2.300 pertsonak baino gehiagok bisitatu dituzte alkoholari eta beste droga batzuei buruzko argibide-gune finkoa, Errekoleten plazan, eta bi ibiltariak, sanferminetan irekiak

2.300 pertsonak baino gehiagok bisitatu dituzte alkoholari eta beste droga batzuei buruzko argibide-gune finkoa, Errekoleten plazan, eta bi ibiltariak, sanferminetan irekiak
Udalak berriro ere ekin dio, ondoz ondoko hirugarren urtez eta aisia-guneetan, alkoholaren eta beste droga batzuen arriskuei aurre egin eta murrizteari

Ondoz ondoko hirugarren urtez, Iruñeko Udalak abiatu zuen alkohola eta beste droga batzuk hartzean dauden arriskuei aurre egin eta murrizteko programa. Horretarako, sanferminetan argibide-gune finko bat eta bi ibiltari ireki zituen, batez ere gazteei zuzenduta eta Hegoak Elkarteak kudeatuta. Gune horietan 2.330 pertsonari eman zitzaien arreta, 1.338 gizoni eta 992 emakumeri, eta informazio- eta sentsibilizazio-materiala banatu zitzaien.

Ekimenak informazioaren eta aisialdiko bestelako aukeren bidez tresnak eskaini nahi ditu, gazteak beraien bizi-garapenaren jabe izan daitezen, era aske eta arduratsuan erabakiak hartzea ahalbidetuz. Ekintzak balizko kontsumitzaileei zein kontsumitzen ez dutenei zuzenduta zeuden, azken horien jarrera sustatuz, hots, jaiez era osasungarrian gozatzen dutenena. Esku-hartzeak aisia- eta jai-tokietan ibili ohi direnei zuzenduta zeuden, bereziki 14 eta 30 urte bitarteko gazteei. Sanferminak ez ezik, kontratuak hiriko auzoetako jaiak ere hartzen ditu barne. 

Gune finkoa Errekoleten plazan egon zen. Hortik 825 lagun igaro ziren, 15 eta 52 urte bitarteko 518 gizon eta 307 emakume. Hiru kontsultatik bi Iruñeko herritarrenak ziren. Guneak azterketa-zerbitzua ere bazuen, non nahi zutenek egin ahal baitzuten. Guztira, 217 azterketa egin zitzaizkien 130 pertsonari; horietako % 54, iruindarrei. Horietatik, 106 gizonak eta 24 emakumeak ziren, eta horien batezbesteko adina, 25,3 urte. Zerbitzuaren erabiltzaileek beraiek egindako balorazioa 9,47koa izan zen 10etik, bai zerbitzuaren erabilgarritasunean bai langileek emandako arretaren kalitatean.

Aurten, zerbitzua indartu da bi argibide-gune ibiltariz; Foruen plaza, Gaztelugibel, Antoniutti, Taconera, O-ko Andre Maria plaza, Basotxoa, Corazonistas, San Frantzisko eta Media Luna izan dituzte geraleku. Gune bat gaueko ordutegian zegoen, 23:00etatik 03:00etara, eta bestea, arratsean, 20:00etatik 23:00etara. Lehen gune ibiltariak 890 laguni eman zion arreta, 485 gizoni eta 405 emakumeri, eta bigarrenak, 615 laguni, 335 gizoni eta 280 emakumeri. 

Jaiaren ingurune horretan, Iruñeko Udalak Super-botereak kanpaina ere editatu zuen berriro, informazioa hedatzeko material grafikoaz, hala nola: eskuorriak, kartelak eta eranskailuak. Eduki horiek deskargatu ahal izan dira webgune honetan: www.sfsuperpoderes.com. Edukiak gaztelaniaz zein euskaraz egon dira, eta zenbait euskarritarako, baita ingelesez eta frantsesez ere.

¿Te ha sido útil esta página?