2025eko Bigarren Zabalguneko Plan Bereziaren arabera, 591 etxebizitza berri sortuko dituzte, eta horien % 50 etxebizitza babestuetarako gorde beharko da derrigor

2025eko Bigarren Zabalguneko Plan Bereziaren arabera, 591 etxebizitza berri sortuko dituzte, eta horien % 50 etxebizitza babestuetarako gorde beharko da derrigor
Zabalik utzi dute Erriberri kalean eta Galizia etorbidean lurpeko aparkalekuak eraikitzeko aukera, baina baztertu egin dute Zangoza kalean halakorik jartzea
Ensanche

 

2025eko Bigarren Zabalguneko Hiri Jarduketarako Plan Bereziaren arabera (HJPB), 591 etxebizitza berri sortuko dituzte, eta 3 etxebizitza berri baino gehiago sortzen diren aldiro, % 50 etxebizitza babestuetarako gorde beharko da derrigor. 2022an onetsi zuten hasiera batez HJPB dokumentu bat, eta urte hauetan berrikusi egin dute. Hurrengo Osoko Bilkuran onetsiko dute hasiera batez testu berria, eta jendaurrean jarriko dute irailaren amaierara bitarte. 

Dokumentu berriak eremuaren gaur egungo egoera du abiapuntu, eta berria da hori. Lehengo planean ez bezala, bereizi egin dituzte alor bakoitzerako mantentze- eta berrikuntza-lan orokorrak eta espezifikoak, eta lan puntualak egitea planteatu dute Zabalguneko merkatuaren lurzatietan, Alcazar zinema zegoen tokian eta Seminarioan: lan horiei esker, etxebizitza libre eta babestu berriak sortuko dituzte. Halaber, berrurbanizatzeko eremu estrategiko batzuk proposatu dituzte, eta superetxadietan oinarritutako eskema berri bat ere bai eremu horretako joan-etorriak antolatzeko.

Eraikin gehienak babes-erregimenean sailkatuta daude, eta eraikin horiek birgaitu eta beste erabilera batera bideratu ahal izateko baldintzak ezarri dituzte planean. Zenbait eraikinetan, kalearen zabaleraren arabera, posible izanen da altuera handitzea. Egiteko proposatu dituzten lanen artean, nabarmentzekoa da merkatuko lurzatian egitea planteatu dutena: birgaitu egin nahi dute Udalaren 70 etxebizitzaren energia-efizientzia hobetzeko, merkatuko jarduera bere horretan mantenduz betiere, eta aukera moduan utzi dute etxebizitzen eraikina bi solairu handitzea, inguruko eraikinen altuera bera izan dezaten, 45 etxebizitza berri sortu ahal izateko.

Berritu, kontserbatu eta berrantolatu
Barneko etxebizitzak dauden lurzatietan proposatu dute berrikuntza-lanak egitea, kanpoko etxebizitza bihurtu eta etxadiaren barneko eremu librea handitzeko. Horretarako, eraikinak eraitsiko dituzte, osorik edo zati bat. 2022ko dokumentuan ere jaso zuten aukera hori, eta HJPB berrian lan horiek eraikin gehiagotan egitea proposatu dute: Salestarren orubean, Misiolarienean eta Maristenean. 

Alcazar zinema zegoen tokian, Lizarra kalean, eraikina kontserbatu eta berritzeko lanak uztartuko dituzte, eta zabalik utzi dute hirugarren sektorerako erabiltzen diren goiko solairuak etxebizitzarako erabiltzeko aukera . Horretarako, altuera handituko dute, eta fatxada nagusia mantenduko. Hala, etxebizitza berriak sortzen ahalko dituzte, batzuk babestuak, eta hori ez zuen aurreikusten 2022ko planak.

