Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du Iruñeko Udalaren 2024rako aurrekontu-proiektua, zeinak, azken kontabilitate-doikuntzen ondoren, 266.909.922,79 euro joko baitu. Zenbateko horretatik, 29,5 milioi euro proiektu berrietako edo gauzatzen ari diren proiektuetako 70 partida baino gehiago dituzten inbertsioetara bideratuko dira, eta maiatzean beste 35 milioi, gehituko zaizkio partida horri, aurreko urteetako soberakinetatik datozenak.
Hala nabarmendu du Joseba Asiron Iruñeko alkateak, udal-gobernuko zinegotzi ordezkari eta bereziekin batera aurrekontuak eta ildo estrategikoak aurkezteko egindako agerraldian. Bere hitzaldian, alkateak azpimarratu duenez, aurrekontu proiektu hau “asmo handikoa, ilusionagarria eta oso ondo eraikia da, eta hiri eredu berri bat bultzatzeko ezarri ditugun lan ildoak islatzen ditu: gastu soziala indartzea; hiri proiektu handiak bultzatzea; bizikidetzaren hiria finkatzea eta auzoen eta hiri finkatuaren hobekuntza sostengatzea”.
Berdintasunaren aldeko politiken defentsa, mugikortasun jasangarria, trantsizio energetikoa, sustapen ekonomikoa, kanpo-proiekzioa eta kultura eta parte-hartzea dira, euskararen aitorpenarekin batera, Asironek nabarmendu dituen funtsezko beste ardatzetako batzuk. “Eta, ez dut ahaztu nahi, hauek etxebizitza eskuragarria bultzatzeko eta Iruña maila horretan ere erreferente bihurtzeko oinarriak ezarriko dituzten kontuak izanen dira ”, erantsi du.
29,5 milioiko inbertsioa hasieran
Inbertsioei dagokienez, alkateak, batez ere, legegintzaldi honetako hiri-proiektu handiak bultzatuko dituzten funtsezko partidak azpimarratu ditu: 130.000 euro, Sanduzelaiko biribilguneko eta inguruko ideia-lehiaketarako; 300.000 euro, Pio XII.a amaitzeko; 220.000 euro, Sarasate pasealekuko proiekturako; 150.000 euro, Erripagañako Civivoxaren proiektua idazteko, eta 150.000, euro Pilotaren Interpretazio Zentrorako, Iruña kirol horren munduko hiriburu izan dadin. Hemen sartuko lirateke, halaber, Emakumeen Etxearen proiekturako 150.000 euro eta fusilatuen panteoirako 300.000 euro.
Aurrekontuek dagoeneko hasita dauden proiektuetarako partidak ere jasotzen dituzte, hala nola Zabalguneko Civivoxerako, Buztintxuriko kiroldegirako (bien artean 8 milioi inguru egiten dituzte martxoa eta maiatza bitartean) eta Landabengo eta Belosoko bidegorrietarako (1,2 milioi). Era berean, eta Asironek nabarmendu duenez, “aldaketaren gobernuaren proiektu enblematikoekin” jarraitzeko partidak jasotzen dituzte. Horien artean Txantrea Hegoaldeko Parkea (2,2 milioi), Haur Eskolak birgaitzeko programa (aurten Donibane izanen du ardatz, 1,91 milioiko inbertsioarekin), tokiko merkataritza indartzea (1,4 milioi) eta disuasio-aparkalekuak bultzatzea (ia 850.000 euro) nabarmendu ditu.
Aurrekontu-proiektuko hirugarren inbertsio bloke gisa, alkateak azpimarratu du birgaitzeko laguntzen aldeko “apustu irmoa” egin dela (3,6 milioi euro oraingo aurrekontua eta maiatzeko gerakinak batuta), Etxebizitza Plana bultzatuko dela (2 milioi) eta hiria txukuntzeko lanak indartuko direla (ia 3 milioi auzo guztiak asfaltatzeko eta argiztatzeko, martxoa eta maiatza bitartean). Zerrenda horretan daude ere Tokiko Azpiegitura Plana, 1.870.000 euro; San Pedro Multzoko etxebizitzak birgaitzea, Open Lab proiektuari lotuta (1.256.536,71 euro), eta RUNA 2025 proiektuaren 1.156.114,98 euroak, Next Generation EU funtsekin finantzatuak, hiriko ibaien ingurunea birnaturalizatzeko.
35 milioi gehiago maiatzetik aurrera inbertitzeko
Inbertsioen lehen bloke hori bigarren pakete batekin osatuko da, zeina maiatzean onartuko baita, aurreko ekitaldietako diruzaintzako gerakinei lotuta. Orduan 35 milioi euro gehiago batzea aurreikusten da, 64,5 milioira iritsi arte.
