Gaixoa Niak aurten 2024ko sanferminetako Txupinazoa jaurtitzeko zazpi hautagaiak izanen ditu protagonista. Hautagaitza bakoitzeko ordezkariak Udaletxeko balkoira aterako dira gauerdian aurtengo jaiei agur esan eta 2025eko sanferminetarako atzera-kontaketari hasiera emateko. Zazpi hautagaitzek testu bat adostuko dute euskaraz eta gaztelaniaz irakurtzeko Udaletxe plazan biltzen diren pertsonen aurrean.
Honako hauen ordezkariak aterako dira Udaletxeko balkoira: Duguna Iruñeko Dantzariak taldea, Desgaitasuna duten emakumeen Nafarroako Elkartea (AMUDISNA), San Juan de Dios ospitalea (Iruña-Tutera), Fraile Anai-arrebak gaiteroak eta Nafarroako Pilota Federazioa; aurtengo Txupinazoa nork jaurtiko zuen aukeratzeko herri bozketan parte hartu zuten bost hautagaitzak. Horiei Ortzadar eta Mariví Esparza Mugueta gehituko zaizkie, Sanferminetako Mahaian 2024ko Txupinazoa jaurtitzeko hautaketan boto nahikoa lortu ez zuten beste bi hautagaitzak izan baitziren.
Gaixoa Nia aurtengo sanferminetako azken ekitaldia izanen da eta uztailaren 6an abiatu ziren etenik gabeko 204 orduko festei amaiera emanen dio. Zazpi hautagaien mezuaren eta Udaletxe plazan bertan egonen den Gauerdi txarangarekin batera “Pobre de Mí, Pobre de Mí, que se han acabado las fiestas de San Fermín” eta “1 de enero, 2 de febrero, 3 de marzo…”ohiko abestiak abestu ondoren, Burgoen plazatik jaurtiko den traka batek emanen die amaiera 2024ko sanferminei.