Seminarioaren etxadian, berriz, etxebizitzak berrantolatzea proposatu dute: hegoaldean dagoen eraikina eraitsiko dute, eta 4 etxebizitza-bloke sortuko dituzte, ahalik eta garaienak; hau da, beheko solairua, beste bost solairu eta atikoa izanen dituzte. Horri esker, honela antolatzen ahalko dute eremua: 953 m2 Badostaingo errepideko Sistema Orokorra zabaltzeko erabiliko dituzte; 12.461,30 m2 eremu libreetarako, bideak egiteko eta berdeguneetarako gordeko dituzte; beheko solairuko 4.300 m2 hirugarren sektorerako erabiliko dituzte, eta 190 etxebizitza berri sortuko dituzte; horietatik 95, babestuak.

Telefónicaren eraikina eta Emakumeen Etxea dagoen tokian, Agoitz kalean, ez dute etxebizitzak sortzeko lanik eginen Teléfonicaren eraikineko etxadian, 2022ko HJPBak proposatzen bazuen ere. Emakumeen Etxea bere horretan utziko dute, eta inguruko eremua espazio  publikoa hobetzeko eta hegoaldearekiko lotunea egiteko eremu estrategiko izendatuko dute.

2025eko HJPBaren arabera, gaur egungo erabilerak finkatuko dira, eta etxebizitzarako erabiltzen diren eraikinetan lehen solairua eta beheko solairuari lotutako sotoa baino ezin izanen dira merkataritzarako erabili. Kale hauetara begira dauden eraikinetan baino ez dute baimenduko beheko solairua etxebizitza moduan erabiltzea: Media Luna kalea, Nafarroa Behereko etorbidearen eta Monjardín kalearen arteko tartean; Aralar kalea, Tafalla kaletik Iturralde y Suit kalerainoko tartean; Felipe Gorriti kalea, Erriberri eta Media Luna kaleen arteko tartean; Amaiurko Gazteluaren kalea, Erriberri eta Media Luna kaleen arteko tartean, eta Pascual Madoz kalea.

Eremu estrategikoak
Berrurbanizatzeko lanak egiteko eremu estrategikoak izendatu dituzte dokumentuan, hala nola Bake plaza eta autobus-geltoki zaharraren etxadia. Ez dute berritzeko proiektu konkreturik ezarri; geroago eginen duten plan bat aipatzen da. Vianako Printzearen plazaren eta Merindades plazaren arteko bidegurutzea ere aipatzekoa da: proiektu bat eginen dute beren-beregi ingurua berrurbanizatu eta oinezkoei lehentasuna emateko.

Zuria Nafarroakoa plaza ere eremu estrategikoa izanen da, bai eta Zabalguneko merkatuaren etxadia eta 276. etxadia ere, Zuria Nafarroakoaren eta Erriberri kalea, Amaiurko Gazteluaren kalea, Gorriti kalea eta Aralar kalearen artean. 276. etxadian hiru etxebizitza-bloke daude ilaran, eta barneko patio txiki batzuk dituzte: berrantolatzea proposatu dute, eta etxadiaren barruan plaza publiko bat egiteko aukera planteatu. Halaber, ekipamendu publikoa lagatzea, 93 etxebizitza gehiago sortzea eta beheko solairuak merkataritzarako erabiltzea proposatu dute.

Askatasun plazaren eta Erorien Monumentuaren inguruan, hiri-espazioa birmoldatuko dute, toki estrategikoa baita Lezkairuranzko joan-etorriak errazteko, hegoaldetik. Hala, plaza eremu libre publiko zentrala izanen da, eta bide emanen du Zabalgunea garapen berriekin lotzeko. Halaber, erabilera berria emanen zaio, babes-katalogoan duen sailkapena aldatuko diote, eta monumentuaren eraikina berrituko dute arkitektura-lehiaketa baten bidez.

Mugikortasun jasangarrira egokitutako HJPBa
Bigarren Zabalguneko HJPBari esker, mugikortasun jasangarriaren politika eta proposatutako hiri-ereduaren printzipio eta helburuen araberako hiri-antolamendua uztartuko dira: eredu horretan, oinezkoak du lehentasunik handiena; gero, bizikletak eta garraio kolektiboak, eta automobila egonen da azkena hierarkia horretan. 2022an onetsitako dokumentuko hainbat kontu berrikusi dituzte 2025eko testua sortzeko: oinezkoendako bideen sarea, bizikletendako bideen sarea eta garraio publikoarena.

