
Iruñeko Udalak 2025eko Sanferminetako Kartel Lehiaketarako deia egin du: apirilaren 22an amaituko da jatorrizkoak aurkezteko epea, 14:00etan. Ezin izanen da adimen artifiziala erabili kartela sortzeko. Lehiaketa irabazten duenak 5.000 euro eskuratuko ditu, eta aurten, herritarren bozketara, hau da, finalera iristen diren bederatzi lehiakideei 500 euroko accesitak emanen dizkiete, azken fasean egin beharreko lanaren aitortza gisa. 2025eko aurrekontua 9.500 eurokoa da.
Libre da lehiaketan parte hartzea, eta egile edo kolektibo bakoitzak proposamen bat eta bakarra aurkezten ahal du. Pertsona fisikoek bakarrik hartzen ahal dute parte. Ezin izanen da aurkeztu aurreko urteetako lehiaketaren batean finalera iritsi zen proposamenik, eta ezin izanen da lehiatu oinarriak ez betetzeagatik lehiaketatik kanpo geratu den inor zigorraren epea igaro arte. Iaz 635 lan aurkeztu zituzten.
Kartelak telematikoki aurkeztu behar dira, http://www.pamplonaescultura.es/eu webguneko inprimakia beteta; webgune horretan bertan daude lehiaketaren oinarriak ere. Formularioa hiru hizkuntzatan betetzen ahal da: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Lehiakidearen datu pertsonalak adierazi behar dira: jaioteguna eta jaioterria, helbidea eta helbide elektronikoa, eta aurkeztutako lanaren inguruko dokumentazioa.
Hona hemen aurkeztu beharreko guztia: obraren izenburua; kartela osatzen duten elementuen kontzeptua edo kontzeptuaren garapena, hala nola konposizioa, koloreak, tipografia eta sinbologia; lehendik eginiko lanen baten txosten artistikoa (berdin dio lana argitaratua edo argitaragabea den), bereizmen txikiko 3-6 argazki barne; eta kartela bera, .jpg formatuan (neurriak: 820 x 1171 pixel. Bereizmena: 72 pixel/hazbete. Pisua gehienez: 2 MB). Kontuan izan behar da finalerako sailkatzen diren 10 kartelak 1000 x 700 mm-ko formatuan inprimatuko direla (bertikalean).
Testua eta hiriko armarria
Kartelak jatorrizkoa eta argitaragabea izan beharko du, eta teknika librekoa. Ezin izanen da adimen artifiziala erabili kartela sortzeko, ez osorik eta ez zati bat sortzeko ere. Irudiak testu hauek izan behar ditu: ‘San Fermin’, ‘2025’, ‘Pamplona/Iruña’ eta ‘Del 6 al 14 de julio/Uztailaren 6tik 14ra’, irakurtzeko moduko neurrian eta tipografian. ‘Pamplona/Iruña’ eta dataren testuetan bi hizkuntzak bereizi daitezke, edo lerro banatan jarri, baina tamaina bera izan behar dute. Banatuta edo modu ez-ortografikoan bereizita aurkezten badira, ez da barra etzana jarriko. Hitz edo hizkuntza bakoitzarendako kolore desberdinak erabiltzen ahalko dira, baina, nolanahi ere, bien irakurketa antzekoa izatea bermatu beharko da.
Lau testu horiez gain, Iruñeko armarria ere sartu behar da kartelean, irudi ofiziala: https://www.pamplonaescultura.es/eu/escudos-de-pamplona/ webgunean deskargatzen ahal da. Armarria ere egokitzen ahal da kartelaren diseinura, betiere ezaguterraza eta identifikagarria bada eta osagai guztiak egoki eta errespetuz irudikatuta badaude. Hauek dira osagaiak: zilar koloreko lehoi iragailea, mihia eta atzaparrak gorriak; urre koloreko errege-koroa bat lehoiaren gainean; bai lehoia eta bai koroa, hondo urdin ilun baten gainean; bi osagai horien inguruan, zerrenda bat osatuz eta hondo gorriaren gainean, Nafarroaren kateak urre-kolorez: eta zerrenda horren gainean, errege-koroa ireki bat, urre-kolorekoa. Armarriaren diseinua koloretan egin daiteke (deskribapenean adierazitako koloreekin), monokromo zurian, monokromo beltzean, edo proposatutako kartelarekin zerikusia duten tonalitateetan, betiere jatorrizko armarriaren zentzua hutsaldu edo haren kontra egiten ez badu.
Lehiakidearen esku dago testua eta armarria non jarri.
