Guztira hogeita hiru lokalek eta ekitaldik, Iruñeko 14 peña barne, egin dute bat edo jadanik zuten atxikimendua berritu dute Festetako eta gaueko aisialdi pribatuko guneetan indarkeria sexistari aurrea hartu eta erantzuteko protokoloarekin: Udalak bultzatzen du, sektoreko eragileekin eta mugimendu feministarekin lankidetzan.
Horiek guztiek parte hartu dute bereizgarria egiaztatu edo bi urtez berritzeko ekitaldian: harrera-aretoan egin da, eta bertan Zaloa Basabe Gutiérrezek parte hartu du, Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako eta Kultur Aniztasuneko Alorreko zinegotziak.
Ekitaldia egin bitartean, protokoloarekin bat egiteko agiriak entregatu dira, non eta hartutako konpromisoak xehe-xehe azaltzen baitira, eta, horrez gain, protokoloaren testuak banatu dira, euskaraz eta gaztelaniaz. Gainera, sustapen-materiala (kartelak eta eranskailuak) eman zaie entitate horiei, eta besoko identifikagarriak eskuratu dituzte lokal eta ekitaldi bakoitzean protokoloaren arduradun izanen diren langileek, eraso baten aurrean erreferenteak izanen baitira. Langile horiek (40 guztira) bi prestakuntza-saiotan hartu dute parte maiatzean, Equala aholkularitza-enpresaren eskutik, eta, horri esker, lan hori egiteko beharrezko gaitasunak eskuratu dituzte.
Aurreikuspenen arabera, 2026ko azaroan egiaztatuko dira bereizgarriak, eta, beraz, interesa duten establezimendu eta ekitaldi guztiek protokoloarekin bat egiteko prozesuan parte hartzeko eskaera egiten ahal dute dagoeneko.
Halaber, webgune bat dago eskuragarri, eta bertan informazioa dago protokoloari buruz eta bereizgarria egiaztatu ahal izateko urratsen inguruan. ociolibredeviolenciasexista@pamplona.es helbide elektronikoan ere edozein zalantza argitu edo informazio gehigarria eskatzen ahal da.
Aisialdi seguruko eredu berria
Festetako eta gaueko aisialdi pribatuko guneetan indarkeria sexistari aurrea hartu eta erantzuteko protokoloa apustu irmoa da denondako eskubide berberak bermatzen dituen aisialdi-ereduaren alde egiteko. Protokoloarekin bat egin duten aisialdiko lokal eta esperientzia ez-iraunkorrek konpromisoa hartu eta sinatu dute sentsibilizazio-lana egiteko eta indarkeria sexista atzematen duten egoeretan modu koordinatuan arreta eman eta erantzuteko; halaber, barne-prestakuntzako prozesuak zehaztu dituzte, egiturazko beste zenbait neurri ere bai, eta aisialdirako guneak eta eskaintza berrikusiko dituzte.
Aisialdirako establezimendu mota guztiek egiten ahal dute bat egitasmoarekin: bai lokal iraunkorrek, hala nola tabernek, kafetegiek, pub-ek eta diskotekek, bai ez-iraunkorrak diren esperientziak –jaialdiak, kontzertuak eta beste ekitaldi mota batzuk– kudeatu eta antolatzen dituzten entitateek eta enpresek.
Protokoloaren parte direnek konpromiso hauek hartzen dituzte bere gain: indarkeria sexistako egoerei arreta eman eta erantzuteko koordinatzea eta sentsibilizatzea, barne-prestakuntzako prozesuak zehaztea, baita egiturazko beste neurri batzuk hartzea ere, hala nola espazioak eta aisialdirako eskaintza berrikustea.
PROTOKOLOAREKIN BAT EGIN DUTEN ESTABLEZIMENDUAK ETA HAREKIKO ATXIKIMENDUA BERRITU DUTENAK
Synkronika AIE: Dantz Point eta elektrAV jaialdiak
Difusora Cultural Cinematografica SA eta Pasaje de la Luna SL: Golem Baiona eta Golem Yamaguchi zinema-aretoak.
LABA elkartea
Last Tour (En vivo jaialdia)
Herriko Taberna
Irufest Producciones: Iruña rock jaialdia
Kulturix elkartea
Antartika Kultur Container
Punto de Vista jaialdia (NICDO Baluarte)
Alegría de Iruña peña
Anaitasuna peña
Iruñeko Algara peña
Donibane peña
El Txarko peña
Irrintzi peña
La Única peña.
Los de Bronce Peña
Muthiko Alaiak peña
Oberena peña
Rotxapea peña
San Fermín peña
Sanduzelai peña
Armonía Txantreana Peña