Oinezkoendako bide nagusiak identifikatzeaz gain, zenbait bide publikotan hobekuntzak egitea proposatu dute oinezkoendako eta lasai egoteko egokiagoak izan daitezen: hala nola Zuria Nafarroakoa plaza; Gurutzeko plaza eta inguruak; Zaragozako etorbideko tarte bat; Amaiurko Gazteluaren kalea; zezen-plazaren inguruak; Askatasun plaza eta Binkulo plaza, eta San Ignazio etorbidearen eta Lizarra kalearen arteko bidegurutzea.

Halaber, zenbait kaletan sekzioa berrorekatzea proposatu dute: zehazki, espaloiak handitu nahi dituzte oinezkoendako egokiagoak izan daitezen eta hiriko azpiegitura berdeak integratzeko. Hala, HJPB berriarekin, espaloiak handitu eta zuhaitzak jartzea erraztuko dute, bidea eta aparkalekuak murriztuko baitituzte.

Superetxadiak, aparkalekuak, eta bizikletendako eta hiri-garraioarendako bideak
Trafikoa baretzeko estrategia bat ere proposatu dute planean: 6 superetxadiren bidez antolatuko dute zirkulazioa, Iruñerriko Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planean (PMUS) proposatzen zen bezala. Bide perimetraletara bideratuko dute handik pasatzen diren ibilgailuen trafikoa, eta barneko bideak barneko zirkulaziorako, bizikletendako eta garraio publikoarendako soilik izanen dira.

Bidegorrien hasierako planari jarraikiz, horretarako lanak eginen dituzte Nafarroa Behereko etorbideak eta Oliveto Kondearen etorbideak osatzen duten ardatzean, eta horrez gain, beste bi bidegorri egitea proposatu dute barneko kaleetan, Bigarren Zabalgunea egokiagoa izan dadin bizikletendako. Nolanahi ere, Bidegorrien Planaren printzipioekin bat, bide guztiak izanen dira egokiak bizikletendako, izan horretarako berariazko azpiegitura dagoelako, izan ibilgailu motordunek erabiltzen dituzten bideek beharrezko baldintzak betetzen dituztelako bizikletek ere horietan zirkulatu dezaten. Hori guztia estrategia handiago baten parte da: hiri-etxadien barneko bideetan trafikoa baretzea eta bideetan proposatutako aldaketen ondorioz abiadura murriztea da helburua.

Garraio publikoa funtsezko ardatza izanen da mugikortasunerako, eta hala, autobusendako erreia bereiztea proposatu dute, gaur egun Nafarroa Behereko etorbidean eta Bigarren Zabalguneko beste toki batzuetan dagoen bezala; garraio publikoari baimena emanen zaio ibilgailu motordunek zirkulatu ezin duten bideetan sartzeko, Zaragozako etorbidean eta Gurutzeko plazan gertatzen den moduan; eta trafikoa baretu eta aparkalekuak mugatuko dituzte, autobusek modua izan dezaten sarriago eta arinago zirkulatzeko.

Gaur egun, automobilendako 3.500 aparkaleku, motoendako 575 eta egoiliarrendako beste ehun bat aparkaleku daude inguru horretan, eta dokumentu berriaren arabera, modua egonen da Erriberri kalean eta Galizia etorbidean lurpeko aparkaleku berriak eraikitzeko, baina ez Zangoza kalean, 2022ko dokumentuan ezarri zuten bezala. Kalkuluen arabera, 2.500 aparkaleku-plaza gehiago egonen lirateke horrela, eta dokumentuan aipatutako beste hobekuntza-neurrien ondorioz, 1.395 aparkaleku-plaza galduko lirateke. Halaber, automobilaren erabilera murrizteko politikek babesteko moduan sortu beharko dira aparkaleku berriak.

¿Te ha sido útil esta página?