Adin guztietako 25 pertsona inguruk parte hartzen dute Klima-ekintzarako Lantaldearen bigarren edizioan. Lantaldea Iruñeko Udalak abiatu du klima-aldaketaren inguruko kontzientzia hartzeko eta gizarte gisa, trantsizio ekologikoan elkarrekin aurrera egiteko. Talde horrek , klimaren kultura berriranzko bidean aurrera egiten lagun dezaketen erreferente berriak sortu eta ikusaraztea du xede. Metodologiari dagokionez, hilero egiten diren saioak, teknika berritzaileak eta ekimen kolektiboen proposamen praktikoak bertatik bertara ezagutzeko irteerekin konbinatuz.
Interesdunen artean hiriko ia auzo guztietako bizilagunak daude, beraz egiten diren proposamenak ekintza-eremu handiago batera zabaltzen ahalko dira. Edizio berri hau abiatu zenetik (urria) gaur arte, Ingurumen Hezkuntzako Museoan egiten diren Klima-ekintzarako Lantaldearen topaketek hainbat gaietan sakontzeko balio izan dute, hala nola energia positiboan eta energia autokontsumoan, mugikortasun jasangarrian eta kontsumoak ingurumenean duen eraginean.
Taldeak beste hainbat gai jorratuko ditu maiatzaren amaierara arte, hala nola elikadura jasangarria eta trantsizio ekologikoa lortzera bideratutako hainbat esperientzia kolektibo ezagutzea. Izan ere, atzo parte-hartzaileek Arrotxapeko baratze komunitarioa bisitatu zuten, kilometro 0ko elikadura ekologikoa eta sasoikoa sustatzeko ekimen kolektibo baten adibide baita. Hainbat metodologiaren bidez, Klima-ekintzarako Lantaldeko kideek hausnarketa egiten dute eta emozioak eta kezkak partekatzen dituzte, maila indibidualean zein kolektiboan, beren egunerokotasunean klima-aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko ekintzak integratzeko xedez.
Aurreko edizioan, Klima-ekintzarako Lantaldeak hainbat erronka indibidual eta kolektibo egitea lortu zuen, esaterako bizilagunen komunitaterako jatorri berriztagarriko energia kontratatzea , plastikoen erabilera murriztea, bizikletaren eta garraiobide publikoen erabilera sustatzea aisialdiko eta laneko joan-etorrietan eta lantokietan birziklapena areagotzea. Parte-hartzaile batzuek erosketa-azturak aldatu zituzten, sasoiko eta bertako produktuak erosita eta ahal zuten heinean ontziratutako elikagaiak baztertuta, eta argi-kontsumoa murriztu zuten.
Ekimena Europako oPEN Lab proiektuaren barruan kokatzen da eta Europar Batasuneko Horizon 2020 Ikerketa eta Berrikuntza Programaren finantzazioa du. Halaber, ‘Go Green Pamplona’ programaren parte da, (estrategia horrek hiriak klima-aldaketari aurre egiteko garatutako jarduketa guztiak biltzen ditu bere baitan), eta Iruñeko 2030erako Iruñeko Hiri Agendaren eta Iruñeko Energia-trantsizio eta Klima-aldaketarako Estrategiaren barruan dago.