2024ko aurrekonturako Iruñeko Udalak esku artean duen diru-sarreren eta gastuen hasierako gutxieneko aurreikuspena 262,5 milioi eurokoa da. Gaur goizean, Udaletxean, aurtengo udal aurrekontuen aurreproiektua ebaluatzeko lehen bilera egin da udal-gobernuko kideen eta udal-talde sozialistako zinegotzien artean.
Aurreikuspenen arabera, aurten Iruñeko Udalak gutxienez 262,5 milioi euroko diru-sarrerak eta gastuak izanen ditu, hau da, 2021ean, aurrekontuak onartu ziren azken urtean baino % 11,3 gehiago (235,86 milioi euro), eta 2023ko azken aurrekontu luzatuetan baino % 23,9 gehiago. Aurrekontu-aurreproiektua orekatu, hedakor eta anbiziotsuzat jotzen da, eta gizarte-gastua eta hiri-proiektu handien bultzada lehenesten ditu. Gainera, diru-sarreren eta gastuen gutxieneko aurreikuspen bat egiten da, zenbateko hori nabarmen handituko baita maiatzean, 2023ko geldikinen partidarekin eta lurrak saltzeagatik ordaintzeke dauden sarrerekin.
Gaur goizeko bileran honako hauek parte hartu dute: Joseba Asiron Iruñeko alkateak, Garbiñe Bueno eta Joxe Abaurrea alkateordeek (guztiak EH Bildu udal-taldekoak), Koldo Martínez Sustapen Ekonomikoko eta Europako Proiekzioko zinegotzi ordezkariak eta Mikel Armendáriz Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi bereziak (biak Geroa Baikoak), Txema Mauleón Gizarte Ekintzako zinegotziak (Contigo-Zurekin) eta Marina Curiel eta Xabier Sagardoy Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeko zinegotziek.
Bileran zehar, Udalak benetako inbertsioak egiteko dituen aukerak aztertu dira, hasiera batean 25 milioi eurokoak izaten ahal direnak. Kopuru horri maiatzean edo ekainean beste zenbateko bat gehitu beharko litzaioke udal-lurren salmentatik eta aurreko urteko geldikinetatik, kalkuluen arabera 20 milioi eurotik gora izan litezkeenak. Guztira, 2024rako zuzeneko inbertsioaren aurreikuspena 45 milioi eurotik gorakoa izanen litzateke.
Lanean hasteko akordioak
2024ko aurrekontuak egiteko, joan den abenduko zentsura-mozioa gauzatzeko eta gobernu-talde berria eratzeko lortutako akordioak jarri dira mahai gainean. EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekin taldearen arteko gobernu itunaren jarduera ildoek 60 proposamen zehatz jasotzen dituzte, lau ardatz nagusitan banatuta: berdintasuna, bizikidetza, aniztasuna eta zaintza sustatzeko neurriak; etxebizitza sozialerako, kultur ekipamenduetarako eta kalitatezko espazio publikorako proposamenak; energia-trantsizioaren, mugikortasun jasangarriaren eta hiriaren birnaturalizazioaren arloko jarduerak, eta Auzoetan jarduteko Plan bat, auzo bakoitzean egin beharreko inbertsioak edo jarduteko lehentasunak bilduko dituena, Erripagaña ere barne hartuta.
Bere garaian PSNrekin egindako akordioak hainbat jarduera jaso zituen, hala nola, Iruñeko I. Bizikidetza Plana bultzatzea, Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan; indarkeria matxistaren aurkako borroka bultzatzea, Udalaren eta egituratu zitezkeen gune-herritarren bidez; eta hiri seguru, justu, baketsu eta inklusibo baten aldeko apustua, eraso sexistarik edo homofoborik gabea. Bigarren ardatzak hiria hobetzeko proiektuak bultzatzen ditu, besteak beste, Sarasate pasealekuaren berrurbanizazioa, Etxebizitza Eskuragarriko Udal Plana –dagoeneko aurkeztu dena–, Pio XII.eko korridore jasangarria edo Erripagaña auzoaren beharretarako irtenbide bat.
Iruña pilotaren munduko hiriburu gisa aitortzea da udal-gobernuaren ekintzaren plangintzan sartuko den lehentasunezko beste gaietako bat.
Alkatearen balorazioa
Iruñeko alkateak, bera izan da lehen bilera honen buru, lehen kontaktu-hartzea egin ondoren, nabarmendu du bertaratutako taldeen artean “oso jarrera ona ikusi duela” “ezberdinen arteko elkar ulertze batera iristeko, iruindarren bizitza hobetzeko helburu partekatuan”.
Horrela, bileraren emaitza baloratu du. Izan ere, bere ustez, “adostasunezko aurrekontuak izatea espero dugun horien oinarriak ezarri dira”, “orekatu, hedakor eta anbiziotsuak izan nahi duten, eta gizarte-gastua eta hiri-proiektu handiak bultzatzea lehenetsiko duten” kontuak izan daitezen. Zehazki, azken horien artean, Sarasate pasealekuko esku-hartzea eta Etxebizitza Eskuragarriko Udal Planaren garapena azpimarratu ditu.
Hilabete eta 10 egun aurrekontuak izapidetzeko
Aurrekontuen negoziazio horretarako aurreikusitako egutegian, otsailaren 25era arteko bilera-epe bat ezarri da. Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldearekin egin den bilera horretaz gain, gonbidapenak bidali zaizkie UPNko eta PPko udal-taldeei, alde biko bilerak egiteko, aurreproiektua hobetzeko aukera aztertzeko eta aho batez babestutako aurrekontu adostu bihurtzeko. Bilera horiek datorren astetik aurrera eginen lirateke, aldeek adostutako egunetan.
Otsaileko azken astean, ziurrenik hilaren 26an (astelehena), aurrekontuaren zirriborroa aurkeztuko litzateke, Udaleko kontu-hartzailetzak azter dezan. Martxoan, hilaren 11 inguruan, proiektua Tokiko Gobernu Batzarrean onetsi eta aurkezpen publikoa eginen litzateke. Ondoren, martxoaren 12tik 26ra bitartean, informazio-batzordeetan aztertu eta eztabaidatuko litzateke, alor bakoitzeko lan-ildoak eta inbertsioak azalduz. Azkenik, aurreikusten da Iruñeko Udalaren 2024rako aurrekontua Osoko Bilkura berezi batean onartuko dela, martxoaren 27an (asteazkena).