
Iruñeko Udaleko gobernu-taldeak lehen ehun egunetako jardueraren balantzea aurkeztu du gaur goizean, joan den abenduaren 28an “hiria paralisitik ateratzeko” zentsura-mozioa onartu eta gero. Horrela adierazi du Joseba Asiron alkateak, eta 266,9 milioiko aurrekontu “historikoak” onartu direla azpimarratu du batez ere, Iruñea hiri solidarioago eta modernoago bihurtuko duten gastu soziala eta proiektu handiak bultzatzeko.
Alkateaz gain, udal-gobernua osatzen duten hiru taldeetako ordezkariek parte hartu dute aurkezpenean: Garbiñe Bueno (EH Bildu) Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko, eta Giza Baliabideetako zinegotzi ordezkariak, Mikel Armendariz (Geroa Bai) Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi ordezkariak eta Txema Mauleón (Contigo-Zurekin) Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak. Hiru indarrek, PSNren babesarekin, “hiri jasangarri, seguru, justu, baketsu, inklusibo, moderno eta konprometitu baten oinarriak sendotu nahi dituzte, batez ere pertsonak eta haien zaintza beste ezeren aurretik jarriko dituen abangoardiako hiri bat” alkatearen hitzetan.
Joseba Asironek honako hauek aipatu ditu martxoaren 27an Osoko Bilkurak onetsitako kontuetan islatutako gobernu-ekintzaren ardatz nagusitzat: “berdintasun-politiken defentsa, mugikortasun jasangarria, energia-trantsizioa, sustapen ekonomikoa, kanpo-proiekzioa, kultura eta parte-hartzea bultzatzea, euskararen aitortza eta etxebizitza eskuragarria sustatzea, Iruña erreferente eta abangoardia bilakatzeko” arlo horretan ere.
Ildo estrategiko horiei jarraituz, Asironek kronologikoki aipatu ditu Iruhbi Pilota mugaz gaindiko akordioa (urtarrilean Uharte eta Biarritz herriekin elkarlanean sinatutakoa) eta otsailean Pilotaren Mahaia eratu izana. Mahai hori Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak eta pilotaren munduko ordezkariek osatzen dute, eta Iruñea Pilotaren Munduko Hiriburu bihurtzea du helburu. Hain zuzen ere, aurrekontuek hiriburutzaren funtsezko proiektua –euskal pilotaren interpretazio zentroa– diseinatzeko ideien lehiaketa jasotzen dute.
Urtarrilean, halaber, Asiron alkateak azaldu duen beste gakoetako baten aurkezpena egin zen: Sarasate pasealekua “bi jarraibide argiri jarraituz –plataforma bakarra eta egungo zuhaiztia babestuz–” berritu eta berrurbanizatzea. Obrak 2025eko urtarrilean hasiko dira, eta 2026ko udaberrian amaitzea aurreikusten da, 10,4 milioi euroko inbertsioa eginda.
Alkateak Iruñeko Etxebizitza Eskuragarrirako Udal Plana nabarmendu du. “Otsailaren 1ean, gobernuan sartu eta hilabete eta bi egun geroago argitaratu zen” eta datozen zortzi urteetan 1.200 eta 1.600 etxebizitza bitarte sustatzea aurreikusten du. Horietatik 400 baino gehiago alokairu sozialekoak eta gazteendako izanen dira, gazteen emantzipaziorako bizitokiaren (80) figura sortuko da eta etxebizitza hutsen jabeei “Alokairurako Foru Poltsan” sartzeko pizgarriak emanen zaizkie. Hori guztia, etxebizitza eskuratzeko eskubidea eskubide erreal gisa bermatzeko helburuarekin, eta “ez bertako bizilagunen garapena eragozten duen zama gisa”.
Asironek Sanduzelai auzoko jarduketei buruz hitz egin du. “Gobernuan bi hilabete egitera iritsi gabe”, otsailaz geroztik, zonaldea eraldatzeko prozesua bultzatu da, arreta berezia jarriz “erdiko biribilgunerako eta horren ingururako konponbidean”. Herritarrei irekitako ideien lehiaketak “auzoaren hobekuntza funtzionala du xede, ibilgailuen zirkulazioa murriztea eta oinezkoen, ibilgailuen eta bizikleten irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea, gainera, auzokideei entzunez”.