Kartela aurkezteko, bi pauso
Webguneko inprimakia betetzeko, bi egiaztapeneko prozesu bat egin behar da. Bete beharreko eremu guztiak bete eta bidaltzeko botoia sakatu ondoren, mezu elektroniko bat bidaliko da inprimakian datu pertsonalen eremuan adierazitako helbide elektronikora. Mezu horretan lotura bat agertuko da: hor klik egin, eta izen-ematea baliozkotu eta bukatuko da. Behin pauso hori emanda, beste mezu elektroniko bat iritsiko da helbide berera, kartelak lehiaketan parte hartuko duela baieztatzeko: kartelaren goiburua, identifikazio-agiria eta plika-zenbakia ere emanen dira mezu horretan. Plika-zenbakia izanen da lehiakidearen erreferentzia lehiaketa osoan, eta parte hartu izanaren ziurtagiri gisa ere balio du.
Kartelak aurkezteko epea amaitzen denean, epaimahai profesionalak 10 lan aukeratuko ditu aurkeztutako guztien artean, hainbat irizpide aintzat hartuta: kalitate artistikoa, sanferminen irudiari eginiko ekarpen artistikoa, eskatutako osagaien koherentzia eta irakurgarritasuna, eta txosten artistikoaren koherentzia eta zer interes duen. Aintzat hartuko da Udalak sanferminetan erabili ohi dituen formatuetara (programa ofizialaren azala, liburuxka tolestu horizontalak eta agertokietako olanak...), beste bitarteko digitaletara eta miniaturetara egokitzea, eta ondo egokitzea balioetsiko da.
Hautatutako 10 kartelen plika-zenbakiak Iruñeko Udalaren webguneetan argitaratuko dira (www.pamplona.es/eu eta www.pamplonaescultura.es/eu), herritarrek botoa eman dezaten. Udalak egileei eskatuko die kartela bereizmen handian helarazteko, eta bertikalean 1000 x 700 mm-ko tamainan inprimatu ahal izateko behar bezainbeste kalitaterekin. Iruñeko Udalak inprimatuko ditu finalera sailkatutako kartelak, lehiakideek aurkeztutako artxiboak erabiliz.
Prozesu osoa anonimoa da
Finalera iristen diren kartelak ikusgai jarriko dira herritarrek irabazlea aukeratu dezaten. Adierazitako webguneetan eta euskarri fisikoetan jarriko dituzte, eta boto gehien biltzen duena izanen da 2025eko sanferminetako kartela. Lehiaketaren oinarrien arabera, ezin izanen da jakinarazi nor den kartel bakoitzaren egilea lehiaketa amaitu arte. Modu anonimoan hartzen da parte lehiaketan, eta berariaz debekatuta dago kartelen irudiak, hautatuak izan zein ez, eta lehiaketan parte hartu dutenen datuak zabaltzea kartel irabazlea modu ofizialean aurkezten den arte. Lehiakideren batek debeku hori hausten badu, aurkeztu duen kartela baztertu eginen da zuzenean aurtengo lehiaketatik, eta 3 urtez ezin izanen du berriz aurkeztu lehiaketara. Saririk lortzen ez duten lanak Udalaren bulegoetan berreskuratzen ahalko dira, ebazpena argitaratu eta bi hilabeteko epean.
Eskubideen lagapena
Iruñeko Udalak saria ordaintzeak esan nahi du Udalak kartela eskuratu duela, eta kartelaren egileak edo egileek Iruñeko Udalari laga dizkiotela kartelaren gaineko eskubide guztiak. Udalak epemugarik gabe erabiltzen ahalko du kartela mundu osoan, edozein euskarri edo bitarteko erabiliz 2025eko sanferminetako programa zabaltzeko, festen publizitatea egiteko, etorkizunean kartelen atzera begirako erakusketetan erabiltzeko, oroitzapenezko argitalpenetan sartzeko, eta Udalari irabazi ekonomikorik ekartzen ez dioten beste edozein gauzatarako, betiere antolatzailea, antolatzaile-laguntzailea edo sustatzailea bada.
Egileak erabakiko du hirugarrenei baimena eman nahi dien 2025ean kartela zabaltzeko Udalarenak ez diren beste helburu batzuetarako, helburu komertzialak barne, betiere baimen horiek ez badie zuzenean kalterik egiten Udalaren helburuei. Udalak aintzat hartu ditu artearen eta ilustrazioaren sektoreko profesionalen eskariak: adimen artifiziala erabiltzea debekatu du, ikusgai jarriko diren lanei sari ekonomikoa emanen die, eta zenbait eskubide artisten esku utziko ditu.