Joseba Asiron Saez Iruñeko alkatea izan da gaur goizean udal gobernu-taldeko kideek ikasturte politikoari hasiera emateko udaletxean bertan egin duten bilera formalaren buru. Bileran bi gai nagusi jorratu dira, 2025eko aurrekontuei bultzada ematea eta agintaldiko proiektu handienen errepasoa egitea, horietako asko jada martxan daudenak. Bileran parte hartu dute EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo – Zurekin udal-taldeetako zinegotziek, Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotziak izan ezik, medikuaren baja baitu.
Bileraren lehen zatian alor bakoitzeko aurrekontu-beharrak zein diren aztertu da. Zinegotzi bakoitzak hasierako aurreikuspen bat aurkeztu du eta ikasturte politiko honetarako lehentasunak zehaztu ditu alorrez alor. Ogasuneko Alorrak egutegiaren lehen zirriborroa aurkeztu du, ahal izanez gero aurrekontuen onespena azaroaren amaierara aurreratzeko. Neurri horren bidez, aurrekontuen tramitazioa eta behin betiko onespena behar besteko denboraz eginen direla bermatu nahi da, hala 2025erako kontu berriak urtarrilean indarrean jartzeko urte administratiboaren hasierarekin batera.
Bigarren zatian, agintaldiko bost proiektu handi errepasatu dira berariaz. Alde batetik, dagoeneko martxan dagoen Etxebizitza Planean laster berrikuntzak izanen dira alokairu eskuragarriari eta gazteendako etxebizitzari dagokionez, eta, bestetik, Bizikidetza Plana dago. Plan horrek sanferminen aurreko argazkia izan zuen lehen mugarri eta orain Nafarroako Alderdi Sozialistarekin batera lantzen ari dira. Beste bi proiektu handi dira Sarasate pasealekua eraberritzea –proiektua idatzi aurreko ideien lehiaketa-fasean dago–, eta Euskal Pilotaren Munduko Hiriburua bultzatzea, interpretazio zentro bat eraikitzeko ideia lehiaketaren eta Iruhbi proiektuaren bidez. Bosgarren blokeak auzoetako jarduketak biltzen ditu, besteak beste, dagoeneko abian dauden Sanduzelai auzoa berrantolatzeko proiektua eta Erripagañaren etorkizuna definitzeko plana, eta, Auzo-kontseiluei buruzko Erregelamendu berria bultzatzea.
Gizarte Ekintzari dagokionez, zerbitzu berriak abian jartzea eta daudenak indartzea aztertu da, besteak beste, mendekotasuna duten adinekoendako laguntza, enplegurako prestakuntza eta pertsona eta familia zaurgarriendako laguntza. Menpekotasun-egoeran dauden adinekoendako lehen Eguneko Zentroa eraikitzeko lanak (Arrotxapean eraikiko da), eta gazteendako eta iraupen luzeko langabetuendako lanerako eta lan-aurreko prestakuntzarako zentro bat martxan jartzea izanen dira datorren ikasturterako mugarri nagusiak.
Azkenik, Sustapen Ekonomikoko eta Europar Proiekzioko alorrari dagokionez, turismo jasangarria eta kulturala bultzatzea izanen da helburua, Iruñeko ondare historiko eta kulturalari balioa emanen diona. Beste erakunde batzuekin lankidetza-aliantza estrategikoak sortzea izanen da lehentasuna, Iruñeko garapen ekonomikoa, komertziala eta turistikoa bultzatuko duten multzoko proiektuak aurrera eramateko. Helburua da Iruñea helmuga turistiko jasangarri gisa sendotzea, tokiko merkataritza laguntzea eta ingurune ekonomiko erresiliente eta dinamikoa sustatzea.
- Gaurkotasuna
- Berriak
- 2025erako Iruñeko aurrekontuei bultzada ematea eta agintaldiko proiektu handienen errepasoa egitea izan dira gai nagusiak udal-gobernuaren ikasturte politikoari hasiera emateko bileran