Lorpen horiekin batera, Asironek honako hauek aipatu ditu: Sanferminetako txupinazoa botako duen pertsona edo erakundea aukeratzeko herri-bozketaren sistema berreskuratu izana, Zangoza kaleko aparkalekua eraikitzea bertan behera uztea, Sanferminetako Mahaiak eta auzo-foroak martxan jartzea, kalejirak galtzadan ibil daitezen baimena ematea, LGTBI Plana edo Alde Zaharreko bizilagunak aparkatzeko hobekuntzak.
Belosoko lanen inpaktua minimizatzeko eta etxegabetasunari aurre egiteko ahalegina areagotzea
Joseba Asironek bere agintaldiko lehentasunetako baten garrantzia azpimarratu du: “Etxerik gabeko pertsonen egoera. Horiendako baliabideak bikoiztu egin dira, bai plaza-kopuruan, bai aurrekontuko diru-esleipenean”. Alkateak baieztatu duenez, “kalean nahi gabe lo egiten duten pertsonak dauden bitartean, helburu hori ez da beteko”.
Asironek aipatu duen beste gai garrantzitsu bat Belosoko obrak izan dira. Horiek gauzatzeak “une zailak ekarriko ditu”. Obrek urtea amaitu arte eraginen diote hiriaren erdigunerantz doan zirkulazioari, batez ere Labrit eta Belosoko aldapetan barna heldu denari. Aurreko gobernu-taldeak “bideratu, garatu, lizitatu eta adjudikatutako” proiektu horrek ehun zuhaitz baino gehiago kentzea eta urtebetez trafiko-mozketak egin behar izatea ekarriko du. “Oinordetzan” jasotako proiektua denez, gobernu-taldearen konpromisoa hirukoitza da: Mantentzeko moduan dauden ibilbideko 17 zuhaitzak salbatzea, zuhaitz-ilara berria abendurako prest egonen dela bermatzea, eta Udalaren baliabide guztiak martxan jartzea, Belosoko eta Labriteko aldapetan aurreikusten diren zirkulazio-kalte larriak minimizatzeko. Sarbide horiek errazteko, behar bezala seinaleztatutako ordezko ibilbideak prestatu dira, eta garraio publikoa eta bitarteko jasangarriak erabiltzea gomendatzen da.
Lehentasunezko gaiak
Lehen “103 egunetan” jorratu gabe gelditu diren gaien artean, eta “aurtengo urterako lehentasun gisa” honako hauek nabarmendu ditu alkateak: “Erripagañarekin hartutako konpromisoak betetzea”, besteak beste, “lankidetza akordioak berritzea, zuzkidurak bultzatzea, eremu osoa bere gain hartzeko azterketa ekonomikoa amaitzea eta beste hiru udalekin (Burlata, Uharte eta Eguesibar) eta Nafarroako Gobernuarekin negoziatzea, auzotarrek auzoaren etorkizun administratiboa erabaki dezaten bermatzeko”.
Asironek hizpide izan ditu honako hauek ere: Iruñeko Zainketen Mahaiaren sorrera eta deialdia; kartzela zaharreko orubean Donibane auzoko haur eskola berria egiteko proiektua; Kontratazio Arduratsuaren Bulegoa sortzea eta Etxabakoitzeko Nicasio Landa ikastetxean, Arrosadiako Guelbenzu zinemetan eta Lezkairun Civivoxak egiteko proiektuen idazketa”.
Alkateak hausnarketa batekin amaitu du bere hitzaldia: “Ezberdinen artean lan egitea eta adostasunak bilatzea da hiri gisa aurrera egiteko modu bakarra. Alderdi politikoen lehentasuna konfrontazioa dela dirudien garai politiko nahasi honetan, Iruñean ezberdinen arteko lankidetza posible ez ezik, desiragarria ere badela erakusten ari gara”. “Hiri honetan agerian geratzen ari da elkarrizketarako gai diren indar politikoak, jomuga adostasunean jarri eta norbere interesen gainetik gehiengoaren interesa bilatzeko gai diren horiek direla gizarte aktibo gisa aurrera egiten laguntzen digutenak”, izan dira bere azken hitzak.