen lanean.
Denboraren joanagatik ere, hura ezagutu zuten guztiengan iraun du haren gaineko oroitzapen atseginak. Gazte-gaztetatik agertu zuen irakasbidea berritzeko nahia, eta 1916an Iruñeko Udalak beka bat eman zion Maria Montessori pedagogo italiar ospetsuak Bartzelonan eman zuen ikastarora joateko.

Itzultzean, Udal Artxiboan gordeta dagoen txosten mardul eta jakingarri bat idatzi zuen Montessoriren planteamendu berriez, eta haietako batzuei buruzko hausnarketa kritikoa ere egin zuen. Pedagogia molde berritzaile hura zabal erabili zuen eta hezkuntza-agintariei ere erakargarria egin zitzaien. Irakasbidea aktiboa zen eta hainbat oinarri zituen, hala nola saiakuntza, bizipenak, gogoeta, abestiak, jostetak, ateraldiak.

Juliak erabakitasunez ikasi zuen euskara Nafarroako Diputazioak 1922an Iruñeko maisu-maistren eskolan ezarritako euskara-eskoletan, eta, urtebete igaro baino lehen, hitzaldi labur baina mamitsua eman zuen Donezteben, Euskaltzaindiak  antolatutarik, euskara erabiltzearen aldeko mezua zabaltzeko. Are sakonago ikasirik, hitzaldi aunitz eman zituen. 1924an Donostian eman zuena izan zen bereziki nabarmena, izenburutik beretik hasita: “Emakumeen etorkizuna”, garai hartarako oso planteamendu aurrerazalea baitzuen.

Feminista eta emakumeen eskubideez kezkatua, emakumeei hezkuntzarako sarbidea ematearen alde agertu zen hitzaldi horretan, eta aipatu zuen herrialde batzuetan emakumeek gizonen eskubide berberak zituztela, lanbide guztietan lan egin zezaketela eta gizonen ondoan gobernatzen zutela.

Buru-belarri parte hartu zuen Iruñeko "Euskararen Adiskideak" Elkarteak euskal kulturaren alde antolatutako ekimen orotan. Elkartearen helburuetako bat ikastola bat sortzea izan zen, eta, azkenean, 1931n ireki zen. Julia sustatzaile nagusietakoa izan zen, Catalina Alastuey eta Maria Viscarret maistra iruindarrekin batera. Hirurek, beste emakume batzuekin batera, Nafarroako Emakume Abertzale Batza erakundean ere bat egin zuten, eta emakumearendako bide emankorrak urratu zituzten politikan bete-betean aritzeko.

Frankisten oldarraldiaren ondorioz Bilbora joanik, Eusko Jaurlaritzak Euskal Unibertsitatea eratzeko batzordekide izendatu zuen. Ondoren, Lapurdin gerizpetu eta errefuxiatuen seme-alaben maistra izan zen. Agintari berriek zigortu eta 20 urtez kendu zuten maistra-kargutik. Ama eri eta anaia Mexikon erbesteraturik zegoela, gerra bukatu berritan Iruñera itzuli zen eta klase partikularrak eman behar izan zituen bizibidea ateratzeko. Hiriko familia abertzale eta euskaltzaleek ez zuten zalantzarik izan beren seme-alaben heziketa haren eskuetan uzteko. 1958an itzuli zioten maistra-lanpostua eta Iruñeko Vázquez de Mella eta El Alcázar ikastetxe publikoetan eman zituen eskolak, harik eta 1961ean, injekzio batek eragindako erreakzio alergikoaren ondorioz hil zen arte.


‘JULIA FERNANDEZ ZABALETA-EMAKUME AINTZINDARIAK’
•    Urriak 12, larunbata, 11:00etan, Burgoen plazan
o    Gonbidapenak jasotzeko: Kondestablearen jauregian (ordutegia: 09:00–14:00 eta 17:00–21:00)
 

¿Te ha sido útil esta página?