Arestian aipatutakoez gain (Zabalguneko Civivoxa, Buztintxuriko kiroldegia, Etxebizitza Plana, birgaitzeko laguntzak edo asfaltatzeko eta argiztatzeko planak), soberakin horiek inbertsio berriak bultzatzeko ere balioko dute: haur-eskoletako esku-hartzeak (512.000 euro), ikastetxeak mantentzeko partida (ia milioi erdi euro), kirol-instalazioetako inbertsioak (760.000 euro, Labrit pilotalekuko obrak barne), Udaltzaingorako ibilgailu elektrikoak erostea (300.000 euro) eta hiri-baratzeen plana (125.000 euro Santa Maria la Real, Buztintxuri eta Iturramakoetarako).
Aparteko aipamena merezi dute aurrekontuaren % 0,7 garapenerako laguntzetara bideratzeko helburua betetzeko 300.000 euroko partidak, eta Alde Zaharreko Auzo Unitatea birmoldatzeko 250.000 eurokoak. Sorta horretan, birmoldaketa digitalaren arloko inbertsioak ere aurreikusten dira, 750.000 eurotik gorakoak, eta, orain aurreikusitako 1,25 milioiei gehituta, 2024an gastu teknologikoa 2 milioira igoko da.
100 eurotik 40,41 gastu sozialera bideratuko dira
Alkateak bere parte-hartzean nabarmendu du 2024an Udalak gastatuko dituen 100 eurotik 40,41 gastu sozialera bideratuko direla, eta bertan, Gizarte Ekintzako zenbatekoa ez ezik, etxebizitzara, Haur Eskoletara edo kultura eta kirol sustapenera bideratutako partidak ere sartuko direla. Bestalde, 100 eurotik 19,14 “hiri finkatua hobetzeko eta etorkizuneko hiria bultzatzeko erabiliko dira, eta hor sartuko dira auzoetako planetarako zenbatekoak, inbertsioen amaiera eta hiri-proiektu handien prestaketa”. Azkenik, 100 eurotik 17,07 erabiliko dira bizikidetzaren hiriaren oinarriak ezartzeko, Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorraren bidez.
Alorren arabera, Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorra (52.834.723,97 euro) eta Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzakoa (45.561.893,60 euro) nabarmentzen dira. Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorrak 43.844.666,85 euroko hasierako kontsignazioa du; Giza Baliabidetakoak, 35.106.549,06 eurokoa, eta Gizarte Ekintzakoak, 28.287.685,78 eurokoa. Ondoren beste hauek datoz: Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako Alorra (16.183.807,10 euro), Ogasun eta Kontratazio Publikokoa (14.210.528 euro), Gerentzia eta Aholkularitza Juridikoa (9.301.448 euro), Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako Alorra (7.368.221,52 euro), Proiektu Estrategikoetako eta Mugikortasuneko Alorra (7.267.064,55 euro), Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako Alorra (5.660.159,36 euro) eta, azkenik, Alkatetza (1.283.175 euro).
Gastuari dagokionez, hiriko langileen eta funtzionamenduaren kostuen batura aurrekontuaren % 75,4 da. 112.700.000 euro aurreikusi dira langileriarako eta 88.669.318,93 euro, gastu arrunterako.
Beste administrazio batzuen transferentziak, diru-iturri nagusia
Diru-sarreren gainean, zuzeneko zergen bidez 58.518.000 euro biltzea espero da, eta zeharkako zergetan, 9.500.000 euro; hau da, guztizkoaren % 21,9 eta % 3,56, hurrenez hurren. Udal-instalazioak eta zerbitzuak erabiltzeko tasek eta prezio publikoek 39.976.538 euroko diru-sarrerak eraginen dituzte, aurreikusitako diru-sarrera guztien ia % 15.
Hala ere, Udalaren diru-sarreren iturri nagusia Udalak beste administrazio batzuetatik edo funts publikoetatik jasotzen dituen transferentzia arruntak izanen dira, batez ere Nafarroako Gobernutik eta Europako Next Generation funtsetatik jasotakoak. 2024rako aurreikusitako zenbatekoa 124.337.860 eurokoa da, guztizkoaren % 46,58. Halaber, aurreikuspenen arabera, 15.717.472,79 euro bilduko dira lursailak edo ondasun higiezinak eskualdatu edo saltzeagatik; 4.755.100 euro, ondare-sarrerengatik, eta 5.737.452 euro, kapital-transferentziengatik. Azkenik, 7.991.500 euroko diru-sarrerak islatzen dira inbertsioak finantzatzeko maileguen ondoriozko pasibo finantzarioengatik, eta 376.000 eurokoak, ekintza finantzarioetan, hainbat eragiketa finantzario egiteagatik.
Osoko Bilkuraren onespena, azkenean, martxoaren 27an
Gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrean proiektua onartu eta jendaurrean aurkeztu ondoren, aste honetan bertan, martxoaren 14an eta 15ean, informazio-batzordeetarako deia eginen da proiektua aztertzeko eta eztabaidatzeko.
Aurreikuspenen arabera, martxoaren 26an, asteartean, onetsiko dira batzordeen irizpenak, eta, ondoren, Osoko Bilkurara pasatuko dira, behin betiko onartzeko. Ezohiko izaera izanen duen Udalaren Osoko Bilkura hori martxoaren 27rako (asteazkena) aurreikusita dago.