26 artisauk eraman ahal izan dituzte azkenik beren produktu-erakusketak eta -salmentak Gazteluko plazako Eguberriko Azokara; Iruñeko Udalak antolatu du, osasun krisiak eragindako murrizketek markatutako urtean. Horiekin batera, bidezko merkataritzako gune bat izanen da. Horrela, hiriko erdigunean, jarraituko du Iruñeko Eguberrietan erreferentzia-puntu bilakatu den eta zonaldeari bizitza ematen dion proposamenak, pandemiak markatutako egun hain berezi hauetan. Gunean ‘PamploSound’ jaialdiko kantak entzunen dira, hiriko 30 artista bildu dituen Iruñeko lehenengo online musika jaialdi akustikoa.
Eguberriko Azoka aurten argiztapen bereziaz inguratuta egonen da, elementu gehiagorekin eta handiagoa, hiriko gainerako lekuetan gertatzen den moduan, non argitasun-sentsazio handia eskaini nahi izan baita. Iruñeko Udalak, 2020an, 156.337 euro inbertitu ditu erakargarriagoa, deigarriagoa eta ikusgarriagoa izanen den argiztapen-proposamenean. Horretarako, formak eta koloreak zabaltzearen alde egin du, zuria, urdina, horia, gorria, arrosa, berdea eta urre-kolorea erabilita.
Berrikuntzak aurtengo argiztapenean
Berritasunen artean honako hauek daude: 3D bola handi bat, ibiltzeko modukoa, San Frantzisko plazan, 5 metroko altuera eta 5 metroko zabalera dituena; arku handi bat girlandekin Askatasunaren plazan; Eguberrietako apaingarri berriak Merindadeen eta Vianako Printzearen iturrietan, eta dekorazio berezia Udaletxeko fatxadan, Udaletxe plazan eta Gazteluko plazan.
Argiak, % 100 LED teknologiakoak, Iruñeko merkataritza-gune nagusietako kale, plaza eta etorbideetan jarri dira: Alde Zaharrean, Zabalgunean, Martin Azpilcuetan/San Alberto Handian, Iturraman, Donibanen, Ermitagañan, Mendebaldean, Sanduzelain, Arrotxapean, Txantrean eta Mendillorrin. Guztira, 236 argi-arku jarri dituzte, eta horiekin batera gune enblematikoak dekoratu dira. Argiak arratsaldero pizten dira, 17:45etatik, gutxi gorabehera, 23:00ak arte, COVID-19aren aurrean babesteko une hauetan ezarritako ordutegietara egokituz. Abenduaren 24an eta 31n 01:00ak arte piztuta egonen dira.
Azoka zabalik egonen da 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara
Eguberriko Azoka zabalik dago 11:00etatik 14:00etara, goizez, eta 17:00etatik 20:00etara, arratsaldez, urtarrilaren 6ra bitarte. Bakarrik bihar egonen da itxita, abenduaren 25ean, ostiralarekin, eta urtarrilaren 1ean. Prebentzio-neurri gisa, Gazteluko plaza sokaz hesi da eta bi sarrera-gune ezarri dira, sartu eta atera ahal izateko. Xabier kalean eta Sarasate pasealekuan daude. Gune horietan edukiera kontrolatuko dute eta baita osasun krisiari aurre egiteko gainontzeko neurri guztiak ere, hala nola maskara eta gel hidroalkoholikoa derrigorrez erabiltzea. Azokan saltzen ari diren artisau guztiek babes goreneko maskara daramate eta haientzako eta bezeroentzako gel hidroalkoholikoak ere badituzte.
Postuetan elikagaiak aurkitu daitezke, hala nola txokolateak, pastak, gaztak, ahateetatik eratorritako produktuak, marmelada, barkilloak eta hestekiak. Beste modu batez egindako produktuak ere badaude, elikagaiak ez direnak, hala nola, zilarrezko objektu eta detaileak, larrukiak, zeramika, ehungintzako artisautza-lanak, buztingintzako elementuak, artileak eta beirazko lanak. Bidezko merkataritzaren etxola Setem Nafarroak kudeatzen eta artatzen du, eta hirian bidezko merkataritza sustatzen duten erakundeak biltzen ditu.
Azoka Iruñeko Udalak antolatu du eta postuak Elikagai Artisauen Ekoizleen Elkarteak kudeatu ditu, dagokion kontratuaren entitate esleipendunak, zeinak Nafarroako landa-eremutik datozen produktuen zuzeneko salmentan lan egiten baitu eta Eguberrietan eskari-maila handia baitu.